Belgikak lehen aldiz lortu du Europako txapeldun izatea. Lehendabiziko finala eta lehendabiziko garaikurra. Ezin da gehiago eskatu. Emakumezkoen Europako Txapelketa amaitu eta gero, agur esan diogu saskibaloiari. Atseden hartzeko denbora ere beharrezkoa da, horrela gogo handiagoarekin hartuko baitugu datorren denboraldia. Gehiegikeriak, edozein arlotan, ez dira inoiz onak.
Zalantzak. Hori bai, saskibaloia zuzenean ikusi ezin izanak asmakizunetarako leihoa zabaltzen du. Zurrumurruen garaia hasten da, albistea ematen lehenengoa izateko lehia. Nahiz eta batzuetan sanjoanetako kea besterik ez izan. Esklusiba emateko lehia dago, berdin dio albistean esan beharrekoak. Horiek ere elikatzen dituzte agenteek, haien interesen alde betiere. Azken batean hedabideak presioa eragiteko beste modu bat dira negoziazioetan. Are gehiago, gero, zaleen erantzuna ikusten denean. Adibidez, bazirudien Joan Peñarroyak hanka eta erdi zeukala Buesa Arenatik kanpo, baina beste urte batez jarraituko du Baskonian. Bere helburua bete du, Buesa Arena betetzea. Baina ez, ordea, bulegoetakoa. Hor egon da zalantza, eta zuzendariek zalantza gutxi izango dituzte datorren sasoian emaitzak esperotakoak izaten ez badira. Normalean baino zalantza gutxiago esan nahi dut, berez zalantza gutxi izaten baitira.
Merkatuak. Akaso, emakumezkoen WNBA dugu oraindik ikusteko. Baina gero eta begi gutxiago daude bertara begira. Emakumezkoen ligako taldeak bestelako jokalariei begira daude. Orain, denboraldia hasten dutenerako Estatu Batuetan egon behar dute; beraz, arriskua dago txapelketa amaitu baino lehen jokalariek alde egiteko. Aurten, adibidez, Perfumerias Avenidari gertatu zaio. Michaela Onyenwerek ez zuen Valencia Basketen aurkako finala jokatu, tokia lortu nahi baitzuen munduko saskibaloi ligarik onenean. Hain zuzen ere, jokalaririk onenetako gutxi batzuk aritzen dira emakumezkoen ligan; horregatik, toki bat eta kontratu bat irabazi behar dute, eta horretarako funtsezkoa da hasieratik entrenamenduetan egotea, entrenatzailearen oniritzia lortzeko.
Kirol zuzendariek bestelako jokalariak aurkitu behar dituzte, eta, orain, unibertsitateetako ligetara begira jarri dira. Horrek ere arriskua dakar, askorentzat Europako lehendabiziko esperientzia izango baita; akaso bigarrena. Aldaketa handia da, eta oso gazteak dira. Era berean, taldeetan berebiziko garrantzia dute estatubatuarrek, bi toki baitaude bakarrik talde bakoitzean. Erabakigarriak izan behar duten jokalariak dira. Hein handi batean, haiek ezarriko dute taldearen maila sailkapenean. Gero eta jokalari gehiago dira Hego eta Erdialdeko Ameriketako ligetan aritzen direnak, Mexikon batez ere. Han egon da, esate baterako, Lara Gonzalez azken urteetan. Arakatzeko beste merkatu bat da, eta erreferentzia moduan oso ona izan daiteke.
Erreferente. Estatu Batuetara begira ari dira orain gazteenak, baina beste modu batera ari dira asko. Kontrako bidea egin nahi dute, amets amerikar hori bete, erreferente dira. Saskibaloi sasoia amaitu bada ere, harrobiko jokalarien txapelketak jartzen dira martxan. Horiek eta modan dauden hiruko saskibaloiko txapelketak. Harrobiko taldeetan ere jarri nahi izan dituzte, lehenengo kluben arteko txapelketarekin eta orain selekzioaren artekoarekin. Luzerako etorri den formatua da, eta pozgarria da. Kaleko saskibaloia da, azken batean, denok jokatu duguna. Buruz buruko jokaldiek agintzen dute diziplina horretan, hau da, talentuak.
Hauek Europa osoan jokatzen dira, asko dira kluben eta selekzioen zirkuituan dauden jokalariak. Gazteenek Europako eta Munduko Txapelketak dituzte, bost bosten aurka. Hauek, berriz, gero eta indibidualagoak dira; erakusleihoak dira, azken batean. Uda honetan 19 urtez azpiko Munduko Txapelketak jokatuko dira. Mutilena dagoeneko hasi da, Hungarian, eta neskena Madrilek hartuko du, uztailaren 15etik 23ra. Aukera ona izan daiteke etorkizuneko izarrak ikusteko. Eta era berean, saskibaloi apur bat ikusteko aukera ezin hobea. Pixka bat bada ere, guztiz uztea ezinezkoa baita. Nik ezin dut behintzat. Hori bai, askotan pixka bat es mucho.

HIRUKOTIK
'Pixka bat es mucho'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu