Sasoian dago irratia

Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar. Emankizun bereziak egingo dituzte irrati askok. Unescoren aurtengo gaia: irratia eta bakea

Iruñeko Euskalerria Irratiko estudioaren artxiboko argazki bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Unescoren parte diren herrialdeek 2011n izendatu zuten otsailaren 13a Irratiaren Nazioarteko Eguna, eta, 2012tik, urtero ospatzen da egun horretan. Bihar, beraz, herrialde ugaritan ospatuko dute irratiaren eguna. Toki askotan da oraindik irratia komunikabiderik zabalduena.

Irratiak hedabide gisa bizi duen sasoi onenaren erakusle, Erresuma Batuko datu batzuk aipa daitezke —herrialde horretako joerak zabaltzen dira sarri Euskal Herrira—: 2022ko azkeneko hiruhilekoan, BBC Radioko emankizunek entzuleak irabazi zituzten. BBC Radio5ek, adibidez, 5,57 milioi entzule berri bereganatu zituen. BBC Sounds nahieran zerbitzuak markak hautsi zituen: 197,7 milioi erreprodukzio izan zituen, aurreko urtean baino %18,2 gehiago. BBC Radioren kateek astero 33,23 milioi entzule dituzte zuzenean. Irratsaioak edo podcastak nahieran entzuten dituzten herritarren kopuruak inoizko handienak dira.

Euskarazko irratigintzaren datuak ere ez dira makalak. Josu Amezaga EHUko Nor taldeko ikerlariak 2018ko Behategiaren urtekarian emandako datuen arabera, euskarazko irratien entzuleak 1984an 45.000 ziren, eta 2018an 250.000ra iritsi ziren. Amezagak emandako datuen artean, nabarmentzekoa da entzule euskaldunek euskarazko irratiak lehenesten dituztela. Ez da beste ezerekin gertatzen hori: ez prentsarekin, ez telebistarekin, ez liburuekin...

Euskarazko irratien artean, Euskadi Irratia da lehena. CIESek abenduan emandako datuen artean, 135.000 entzule ditu astegunetan. Gaztea irratiak, berriz, 112.000 entzule ditu. Datu onak izan ohi dituzte, halaber, Euskal Irratiek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Sare indartsua osatzen dute Arrosa sarekoek, eta bihar bertan Zebrabidea magazina indarberrituta itzuliko da, gidari berri batekin: Ekhiñe Zapiain.

Biharko egunari begira, bestalde, Euskadi Irratiak iragarri du entzuleen «konplizitatea» bilatzen saiatuko dela. «Entzuleak entzun nahi ditugu, adi, eta eskura egon, noiznahi eta nonahi, zerbitzua eskaintzen jarraitzeko».

Radio Vitoria kalera aterako da bihar: goizeko magazina Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan egingo dute. Gazteei ahotsa ematen saiatuko dira.

Donostia Kultura Irratiko Ispilu Beltza saioa, berriz, Donostiako Tomasene kultur etxean egingo dute, Altza auzoan. 16:00etatik 18:00etara iraungo du, eta herritar oro joan ahalko da programa nola egiten duten ikustera.

Madrilen, berriz, bat egingo dute SER irratiak —Hego Euskal Herrian entzule gehien duena da—, Copek eta Onda Cerok. Hiru irratiek saio komun bat egingo dute, eguerdian, Telefonica Fundazioaren eraikinean.

RNEk, berriz, Ukrainako Suspilne Ukraine irratiari egingo dio lekua emisio digitalean (DAB). Irrati gehiagok egingo diete keinu ukrainarrei eta gerran diren herrialdeei; izan ere, Unescok aurten irratia eta bakea hartu du gaitzat. Unescoren arabera, irrati independentea tresna garrantzitsua da gatazkak prebenitzeko eta bakea lortzeko. Irrati independentearen aldeko mezua zabaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.