Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Hala ere, familia

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun

'Broker'

Zuzendaria: Hirozaku Koreeda. Aktoreak: Song Kangho, Gang Dongwon, Lee Jieun, Bae Doona . Iraupena: 129'.

Road trip bat. Edo halako zerbait. Sang-hyeon, Dong-soo, So-young eta Woo-sung furgoneta batean doaz. Ondo ixten ez den maletategian, pertxetatik zintzilik, alkandora, galtza eta jertseak; izan ere, Sang-hyeon-ek arropa garbiketa negozio bat du. Bere lagun Dong-soo-rekin, ordea, beste era bateko negozioa sortu du: elizan abandonatzen dituzten haurrak saltzen dituzte. Haiekin doa Woo-sung haurra, bikote bati salduko diotena, baita haren ama So-young ere. Neska gaztea, bi gizonen asmoaz ohartu, eta salerosketaren zati bat jasotzeko batu da bidaiara. Aurrerago igoko da furgonetara zortzi urteko Hae-jin, eta bostak Woo-sung-entzat egokiena den familia baten bila joango dira. Atzetik joango zaizkie poliziako bi kide, bi gizonak salerosketan harrapatzeko asmoarekin jarraika joango zaizkienak.

Hego Koreako eliza batzuetan haurrak uzteko dauden kaxekin hasiko du Koreeda zuzendari japoniarrak Broker filma. Haurrak abandonatzeko erabiltzen diren buzoi antzeko batzuk dira; barruan otarre bat dute, argitxo bat, eta atea ixtean sehaska kanta bat entzun daiteke. Hasiera horrek filmaren tonua maisuki ezartzen duela iruditu zait. Pertsonaiek bizitza gogorra dute, iluna, egin dituzten gauzak (delituak eta beste) guztiz gaitzesgarriak dira, eta, hala ere, Koreedak samurtasunez begiratuko die, eta bizitzen ari direnaren gordintasunean argitxo bat piztuko die.

Bidaiak aurrera egin ahala joango gara road trip-eko kide diren pertsonaia horiek ezagutzen. Bizitzan bezala, denak ez dira hasieran diruditen bezain onak edo gaiztoak; hemen ez dago protagonista eta antagonistarik (hein batean behintzat), eta denak dira heroi eta gaizkile. Japoniarrak detaile txikiz betetako pertsonaien arkuak eraiki ditu, istorioan zehar ulertzen joango garenak, eta zuri-beltzean kategorizatu ditugun horiek kolorez beteko ditu. Baina batez ere familia baten istorioa kontatuko digu. Elkarrekin generik partekatzen ez duten pertsonak dira, bizi istorio oso ezberdinak izan dituztenak, haien desadostasun eta interesekin, eta, hala ere, familia dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.