Olatuak, podcast bidez

Gaztearen eskutik, surfari buruzko bideopodcast bat sortu dute: 'Lay Day'. Ander Lopez eta Olaia Elorriaga surflariak dira aurkezleak

Bitor Garitaonaindia, Ander Lopez eta Olaia Elorriaga Bilbon, Lay Day bideopodcastaren lehen atalaren grabaketan. EITB.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Surflariek sufrlarientzat egindako produktu bat, lehendik Euskal Herrian ikusi eta entzun gabekoa. Bi astean behin surfaren kulturaren bueltan elkarrizketak plazaratuko dituena. Hori da Lay Day bideopodcasta. Gaztearen webgunean eta irratiaren Youtubeko kanalean ikusi ahalko da, eta EITB Podkast atarian egongo da entzungai. Hala dago lehen atala, Bitor Garitaoinaindia surflariaren elkarrizketarekin —Olinpiar Jokoetarako ari da prestatzen—.

Ander Lopez Lerena eta Olaia Elorriaga Urrutia surflariak dira podcastaren aurkezleak. Lopez kazetaria da, eta Radio Euskadiko Boulevard irratsaioan lan egiten du. Elorriagak, berriz, enpresa pribatu baten marketinean lan egiten du. Biak hizlari gisa aritzen dira, gainera, Euskal Herriko Surf Federazioarentzat.

Gazteak eta EITB Podkast atariak surfarekin lotutako egitasmo bat sortzeko proposamena egin zioten Lopezi. «Ideia garatuz joan ginen, Olaia Elorriagaren izena proposatu nuen, eta elkarrizketen formatua bideopodcastean egitea adostu genuen». Lopezek azaldu du ez dutela irizpide zehatzik jaso, eta berak proposatutako ideia gustatu zitzaiela EITBko ordezkariei.

Euskal Herrian orain arte ez da surfaren inguruko podcastik egin, ez euskaraz, ezta gaztelaniaz edo frantsesez ere. «Gure asmoa da euskal surf kulturarekin lotura duen zerbait egitea, eta uste dut lortzen ari garela. Surflari bikainak dauzkagu, mundu osoan ezagunak direnak», gaineratu du Lopezek.

Elorriagak aipatu du surfaren inguruan ez dagoela euskarazko eduki askorik. «Gure ideia da surfaren gaineko euskarazko edukiak sortuz joatea».

Leti Canales, bigarrenean

Bi astean behin egingo dute bideopodcasta. Atal bakoitzean surfaren kulturarekin lotutako gonbidatu bat izango dute. Bigarren atalean, Leti Canales Bizkaiko surflari profesionala elkarrizketatuko dute.

Dena den, Elorriagak nabarmendu du ez dituztela soilik surflari profesionalak elkarrizketatuko. «Ez ditugu soilik txapelketak landuko: surfaren kultura hainbat ikuspegitatik landuko dugu». Lopezek argi du: «Surfa ez da soilik kirol bat; bizimodu bat ere bada». Gauzak horrela, surfaren munduan dabiltzan argazkilari eta zinemagileak elkarrizketatuko dituzte. Oraingoz, bideopodcastean soilik grabatutako elkarrizketa ikusten da irudietan, baina aurkezleek iragarri dute argazkiak txerta ditzaketela argazkilari bat gonbidatzen dutenean edo irudiak zinemagile bat elkarrizketatzen dutenean.

Bideopodcastaren izenari dagokionez, lay day-k «barealdi eguna» esanahi du. Lopezek nabarmendu du surfzaleentzat kontzeptu ezaguna dela: «Baldintza aproposak ez daudenean, olaturik ez hartzeko eguna da. Gure entzuleei zera adierazi nahi diegu: gaur ez duzu surfean aritzeko aukerarik; beraz, zure kresal dosia hartu dezakezu podcastarekin».

Pozik daude aurkezleak lehen atalaren harrerarekin. Elorriaga gozatzen ari da: «Surflari lagunen aldetik feedback ona izan dugu. Ikusiko dugu zer gertatzen den hurrengo atalekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.