Cesareo Soule. Hargina

«Harria sekula baino gehiago dugu, baina hargin gutxi»

Hargin familia bateko hirugarren belaunaldia da Soule, eta Txondorra saria jaso du bere lan ibilbideagatik. Pena du artisau lanarenak egin duelakoan, baina berak badu lekukoa nori pasatu: semeari.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Arizkun
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Kan, kan, kan. Arizkungo Bozate auzoan (Nafarroa) ohikoa da zizelak eta mailuak harriaren kontra egiten duten asotsa aditzea. Etxeko atarian duen txokoan aritzen da lanean Cesareo Soule hargina (Arizkun, 1948), frankotan Alvaro semearekin batera. Herenegun Txondorra saria jaso zuen Iruñean; Olentzeroren Lagunen Elkarteak haren ibilbidea goraipatu nahi izan baitzuen horrela. Ibilbide horri so paratu da.

Familiatik heldu zaizu hargintza. Nola hasi zinen?

Nire aitaren aita hargina zen; aitak kontatzen zuenez, hargin ona. Harengandik heldu zen dena; gero, aita hargina zen, eta egiten zuen taillatze pixka bat, nahiz eta erreminta ez zeukan sobera ona; nik lortu nuen hobea. Hala hasi nintzen, hari ikusi bezala, aholku batzuk emanez eta horrela.

Aitari laguntzen hasi zinen txikitan? Hala ikasi zenuen?

Laguntzen... kalte handiagoa egiten nion nik. Hark hasi eta nik hautsi egiten nion. Askotan egoten nintzen hari begira: harria jotzeko manera, lantzeko manera... hori guzia ikusten nuen, eta gauza handiak eman zizkidan.

Zein ziren gako nagusiak lanbidea ikasteko?

Batez ere, zer erreminta klase ibiltzen zuen: hasitako lan hura zer erremintarekin hasten zuen eta zeinekin bukatu oso inportantea zen. Berak azaltzen zidan: «Lehenbizi larriena kendu honekin, eta gero honekin».

Eskulturak ere egiten zituen?

Ez. Aita zena beti obratan lanean aritu zen, eta erretiratu zenean hasi zen eskultura egiten. Baina normalki errota harriak egiten zituen: negu guztia horretan egiten zuen. Gero, egiten zituen etxeetako izkinetako harriak ere, leihoetakoak...

Zure ibilbidea nolakoa izan da? Zer gauza landu dituzu?

Gehienik etxeetako armarriak egin ditut; izan zen denboraldi bat erruz egiten nituena. Gero, etxeen izenak, estelak...

Gaur egun eskatzen dizkizute armarriak?

Ez lehen hainbat, ez. Badaukat baten bat egin beharra, baina aldatu da anitz. Orain, batez ere hilarriak egiten ditut.

Hilarriak egiten non ikasi zenuen?

Gehienik Iparraldean, Baionatik gertu, eta Donibane Garazin ere ibili nintzen. Eskarmentu askoz ere handiagoa izaten dute han.

Hemen ingururako aritzen zara?

Nafarroa osorako egiten dut lan, eta Iparralderako ere asko.

Lana moldatuz joan zara?

Bai, orain denbora batez baino askoz ere erreminta hobea dugu. Makineriarik ez dugu; eskuz lana hobeki egiten dugu. Jende askok erraten du eskuz nahi duela.

Zergatik nahiago duzu eskuz?

Aitari ez nion sekula deus ikusi makinarekin; ez zuen ezta zulagailurik ere. Nik erosi nituen zulagailua eta konpresorea. Konpresorea lan zakarra kentzeko da. Baina lan fina, eskuz. Ikusi dut eskultore batzuk aritzen direla beti makinekin, baina nik aisa egiten dut eskuz.

Geroz eta gutxiago egiten da lan hori eskuz?

Gutxi dago bazterretan, oso gutxi. Hemen inguruetan ez dut harginik ezagutzen. Harria sekula baino gehiago dugu, harrobiak sekula baino gehiago, baina hargin gutxi. Nire aitak problema handiak izaten zituen harriak menditik ekartzeko; orain badira harrobiak, eta ez da problemarik. Harria pikatzen duten toki batera joaten zara, eta han nahi duzun bezala pikatzen dizute.

Zer harri erabiltzen duzu zuk?

Baztangoa: gorria eta zuria. Inguru hauetan izanen da hoberena; Txinatik heldu dira Baztango harrien kolore igual-igualekoak, baina ez da berdina; gurea idor xamarra da, hori behar da erran, baina lanerako ona da, eta iraupena ere ona du aisa. Santandertik ere heldu da antzeko harri bat, baina kresal asko dauka horrek.

Eskultura anitz dituzu hemen. Hori maite duzu?

Oso maite. Geroz eta zailago egiteko, orduan eta nahiago.

Nola aritzen zara, eskatuta edo zuk nahi duzulako?

Bietan: enkarguz eta nire kasa. Pentsatuta dauzkat mila gauza. Ez dakit noiz eginen ditudan.

Nola egiten duzu lan?

Ahal bada, bi harrirekin; hau da, bi lan batera. Harri batekin hasi, segitu puska bat, eta gero utzi hura eta bertzearekin hasi. Bertzela nekatu egiten zara harri berarekin. Lan fina gauez egiten dut, inor molestatu gabe. Isil-isilik, arrunt delikatua bada.

Zergatik aritzen zara kalean?

Ez dut asotsa ateratzen, eta barrenean gorputzarentzat arrunt txarra da. Lan fina eta txikia delarik, errauts gutxi atera behar baduzu, orduan barrenean, baina, bestenaz, kanpoan dena.

Zenbait sari jaso dituzu. Bergeracen lehenbizi eta bigarren egin zenuen 1999an eta 2001ean, hurrenez hurren. Zer esan nahi izan zuen zuretzat?

Oso inportantea izan zen, indar asko eman zidalako, eta lana ere berritu zitzaidan anitz. Gauza serioa zen: hamabi nazioetako hamabi eskultore ginen, eta denek elkar ikusten genuen. Ondoan ikusten dituzu denak, epaimahaia ere, baina saiatu behar nuen zerbait diferente egiten, eta lortu nuen.

Museoan kuboen barneko pilota anitz dituzu. Zer adierazten dute eskultura horiek?

Bitxikeria handia izan zen hori. Tailerrean harri karratua nuen denbora luze, eta beti pentsaketan zer egin, zerbait atera nahi nuen. Beti lapitza eta papera ondoan, marrazki bat egiten nuen, bertze bat... beti harriari begira. Orduan, erran nuen: ea barrenean zerbait ateratzen dudan. Hasi nintzen pixkaka-pixkaka, eta naski zerbait borobila aterako nuela, jarraitu nuen. Gerora, anitz egin ditut, eta mundu guzian daude: Alemanian, Madrilen...

Zure sinadura modukoa da?

Bai, tira. Nafarroako kazetarien elkartekoek deitu zidaten, Nafarroako Kazetarien Sariaeman behar ziotela famatu bati, eta behar nuela harri bat egin. Gizon famatuak mundu guzian kurri dabiltzala, eta pentsatu nuen ez zela gaizki etorriko harri borobil bat, mundua hala baita. Egin nuen, eta espezial, gustatu zitzaien. Orain urtero-urtero egiten diet.

Baduzu lanen bat kuttunagoa, bereziki maite duzuna?

Beharbada Argentinarako egin nuena: San Fernandoko Arantzazuko Ama parrokiarentzat [Buenos Aires]. Deitu zidaten ea eginen nuen Ama Birjina bat. Parrokia batentzat zenez, ez nuen batere kobratu behar; orduan, esan zidaten nik eramateko Argentinara. Sakelatik eskuak mugitu gabe, Hondarribira, Ama Birjina pisatu eta abioira. Bazuen bere eserlekua. Dena antolatu zuten. 09:00etan ailegatu ginen, eta atarian zain ziren ikurrinekin eta beren banderekin. 42 autobus etorri ziren jendearekin nire bila aireportura. Ene. Gero, eskoltaturik parrokiara, Mercedes batean. Hotel Eibarren nuen gela; han utzi nuen maleta, eta ez nuen hankarik sartu azken egunera arte. Beti han eta hemen gonbidatuta.

Zer lotura duzu Donejakue bidearekin?

Duela hogei urte hasi ginen. Hemengo bidea abandonaturik zegoen, eta jende mordoxka bat bildu ginen hori mugitzeko: bideak nondik ziren ikusi, garbitzen, ermitak konpontzen... Belaten egin genuen ermita polit bat, bazela duela 700 urte inguru. Arrastoak utzi genituen barrenean, eta kanpotik berria egin genuen.

Museoa ere sortu duzu hemen. Zergatik?

Beti afizio handia izan dut puska zaharrekin; niretzat balio handia izan dute. Ikusten nuen aitaren erreminta dena etxean zegoela; gorde eta gorde ibiltzen nintzen, eta etxe hau egin nuelarik, hemen muntatu nuen.

Txondorra saria jaso duzu. Nola hartu duzu aitortza?

Ez dut neure burua sekula baloratu, gauza normal bat balitz bezala ikusi dudalako. Eskultore handiak izan dira beti, eta ni ez naute sekula asko nonbratu. Txondorra sariak harritu ninduen. Noizbait eskultura egile edo hargin bati sari bat emateak ilusioa egin zidan. Momentu txarra pasatzen ari nintzen, eta aurrera egiteko indarra eman dit horrek.

Arestian aipatu duzu eskulana gutxitzen ari dela. Artisau lana galtzen ari da?

Erabat. Penagarria da. Akabatzen ari da ez, akabatu da. Baztanen, orain dela denbora gutxi hamalau-hamabost artisau baginen; orain hiru gara bakarrik, eta hirurak maldan beheiti. Zergatik akabatzen ari den? Laguntzarik ez dagoelako. Pena handia da, artisau batzuk hil direlako eta haiekin ez duelako inork ofizioa ikasi. Erremintak familiakoek izanen dituzte, baina ez da erraz gazte batek horiek hartzea. Akabatu da. Orain artisau guztiak dira gasnagileak, ezti egileak... Nik Gipuzkoa eta Bizkaia kurritu dut dena, herriz herri, larunbat eta igandez. Han ez zen asotsa baizik: kan, kan, kan; kin, kin, kin! denak lanean. Orain ez; orain, denak begira, saltzen. Ez naiz horren kontra, baina pena da eskuz egiten zen lan hori galtzen ari dela.

Esan duzu ez dela laguntzarik; nola lagun liteke?

Horrek bazuen konponbide erraza: herrietako udalek behar zuten ikastaro batzuk eman artisauak bizi diren bitartean, eta gazte batzuk hor ikasten paratu. Baina ez da interesik.

Gazteak artisau lanean ariko balira, izanen lukete aukerarik lana saltzeko eta hortik bizitzeko?

Hori beste problema handi bat litzateke. Nik erranen nuke bizi-bizitzeko ez duela balio, baina bai pixka bat laguntzeko. Ni eraikuntzan aritzen nintzen. Lanak gauean akabatu behar nituen, goizeko hiruretan edo lauretan, eta hurrengo egunean zortzietan lanera joan behar nuen. Larunbat eta igandeak etxean, harriekin. Ez nuen besterik. Behar da beste ofizio batera dedikatu.

Beti bi lanekin aritu zara?

Bai, familia aurrera atera behar bainuen. Hortik bizitzerik ez dago. Ordu asko pasatu, eta ez dituzu denak kobratzen ahal. Nik ez nuen sekula ordurik kontatzen; behin egin nuen: armarri batekin zenbat ordu pasatzen nituen kontatu, eta bo, miseria bat kobratzen duzu. Hobeki zen noranahi joatea lanera, han irabaziko zenuen gehiago, ezen ez hargintzatik.

Segitzeko asmoz zabiltza?

Bai, bai. Orain ez dut bertze kezkarik, ez dut bertze problemarik, eta horretan. Ordu asko sartzen ditut, baina oso gustura. Goizean aritu naiz pixka bat, arratsaldean ariko naiz beste pixka bat... lasai.

Semea ere hemen duzu. Baduzu lekukoa nori pasatu, ezta?

Hori da nire oinarria orain; horrek indar asko ematen dit. Benetan. Orain dela urte pila bat pentsatzen nuen: «Erreminta pila bat dut lanean aritzeko, eta, ez bada semeetako bat aritzen, dena zaborretara edo txatartegira». Horregatik eman dit indar handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.