Noiz sortua: 2020-01-19 00:30:00

Joxerra Garzia. Irakasle ohia

«Eskoletan adizkiak irakatsi beharrean, hobe genuke jolas modura irakastea»

Hizkuntzaren erabilerarekin kezkatuta dago Joxerra Garzia, eta dio gazteek hizkuntza baliabideak falta dituztela horretarako. Uste du hedabideek eta eskolek lan handia dutela alde horretatik, euskarak behar dituen tresnak bertan irakatsiko baitira.
LANDER MUÑAGORRI GARMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2020ko urtarrilak 19
Komunikazioaren arloan aritua dela esan ohi du Joxerra Garziak (Legazpi, Gipuzkoa, 1953). Ibilbide profesional osoan zehar aritu da eremu horretan lanean, eta horrek aditu izatera ere eraman du denborarekin. Baina askorentzat Garzia ezaguna baldin bada, bertsolaritzaren eremuan egindako lanagatik izan da: Euskadi Irratian ibili zenean bertso lehiaketak antolatu zituen, gai jartzaile izan da, Hitzetik Hortzera telebista saioaren sortzaile eta lehen aurkezlea, eta baita bertsolaritzaren inguruko ikerlaria ere. EHUko irakasle izan da Komunikazio fakultatean, eta pertsuasioaren gaia landu izan du hogei urtez. Dio euskararen erabileran urratsak egingo badira euskara hiztunen beharretara egokitu behar dela, eta horretan hedabideek eta hezkuntza sistemak oraindik lan egin behar dutela.

Noiz zaletu zinen bertsoetara?

Gure belaunaldiko askok euskara berreskuratzeko ahalegin handia egin behar izan dugu. Ni horretan hasi nintzenean, bertsoarekin sekulako lilura sentitzen nuen, eta nire kuadrillakoei sekulako matraka ematen nien inguruko bertso saioetara joateko.

Zerk erakartzen zintuen?

Ez dakit. Ez nituen erabat ulertzen bertsoak, baina lilura erabatekoa zen. Euskalduntze berreskuratze prozesua amaitu nuen, eta Bartzelonara joan nintzen ikastera, eta han bertso askorik ez zen egon. Bartzelonan filosofia ikastera joan nintzen, eta kazetaritza amaitzeko urtebete falta zitzaidanean Arrasateko ikastolan hasi nintzen irakasle lanetan. Inguruan zeuden bertso saio guztietara joaten ginen. Han denbora bat eman nuen, eta Alemaniara joan nintzen bi urtez. Handik etorrita, Tolosako ikastolan filosofia irakasle aritu nintzen, Euskadi Irratirako deialdia ikusi nuen arte.

Esan daiteke irratian lotu zenuela afizioa kazetaritzarekin?

Bai. Dena den, erretiroa hartu eta gero lortu dut bertsoa lehen bezala gozatzen hastea. Lanean zaudenean ere gozatzen da; afizioa ofizio bihurtzeak gauza on asko dauzka, besteak beste, gozagarriago egiten duela. Baina afizioari koska bat kentzen dio ofizio bihurtzen denean.

Euskadi Irratian hasi zinen bertsoa lantzen. Ordura arte, ordea, Herri Irratiak zeukan bertsolaritzaren erreferentzia. Horri aurre egin nahi zenioten?

Ez nintzen horretarako sartu. Sorgin afaria kultur programa egiten hasi nintzen, eta Jose Mari Oterminek esan zidan bertsoarekin zerbait egin beharra zegoela Euskadi Irratian, erreferentzia lortu beharra geneukala. Bi urtez lehiaketa bana egin genuen. Lehen urtean entzuleen artekoa izan zen: bertsolaritzari buruzko galderak egiten genituen, puntu baten erantzuna, bertso paperak eskatu... Bertso afari bat egiten genuen hilero puntu gehien lortu zuenak aukeratzen zituen bi bertsolariekin. Bere sona izan zuen, baina ez hainbeste. Hurrengo urtean pentsatu nuen herrien arteko bertso lehiaketa egitea. Herri pila batek eman zuten izena, eta zazpi hilabetez 31 saio egin genituen. Eguneroko kultura programaz gain, asteburuetan saioak prestatu behar izaten genituen, aurkezpenak egin eta emititu. Lan asko egin genuen, baina horrek bai eman zion Euskadi Irratiari zentralitatea.

Bertsolaritzaren inguruko gosea topatu zenuten?

Hori bagenekien bazegoela. [Bertsozale] Elkartean hasi ginen ikusten, gainera, ez zela posible euskarazko telebista bat eduki eta bertsolaritzari buruzko programarik ez izatea. Esaten ziguten bertsolaritza ez zela telebistarako egokia, baina halako batean, eta isil gintezen, esan ziguten programa egiteko.

Hainbesteko matraka eman zenuten?

Sekulakoa. Adostu zen nik egingo nuela saioa hilean behin. Garai hartan ez nekien bideo bat zer zen ere.

Bertsolariek nola hartu zuten?

Irratian mikro bat jartzen duzu, eta ahaztu egiten zara, baina hemen 2.000 watt jarri behar dituzu, eta Johnnie Walker botilak kendu. Jendea ere modu jakin batean jarri behar duzu... Asko egiten zuen elkartearen izenean genbiltzala, eta ni ibilia nintzen bertso munduan.

Baliabide gutxirekin hasi zineten programa egiten.

Lehen urtea kafkiarra izan zen: lokalik ez neukan, ez platorik, ezta errealizadorerik ere. Hori bai zela mutilmedia. Aurkezpenak egiteko joaten ginen liburutegi batera, edo Miramar jauregira, eta hala egiten genuen. Gaupasak egiten genituen programa editatzen. Ondo funtzionatu zuen, baina gaur egungo telebistako irizpideen aldetik ez zen emititzeko moduko zerbait.

Jendeak bertsoak ikusi nahi zituen telebistan?

Hizkuntza komunitate baten hedabideek komunitate horren ispilu izan behar dute. Bigarren urtean, programak ondo funtzionatzen zuela ikusita, talde bat jarri zidaten. Prekaritatea bazegoen, baina behintzat baneukan nori galdetu, eta nork editatu. Momentu batetik aurrera eta hasieran ez bezala, bertsoa ia toki guztietan sartzen hasi ziren ETBn. Ikusi zuten funtzionatu zuela, eta bertsolariak leku denetan sartu zituzten. Esaten genien erabilera jasangarria egin behar zela, ezin zela zukutu antzutu arte.

Apustua orduan hasi zen egiten?

Bai, baina apustua ez da zerbaitek funtzionatzen duelako erabat zukutzea. Funtzionatzen badu, mima dezagun produktua. Guk ez genuen nahi arrakastaren arrakastaz hustea. Baina ni ordurako unibertsitatean nengoen.

ETBrekin izandako tirabiren eraginez bi urtez ez zen Hitzetik Hortzera saioa egin. EHUra joana zinen ordurako. Zergatik atera zinen telebistatik?

1993an krisi handia zegoen, eta Hitzetik Hortzera-z aparte magazin bat egingo ote nuen esan zidaten, hilean behin publikoarekin. Lau egin nituen. Eramaten nituen bertsolari batzuk, musika apur bat... Laugarren saioan pentsatu nuen bertsolari gazteekin egitea. Aukeratu nituen Maialen [Lujanbio], [Jexux Mari] Irazu, Igor [Elortza] eta Unai [Iturriaga]. Esan zidaten kritika egin nahi zutela, baina esan nien pertsonekin ez sartzeko. Egin zuten informatibo baten parodia, eta bertso amaiera batean Unaik esan zuen: «Desinformazio gehiago / orduro Euskadi Irratian». Sekulako tentsioa sortu zen, eta errealizaziotik pertsona bat etorri zen mozteko aginduz. Kontua Eusko Legebiltzarrera iritsi zen, eta Iñaki Zarraoak esan zuen ez zela zentsura izan, bertsolariek gidoiari ez zietela jaramonik egin baizik.

Bertsolariek noiz izan dute gidoirik?

Hori da, eta horren ondoren El Correo-n elkarrizketa arin bat egin zidaten, eta galdetu ea ikusi ote nuen Zarraoak esan zuena. Nik esan nion bertsolariek ez daukatela gidoirik, eta hurrengo egunean azalean atera zen albistea ETBko zuzendaritza gezurtatzen nuela esanez. Pentsa dezakezu zein giro ona sortu zen.

EHUra joan zinen, eta tesia egin zenuen bertsolaritzaren molde berrien inguruan. Hor heldu zenion komunikazioaren ildoari?

Unibertsitatean hasi nintzenean hedabideetako kudeaketa ematen hasi nintzen, eta beranduago pertsuasioaren ikasgaia sortu zen. Hori nahi izan nuen kasik jakin gabe zer zen. Pertsuasioak psikologia sozialetik komunikazioari begiratzeko beste modu bat ematen dizu. Nik ikasgai hori aukeratu izan ez banu, eta egin nituen irakurketak egin izan ez banitu, ziurrenik ez nuen tesi hori egingo. 1967ko, 1980ko eta 1993ko txapelketak hartu nituen, eta bakoitzean zein baliabide erretoriko-poetiko dauden aztertu. Uztapide, [Xabier] Amuriza eta [Andoni] Egaña. 1967an ez zegoen baliabide hori, eta beraz, teoriak zioen emozioa ezinezkoa zela. Baina nik ezin dut ukatu bertso horiek emozioak sortzen ez zituenik, aitona ikusten bainuen Uztapideren amaren bertsoekin negarrez. Tesi protokolarioa izatetik, bertsolaritza, komunikazioa eta erretorika ikusteko modu ezberdina garatu nuen.

Euskararen erabileran ere izan duzu kezka, eta komunikaziotik egin diozu tira kezka horri. Ikastaroak ere eman dituzu egoki komunikatzeko eta hizkuntzarekin jolasteko. Badago aurreratu beharra?

Negatibotik hasi aurretik, onartu behar dugu sekulako lana egin dela, egoera objektiboki hobea dela. Baina erabilgarritasuna galdu dugu, eta horregatik dago desertzioa. Problema dago euskararen kalitatean, ados. Baina arazoa dago gazteek ez dutela erabiltzen. Bi arazo ezberdin direla ematen du, baina ez da hala. Hiztuna ez da tentela: bi hizkuntza badauzka, eta batek denetarako balio badio eta besteak ez, bat alboratuko du. Niri oso nabarmena egiten zait: hiztun masa handia daukagu, baina dauzkagun tresnak behar bezala erabili behar dira. Hau da, hedabideak eta hezkuntza sistema. Eskoletan adizkiak ikasten egon behar baino hobe genuke hitanoa jolas moduan erakutsi, edo hitz elkarketekin loreak nola sortu daitezkeen erakutsi. Nik egiten dudan ikastaroetan hitz batzuk sortzen ditugu, eta oso ondo pasatzen dugu. Eta horiek nola hedatzen dira ondoren? Zer egiten du Gazteak horretaz arduratu gabe?

Kike Amonarriz eta zuk egin zenuten gida bat Euskadi Gazteak hizkuntzan izan beharko lukeen erabilera aztertzeko, eta proposamenak egin zenituzten...

Lerde kontainer oso ondo dago, baina Gazteak testuinguru egokian sei aldiz erabiliko balu, hori hedatuko litzateke. Erabiltzen ez denak ez du indarrik, eta indarrik ez duenak ez du inork erabili nahi. Sorgin gurpil hori apurtzeko ardura ez dugu norbanakoek izan behar. Baten batek eskatu beharko du, orduan. Gazteara bidaltzen diren mezuetan gazteleraz idazten dute askok: «Jarri abesti hau. Igandean al Ibilaldi a ver si pillamos cacho». Mezu horiek bidaltzen dituzte, eta esatariak enfasia jartzen du gaztelerazko zatian. Hor esaten ari da inportantzia gaztelerak duela. Esan genien zati horiek itzuli beharko liratekeela, eta artifiziala zela zioten. Gida hori egin genuen, eta tiraderan gorde zuten.

Erabilera sustatzeko baliabideak behar direla, alegia.

Hori da. Euskaraldia zoragarria izanda ere, euskaraz aritzeko baliabiderik gabe jai daukagu. Denak behar ditugu, eskola eta hedabideak. Esaten dugu euskara normaldu gabe dagoela, baina euskal idazleek sortzen dituzte euren munduak euskaraz, eta hori ez doa hiztunengana. Non dago transmisio hori? Euskararen profesionalak hori asumitu behar du, eta hori egiten ez den bitartean, jai daukagu. Bolada batez [Joxean] Artzeren esaldi ezagun baten kartelak jarri zituzten tabernetan: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Bada, nik beste bat jarriko nuke horren azpian: «Hizkuntzak ez badio hobeto bizitzeko balio, hiztunak era berean esango dio kaixo eta adio».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna