Pilota. Binakako Txapelketako finala. Beñat Rezusta. Aspeko pilotaria

«Orain atzelariok badugu zeresana txapelketan»

«Galtzeak min ematen dit», esaldia ez da arraro egiten Beñat Rezustaren ezpainetan, txapelketako haren jarduna ikusgarria baita. Igandean, binakako laugarren finala jokatuko du jarraian, eta, iaz ez bezala, konfiantzaz da.

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Dagoeneko Beñat Rezustak (Bergara, Gipuzkoa, 1993) ondo ezagutzen ditu finalaren aurreko errutinak, eta lasai dago. «Gauzak nola diren jakiteak mesede egiten du». Zer dira gauzak? «Elkarrizketak, sarrerak banatu, adiskide eta anaiaren laguntzarekin...». Dioenez, ez du irrika berezirik; hain gustura ari da entrenatzen, itxaronaldia ez baitzaio luze egiten. Egoerak zerikusi gutxi du iazkoarekin, eskuetako minez iritsi baitzen finalera.

Finala jokatzea dagoeneko errutina kontua da zuretzat.

Ez, ez da errutina [barrez]. Lau zenbaki handia da, eta nahiz eta jarraian izan, urtean egun bakarra da, eta horretara ez dago ohitzerik. Lau dira, ez hogei.

Lau final jarraian ez dira kasualitatea, zerbait esan nahi du.

Asko dira, ez dut ezetzik esango. Nik ondo prestatzen dut neure burua, eta borrokatu egiten dut partidetan, baina besteek ere egiten dute hori. Ez da kasualitatea, baina zorte pixka bat ere behar da. Iaz, esaterako, finalerdietan, hanka bat kanpoan izan genuen. Aurten, berriz, azken partidan sailkatu gara.

Zu harrituta al zaude? Oso gutxi dira lau final jarraian jokaturiko pilotariak.

Bai. Debutatu nuenean inoiz ez nuen halakorik espero.

Azken lau binakako txapelketetan jokaturiko partiden %80 irabazi dituzu, eta ia 80 izan dira. Batezbesteko harrigarria da.

Nik jokaturiko partida guztiak apuntatzen ditut, irabazi edo galdu. Eta bai, txapelketako zenbakiak oso onak dira, urte osokoak baino hobeak.

Urteko zure batezbestekoa zenbatekoa da?

Ez nago seguru, hanka sartzeko arriskua dut. Uste dut %60tik gorakoa dela, baino ez nago ziur.

Txapelketan hobeto jardutea izaera lehiakorraren zantzua da?

Lehiakorra naiz, baina ez txapelketan bakarrik. Uste dut nabaritzen zaidala udan ere partida guztietan nire onena ematen dudala.

Galtzeak min handia ematen dizu oraindik?

Bai. Eta hemendik urte batzuetara galdetzen badidazu, ere bai, berdin dio txapelketakoa izan edo ez. Beti esaten da: partida ona eginez gero, ondo; baina irabazita, hobeto.

Nolakoa da final bat galtzea?

Bada aldea ondo jokatu edo ez. Irujorekin jokatu nuena bukatu zen bezala bukatu zen [Irujok hatza hautsi zuen, eta partida bertan behera utzi zuen], eta, nahiz eta galdu, ordura arteko mailarekin gustura gelditu nintzen. Iaz, aldiz, Danelekin [Elezkano II.a], ez nintzen gustura geratu. Ez nuen partida onik egin, eta egun hartan pena handia hartu nuen. Jende asko nuen begira, eta partida txarra izan zen.

Zaleek maila jakin bat espero dute zugandik. Estatus bat duzu.

Ez dakit. Exijentzia maila bat sumatzen dut, baina inork ez dit eskatuko nik neure buruari eskatzen diodana baino gehiago. Autokritikoa naizela uste dut; zerbait gaizki ikustean, ni naiz hori konpontzen saiatzen den aurrenekoa, besteei begira egon gabe. Zorionez, laguntzeko prest dagoen jendea dut alboan, eta eskertu egiten dut.

Binakako Txapelketa al da urteko azterketa?

Azterketa ez dakit, baina garrantzi handia du, batez ere atzelariontzat. Guretzat oso zaila da buruz burukoa eta lau eta erdikoa. Atzelariok binakakoan ditugu aukerak, eta udara begira ere garrantzi handia du binakakoan ondo aritzeak.

Azken urteetan atzelariek ezarri duzue Binakako Txapelketaren erritmoa. Garai batean ere hala gertatzen zen.

Kontua da Olaizola II.a eta Irujo egon zirela, eta haiek aldatu zutela joera. Haiek bai, haiek ezartzen zuten erritmoa, bai binaka eta baita pilotan orokorrean ere. Olaizola II.a oraindik hor dago, baina min hartuta dago, eta aurrelari oso onak daude. Baina orain atzelariok badugu zeresana binakakoan. Zabaleta, Albisu, Mariezkurrena... Uste dut txapelketa honetan atzelari batzuk nabarmendu egin direla, ikusi dela aldea.

Egungo Rezusta lehen finala jokatu zuen hura baino askoz hobea al da?

Gauzak ikasiz noa, eta egoten dira uneak. Partidak jokatuta ikasten da, eta, ordutik asko jokatu ditudanez, hortik dator garapena. Huts gutxiago egiten ditut, eta uste dut justu antzean nagoenean partidei hobeto eusten diedala. Eskuina ere hobetu dut, partidetan erabili ez arren.

Ia pilotakada guztiak ezkerrarekin jotzen dituzu. Esku hori bereziki zaintzen al duzu?

Noski. Min pixka bat badut, masajistarenera noa, neronek ere ematen diot masajea, ukenduak erabiltzen ditut eta izotza. Jarrerak lantzea ere eskua babesteko modu bat da. Pilotari ondo ematen badiozu, zailagoa da eskuan sartzea. Jarrera desegokia bada, eskuan hartzen den kolpea txarragoa da.

Zuk beti esan izan duzu pilota lanbidea dela zuretzat.

Bai, baina gustura egiten dut. Nire eguneko lana, jardun nagusia hori da: neure burua zaindu; entrenatu; eskua justu badago, masajea hartu... Dena horretara begira doa. Pilota mundua hobeto ezagutzen ari naiz. Lehen, dena berria zen, eta orain, ezagutza horrek lagundu egiten dit.

Zer moduz Elezkanorekin? Iaz faboritoen artean egon gabe finalera iritsi zineten, eta aurten, hura kasualitatea ez zela izan erakutsi duzue.

Danelekin oso gustura nabil. Iaz elkarrekin aritu ginen; udan ere partida mordoa jokatu genituen; aurtengo txapelketan ere bai, eta entrenamendu mordoa egin ditugu elkarrekin. Harreman oso ona dugu, aste barruan asko hitz egiten dugu. Familiako kide askorekin baino denbora gehiago egiten dugu elkarrekin, eta tratua oso ona da.

Zeinek agintzen du bikotean?

Ez dago hierarkiarik. Berak zerbait hobetu dezakeela uste badut, esan egiten diot, eta berak hala uste badu, niri ere esateko eskatzen diot.

Ia beti ondo kokatuak zaudete kantxan. Arlo hori prestatu egiten al duzue?

Xehetasunen bat bai. Adibidez, sakea aldatu behar duzu aurkariaren arabera, bolea ona badu, ez... Xehetasun horiek kontuan hartu behar dira, edo aurkariaren arabera kokapena aldatu. Baina askotan gauzak partidan bertan aldatu behar izaten dira.

Elezkanok beste aurrelari batzuek baino sona txikiagoa du. Horrek laguntzen al dizue?

Ez dakit. Danel bere maila zein den erakusten ari da. Iaz binaka zein buruz buru bikain aritu zen, uda osoan erregularra izan zen eta aurtengo txapelketan berriz ere ondo dabil. Partida txar oso gutxi egiten ditu urtean. Hobeto edo okerrago errematatuko du, baina gaizki oso gutxitan jokatzen du. Hura beti dago lanerako, defendatzen... Ez dakit sona handia duen ala ez, baina jokoa, behintzat, batzuek pentsatzen dutena baino gehiago du.

Ligaxkaren amaieran eta finalerdien hasieran bazirudien pixka bat beheraka zindoazela, eta, hala ere, azken partida izan da txapelketako onena. Lasaitasuna ematen dizue horrek?

Konfiantza eman digu, eta garrantzitsua da. Dena jokoan genuen egunean partida ona egin izana bi aste hauetarako bultzada da. Nik ez nuen uste txakalaldia izan genuenik. Finalerdietako lehen partida ona egin genuen, eta bigarrenean, Bilbon, Irribarria eta Rezusta gu baino askoz gehiago izan ziren. Orduan ere ez ginen lotsagarri geratu, baina haiek gehiago izan ziren, eta pixka bat ernegatuta bukatu genuen. Baina ez dut desastre bat egin izanaren sentipenik.

Iaz justu iritsi zineten finalera. Aurten hori eragotzi duzue?

Hobeto helduko gara aurten. Iazko finalerdietan justu ibili nintzen eskuetatik. Partida bat utzi behar izan nuen, eta partida batetik bestera entrenatu ezinda ibili nintzen. Eta, hala ere, lortu genuen finala jokatzea. Aurten, aldiz, dezente ari naiz entrenatzen pilotalekuan, eta nabaritu egiten da.

Duela bi aste 22-12 galdu zenuten Irribarria-Zabaletaren aurka Bilbon. Aurrekari horrek faborito bihurtu ditu.

Oso normala da eurak faborito izatea, finalerdietako bikoterik onena izan dira. Jendeak esaten du galdutako partidei ez zaiela bueltarik eman behar, bada, nik buelta bat edo beste eman diot. Galdu edo gaizki jokatu baduzu, zertan kale egin pentsatu eta zuzendu egin behar duzu. Partida guztiak ezberdinak dira, eta beraiek egun hartan ere asko jo zuten, eta gutxi galdu. Espero dut partida ezberdina izatea.

Ikusi al duzu bideoa?

Ez, eta ez dut ikusiko. Ez dut ohiturarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.