Kaleak haienak ere badira

29 urte bete dira Masa Kritikoa mundu osoko mugimendua sortu zenetik. Bizikletan dabiltzanentzat errespetua eskatzen dute, eta hirietan bestelako mugikortasun politikak bultzatzea. Iruñean, Gasteizen eta Bilbon hilero elkartzen dira, besta giroan bizikletekin itzulia emateko.

Argiduak, musika, bizikleta altuak eta patinak, ostiraleko Masa Kritikoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun

Hileko hondarreko ostiraletan mugimendua egoten da Iruñean. 20:00etan, Gazteluko plazan, jendea biltzen hasi da. Askotariko jendea da, baina badute zerbait komunean: bizikleta. Denak agertu dira gurpilen gainean ibiltzeko prest; Masa Kritikoa da. Halako batean, Reimy DJa agertu da bere bizikleta musikatuarekin; beste batzuek altuera handiko bizikletak ekarri dituzte, edo orgadunak. Musika eta argiak, nonahi. Bat-bateko besta bat da, protesta bat ere bai. Bizikleta aldarrikatzen dute, mugikortasun iraunkorra, eta kaleak haienak ere badirela.

Errespetua da mundu osoko hiri askotan antolatzen diren Masa Kritikoek eskatzen dutena: errespetua eta elkarbizitza autoen, bizikleten eta oinezkoen artean. Duela 29 urte abiatu zen mugimendu hori, AEBetako San Frantziskon. 1992ko irailaren 25a zen, eta 50 lagun bildu zituen. Bizikletarekin itzuli bat eman ondoren, Ted Whiten The return of the scorcher dokumentala ikusi zuten bizikleta denda batean.

Horrek eman zion izena hurrengo martxari: dokumentalean, George Bliss diseinatzaileak kontatzen zuen Txinan bidegurutzeetan ez zegoela arau argirik; beraz, txirrindulariak, banaka pasatu beharrean, zain geratzen ziren, txirrindulari gehiago agertu arte. Masa kritiko bat osatzean gurutzatzen zuten errepidea, taldeak ematen duen segurtasunaren gerizpean.

Mundu osora zabaldutako hitzordua da Masa Kritikoa. Euskal Herrian Iruñean, Gasteizen eta Bilbon egiten da egun. Gorabeherak dituen hitzordua da, Euskal Herrian 2000ko hamarkadan abiatu zena. Iruñekoa da oraintxe bertan handiena: joan den ostiralean 350 lagun bildu zituen, eta hazi eta hazi ari da azkenengo bi urteetan.

Argiak, musika, biziketa altuak eta patinak, Iruñeko ostiraleko Masa Kritikoan. Iñigo Uriz / Foku

Xabier Apestegia Reimy, David Reloba Txino, Ismael Castillo eta Alex Agreda Iruñeko Arrotxapea auzoko tailer batean bildu dira. Bizikletak daude nonahi: batek gurdi bat du atzean jendea eramateko; besteak, argiak... Txirringudariak taldeko kideak dira, eta haiek bultzatu dute Masa Kritikoa 2019az geroztik. Aurretik ere izan ziren halako hitzorduak Iruñean, 2003tik 2013ra bitartean, batez ere talde ekologistek bultzatuta; 8-80 plataformak, adibidez.

«Iruñeko bestak edo kontzertuak zeudenean bizikleta irteerak antolatzen hasi ginen: Eguberrietan, kaldereroetan...», kontatu du Apestegiak. «Lehenbiziko hitzorduan 8-9 ginen; gero, egun bat finkatu genuen hilero. Kaldereroetan 20-30 izan ginen», gehitu du Relobak. «Lehengo tradizioa berreskuratzea erabaki genuen. Jende gazteagoa ginen, beste ikuspegi ludiko eta artistiko batekin. 2019ko martxoan izan zen lehenbiziko Masa Kritikoa, eta 60 lagun elkartu ginen», gogorarazi du Apestegiak.

Ordutik anitz hazi da Iruñeko Masa Kritikoa. Musikak eta argiak erakarrita, dozenaka lagun biltzen dira hilean behin. Azkenengoan haur asko ere agertu zirela-eta, kontent dira bultzatzaileak. «Adin tartea gero eta zabalagoa da, eta hori bilatzen du Masa Kritikoak: gurasoek bizikleta erabili dezatela haurrak eskolara eramateko, langileek lantokira joateko edo nahi duenak itzuli bat emateko», esan du Castillok.

Masa handitzen

Masa Kritikoa bat-bateko hitzordu bat da, autogestionatua eta erabat irekia. Edozeinek egin dezake bere ekarpena nahi duen modura. «Guk bultzatzen dugu Iruñekoa, baina, ez bageunde ere, dagoeneko egin eginen litzateke, jendeak badakielako noiz den», ohartarazi du Castillok. Pandemiaren aurretik, Masa Kritikoaren ondoren kultur jarduerak antolatzen zituzten: proiekzioak, antzerkiak, poesia saioak, kontzertuak... Gune sozialetan egiten zituzten, sareak josteko.

Hain zuzen ere, alderdi artistikoari esker lortu dute oraingo arrakasta, bultzatzaileen arabera. Musika izaten da martxan, kartelak diseinatzen dituzte deialdietarako... «Oso ikusgarria da Masa, oso gozagarria; beraz, ahoz ahokoari esker zabaltzen ari da», azaldu du Apestegiak. Gakoetako bat edozein onartzeko gaitasuna da, Castilloren ustez: «Ni kanpokoa naiz, andaluziarra, eta erabat integraturik ikusten dut neure burua hemen. Norberaren kultura edo hizkuntza edozein izanda ere, bizikletak batzen gaitu».

60 lagunek parte hartu zuten ostiraleko Masa Kritikoan, Gasteizen. ESTIBALIZ DIAZ

Pandemiak ere izan du ondoriorik, Iruñeko Masa Kritikoaren antolatzaileen arabera. Alde batetik, aisialdia mugaturik egon delako, eta hileroko hitzordua izan da jendearekin elkartu eta ongi pasatzeko modu bat. Bestetik, jendeak ingurumena zaintzeko kontzientzia handiagoa hartu duelako. Gasteizen konfinamenduaren ondoren abiatu zuten berriz Masa Kritikoa, «gogoberriturik». Estibaliz Diaz Bizikleteroak taldeko kidea da, eta ahal duenean hitzordu horietan parte hartzen du. «Maiatzean ia-ia ehun pertsona bildu ginen; joan den astean, 60 inguru», kontatu du. «Oso dibertigarriak eta politak izaten dira; ongi pasatzen dugu. Hileko azken ostegunean Antso Jakituna kaleko pergolan elkartzen gara, eta denen artean erabakitzen da itzulia nondik eman».

Bilbon ere aspaldi egiten da Masa Kritikoa, baina orain ez du hainbeste jenderik biltzen. Zurine Gartzia Biziz Bizi elkarteko kideak hileroko hitzorduan parte hartzen du. Bilbon, hileko hondarreko ostegunetan izaten da, ez ostiraletan. Udan geldialdia eginda, bihar izanen da ikasturteko lehenbiziko Masa Kritikoa. «Indar pixka bat falta zaigu. Hala ere, badira bizpahiru hitzordu jende asko erakartzen dutenak; esaterako, inauterietakoa».

Biziz Bizi elkarteak antzeko egitasmo bat egin ohi du hileko azken larunbatean, Bilbo inguruko hiri eta herriekin lotzeko eskaria eginez. Bilbotik Getxora egin dute azken urteetan; uda aurretik Barakaldora joaten ziren, eta urrian hasiko dira Bilbotik Galdakaora bizikletan joaten. «Bizkaian, Bilbotik kanpo, bidegorriak badaude; kontua da hiria bidegorri horiekin lotu behar dela».

Masa Kritikoa, Bilbon. Bihar eginen dute ikasturteko lehenbiziko hitzordua. ZURINE GARTZIA

Egunero bizikleta erabili, eta hilean behin ospatu: hori da Masa Kritikoaren leloetako bat, Diazek nabarmendu duena. Argi azaldu du zergatik parte hartzen duen hileroko hitzorduan: «Gure segurtasuna eta espazioa eskatzeko ateratzen gara. Gasteizen puntu beltz batzuk daude, eta udalak ez du askorik egiten». Onartu du zati batzuk oso ongi daudela, baina badira eremu arriskutsuak ere: autoak abiadura handian doazen lekuak edo lasaiak ez diren bideak. «Martxoaren 8ko etorbidean banatutako bidea egin dute, eta lotsagarria da; beraz, txirrindulariok ez dugu erabiltzen. Oraindik hiriak autoentzat diseinatuta daude».

Gartziaren arabera, gizabide falta da arazo larrienetako bat: «Denen edukazioa hobetu behar da: autoena, bizikletena eta oinezkoena». Ez hori bakarrik: «Masa Kritikoak bizikletaren erabilera sustatzen du, hiri garbiago, lasaiago eta osasuntsuago bat izateko. Ibilgailu hau, osasuntsua ez ezik, oso dibertigarria da».

Bizikleta, ikusgarri

Argiak, musika eta bizikleta ikusgarriak badira hirian lekua aldarrikatzeko modu bat: «Txirrindulari gisa, ikus gaitzaten nahi dugu. Bizikleta altuei begira geratzen da jendea, baina bizikleta bat izaten jarraitzen du. Hobeto ikusten gaituzte, eta hobeto ikusten dugu. Bada aldarrikapen modu bat», kontatu du Agredak. Izan ere, bizikleta «gutxietsia» izan da «beti». Hala uste du Apestegiak: «Soilik aintzat hartzen dute aisialdirako edo kirolerako, baina bizikletak hamaika aukera eskaintzen ditu». Labana zorrotzailea eta Eugiko okina (Nafarroa) gogoratu dituzte: biek bizikletan egiten zuten lan.

Iruñeko Masa Kritikoa Nafarroako jauregiaren aurretik pasatzen, joan den ostiralean. Iñigo Uriz / Foku

Masa Kritikoa egiteko ez dute baimenik eskatzen; ez dute behar bizikletan ibiltzeko. «Ez da manifestazio bat», ohartarazi du Castillok. «Kolektibo gisa, egiten dugun bakarra da bizikletan ibili». Behin baino gehiagotan saiatu dira «kriminalizatzen» eta isunak jartzen, baina egiten dutena ez da legez kanpokoa.

Indar erakustaldi bat ere bada, Apestegiaren ustez: «Elkarrekin demostratzen dugu masa gisa badugula botere bat zirkulazioan. Hemen gaude, eta ordu hauetan denak elkarrekin garraiobide bakar bat bezala gara». Hala ere, egun bakarrarekin ez da aski. Castillok argi du iraultza egunero egiten dela: «Egunero bizikleta erabiltzea bada protestatzeko modu bat bizikleta onartzen ez duen jende horren aurrean. Ari da hazia hazten, eta gero eta onarpen handiagoa du bizikletak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.