Miren Urbieta-Vega. Sopranoa

«Musikaria kontsideratzen naiz lehenbizi, eta, gero, abeslaria»

Umetatik argi zuen Urbieta-Vegak musika munduan aritu nahi zuela, eta aitortu du operak «pasioa» eragiten diola. Bere ibilbidea «errusiar mendi bat bezalakoa» izaten ari dela dio.

MAIALEN ANDRES/FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Diziplina asko elkartzen dituen arte bat da opera, eta hala definitu du Miren Urbieta-Vega sopranoak (Donostia, 1983): «Koadro bat da, baina bizirik dagoena, antzezten dugulako, eta, gainera, zuzeneko musika duelako». Ibilbide oparoa du abeslariak, «gustura» dago, baina aitortu du nazioartera jauzi egitea duela amets; horretarako lanean segituko du.

Zuretzat zer da opera? Zer sorrarazten dizu?

Pasioa eragiten dit. Txikia nintzenetik mugitzen nau musikak, eta musikako diziplina asko probatu ditut. Orokorrean, musika egitea gustatzen zait. Musikaria kontsideratzen naiz lehenbizi, eta, gero, abeslaria edo sopranoa. Opera pasionala iruditzen zait, nahiz eta saiatzen naizen momentuko emozioek niri asko ez eragiten. Gauza pila batean pentsatu behar dugu aldi berean, eta momentuan kontzentrazio oso handia behar da. Baina egia da abesten ari zarenean ere igartzen duzula publikoari zerbait eskaintzen ari zarela, eta horrek ere sortzen du pasio moduko bat. Bi puntuak daude; oreka bat bilatu behar da.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Koruen mundutik, esango nuke. Txikitatik argi izan dut musika nahi nuela nire bizitzan, baina egia da kostatu egin zitzaidala musikaren barruan nire tokia aurkitzea. Oso mundu zabala da, eta gauza asko egin daitezke; toki askotatik pasatu naiz: instrumentuak ikasi ditut, musika-irakasle ikasketak egin ditut, zuzendaritzan ere aritu naiz, musika terapia ere probatu nuen... Ez dakit oso ondo nola, baina uste dut koruen munduak lagundu zidala nire ibilbidea abeslari solista izatera bideratzen.

Eta afizioa ofizio bihurtu zenuen.

Bai. Agian abeslari izatea nire azken aukera zen. Oso lotsatia nintzen, eta ez nuen neure burua ikusten jendearen aurrean bakarrik kantatzen. Baina nire auzoko abesbatzatik atera, eta ikastaroak egiten hasi nintzen, beste abesbatzetako jendea ezagutu nuen, eta mundu bat ireki zitzaidan.

Ibilbide oparoa duzu soprano moduan. Nolakoa izaten ari da bidea?

Errusiar mendi bat bezalakoa [barrez]. Oso pozik nago nire ibilbidearekin. Esango nuke motela eta aldi berean oso azkarra izan dela. Gure profesioan, bat-batean, bi hilabeteko lan intentsiboa duzu beste hiri batean, eta gero etxera itzultzen zara, eta agian beste lau hilabete ematen dituzu lanik egin gabe; bueno, kontratatuta egon gabe. Hala ere, beti saiatu behar duzu goranzko joera izaten: geroz eta ziklo garrantzitsuagoetan aritzen, geroz eta antzoki garrantzitsuagoetan... Oraintxe nabil ea nazioarteko mundura jauzi hori ematen dudan. Askotan, kanpoan lan egiteak plus moduko bat esan nahi du zure ibilbidean; errekonozimendua ematen du. Espainian oso ondo nabil. Agenda ere, 2024ra arte-edo, beteta daukat. Gainera, nire ibilbidea ez da operan bakarrik zentratu, pianoarekin kontzertuak ere ematen ditut, besteak beste. Saiatzen naiz apur bat dena uztartzen.

Zer nabarmenduko zenuke zure ibilbidetik?

Hiru kontu: lehenbizi, nire lehendabiziko lana. Donostian izan zen. 2009ko ekainean bukatu nituen goi mailako ikasketak, eta 2009ko abenduan egin nuen nire lehendabiziko zarzuela, Jesus Guridiren El Caserio. Ibilbidean gehien antzeztu dudan pertsonaia izan da, eta oroitzapen politak ekartzen dizkit. Bigarrena, OLBEn 2014an egin nuen debuta; nire lehen lan luzea, serioa, izan zen, lehen kontratua antzoki handi batean. Eta gero, Madrilgo Teatro Realeko debuta ere aipatuko nuke, 2018an. Ezustean izan zen.

Eta orain, beste urrats bat gehiago egitea gustatuko litzaizuke?

Uste dut momentu honetan ametsik gertukoena nazioarteko jauzi hori ematea dela. Baina benetako ametsa honetaz bizitzea eta disfrutatzea da.

Zer zailtasun, hutsune edo kezka sumatu dituzu bidean?

Asko. Batetik, ibilbideak berak dituen irregulartasunak eta ekartzen duen presio edo tentsioa. Ez daukazu hilabetean soldata bat, eta beti zaude proban, presiopean. Uste dut ibilbide honek duen alderik negatiboena hori izan daitekeela. Lan handia egin behar da egunero; diziplina izan behar da, eta jarraipen bat. Nahiz eta lan irregular bat izan, zuk oso erregularra izan behar duzu. Eta uste dut ikasketak egiten dituzunean ez zaituztela asko prestatzen horretarako; diziplina teknikoan zentratzen dira.

Opera oraindik zerbait elitista moduan ikusten da?

Baietz esango nuke, eta badaude zenbait klixe: ondo kantatzeko potolo egon behar da? Galdera hori askotan egin didate... Gainera, uste dut gaur egun eskolan haurrei ez zaiela hitz egiten kulturaren eta artearen inguruan, hezkuntzan ez diogu garrantzirik ematen, baina inportantea da ezjakintasun hori ez egotea. Ez ditzagun eduki gazte pila bat galdetzen dutenak zer den operaren kontu hori. Testuinguruan jarri gabe azaltzen da opera, eta, agian, hasieratik beste pelikula bat kontatu behar diegu. Ikustera joan daitezela, beldurrik gabe. Gero ez bazaizu gustatzen, ez da ezer gertatzen. Baina beti diot: zinemara joaten bazara eta pelikula itsusi bat ikusten baduzu, ez duzu esaten ez zarela zinemara bueltatuko. Operan ere mentalitate hori falta zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.