Pilar Bobes. Hezitzaile ohia eta COMFINeko lehendakaria

«Elkarte askotan konpromisorako urratsa egitea kostatzen da»

Pedagogia aktiboaren bueltan aritu da Bobes; batez ere, hezkuntza araututik kanpo. Emakumeen ahalduntzerako herri kultur-zentroetan aritu da jo eta su, eta hamaika elkartetan. Emakumeez, feminismoaz, ibilitakoaz eta erronkez mintzatu da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Haren bigarren etxean izan da elkarrizketa: Iruñeko Emakumeen Etxean. Han aritzen da elkarteetarako lanean, ikastaroak ematen edo zernahi egiten. Pilar Bobes (Oviedo, Espainia, 1948) behar zutenen heziketari emana bizi izan da, eta gainerako indarra emakumeen elkarteetara bideratu du. COMFIN Nafarroako emakumeen elkarteen federazioko lehendakaria da egun, baita Miran foroaren sortzaileetako bat ere.

Zerk ekarri zintuen Iruñera?

Oviedon ikasi nuen karrera: geografia eta historia. Gero Madrilera joan nintzen lanera, eta nire senarra ezagutu nuen. Gasteizen eta Zaragozan bizi izan ginen, eta azkenean Iruñera etorri ginen, bera bertakoa baitzen eta lana topatu baitzuen. Etxera etorri ginen.

Irakasle aritu zinen hasieran?

Beti aritu naiz hezkuntzan, baina hezkuntza arautuan oso gutxi. Madrilen, artea eta geografia eta historia eman nituen UBIn.

Hezkuntza arautua ez zenuen maite?

Ez da hori, baina bizitzan aukerak egiten dituzu. Nire senarraren lanarengatik bizilekua aldatu genuen zenbait aldiz. Zaragozan saiatu nintzen, baina geografia eta historia fakultatea zegoenez, irakasle anitz zeuden. Ez nuen lanik topatu, beraz, unibertsitatera itzuli nintzen, filologia ikastera.

Iruñera etorrita, Alaiz kolektiboan hasi zinen. Nolatan?

Nire seme-alaben eskolako ama batzuk Alaizko emakume taldeetan ari ziren, eta sartzea pentsatu nuen. Baina esan zidaten ikastaroak eta eskolak emateko behar nindutela, eta horrela hasi nintzen, poliki-poliki, leporaino sartu arte.

Alaizen hezitzailea zinen, beraz?

Denetarik egin nuen. Batez ere, emakumeekin eta emakume taldeekin egin nuen lan, baita bazterketa arriskuan diren pertsonekin ere. Ikastaroak, eskolak, tailerrak... ematen nituen. Beraz, esan liteke beti aritu naizela hezkuntzan, modu batera edo bestera.

Nolakoa da Alaiz bezalako kolektibo batean egiten den lana?

Herri kultura zentroek egiten zuten emakumeen sustapena deitzen zena, alegia, gaur egun emakumeen ahalduntzea deitzen duguna. Lan egiteko eta formatzeko modu bat zen, Paulo Freireren herri hezkuntzan oinarritzen zena. Nik horretan sinesten nuen erabat, zapaldutakoen hezkuntzan. Ohartu nintzen emakumeak ere baginela sektore horren parte, urratsak egin behar genituela ahalduntzeko: etxeetatik atera, proiektu propioak martxan paratu eta batzuek eskura izan ez zituzten jakintzak jaso. Askok lehen mailako ikasketa tituluak lortu zituzten gurean. Lan ederra zen, oso atsegin emailea.

Emakume askok jaso zituzten zure eskolak Alaizen?

Milaka emakume pasatu ziren herri kultura zentroetatik. Nafarroan eragin handia izan zuten auzoetan: emakumeak parte hartzen hasi ziren auzo elkarteetan, gurasoen elkarteetan... Azken batean, gizartea eta haien buruak aldatzen hasi ziren.

Nolakoa izan zen bilakaera? Nora jo zuen Alaizek?

Lanak eta gauzak banatzen hasi ziren. Nafarroako Emakumearen Institutua programak martxan jarri zituen, eta 2000. urtetik aurrera elkarteak kudeatzeko formakuntzak prestatu zituzten: estatutuak nola berritu, zuzendaritza batzordeak nola osatu, proiektuak eta memoriak nola egin... baina modu tekniko batean. Emakumeen elkarte gehienetan sekulako grina zuen jendeak, lanerako gogo bizia, baina tresnak falta zitzaizkigun.

Horren aurretik, nolakoa zen egoera?

Ni Alaizen sartzerako, 25 urte zeraman martxan. Hala ere, aurkitu nituen hala moduzko lehen hezkuntza baizik ez zuten emakumeak, etxekoandreak dena ahalik eta hoberen egiten saiatzen zirenak... Jakin nahi handiko emakumeak ziren, bultzadatxo bat baizik ez zuten behar. Gero, horietako asko unibertsitatera joan ziren, lanean hasi ziren, haien herriko alkate izan ziren...

Jakin-mina egon bazegoen, aukerak falta zituzten?

Emakumeak beti izan gara ez dakigunak, ez dugunak balio, ezin izan dugunak. Horregatik, badago gogo bizia ikasteko, egiteko, irakurtzeko... Eta, hala ere, emakume askok uste dute ez daudela prest ekintzara pasatzeko. Herri kultur-zentroen hasieran ikasketa eta ekintza loturik ziren, konpromisora egiten zen salto, naturalki. Azken urteetan egoera aldatu zen: jendeak ikasi eta egon nahi zuen; gehiago zuten zerbait kultural gisa, eta ez hainbeste zerbait politiko eta sozial gisa. Elkarte askotan konpromisorako urratsa egitea kostatzen da.

Hori zergatik pasatzen da?

1990eko urteen ondoren kultura kontsumo handi bat bihurtu delako. Emakumeen elkarteetan belaunaldi berriak falta ditugu. Neska gazte asko ari dira sekulako lana egiten, baina beste manera eta estilo batera funtzionatzen dute, eta esanen nuke gehiago aritzen direla une jaki batzuei begira. Hala ere, Nafarroan sekulako elkarte mugimendua dugu.

COMFIN Nafarroako emakumeen elkarteen koordinakundeko lehendakaria zara. Indarrak biltzeko beharra ikusi zenuten?

Bai, 35 elkarte gaude hor gauza handiak elkarrekin egin nahian. Orain ikasten ari gara aurrekontuak genero ikuspegiarekin aztertzen. Agenda feminista sortu nahi dugu, eskakizunak egin ahal izateko, hori baita elkarteen zeregina: zure nahiak eta beharrak defendatzea, eta, era berean, gizartean aldaketak bultzatzea. Adi egon behar dugu datorkigunarekin, egoera aldatzen bada aurrera emandako bi pausotxoak berriz atzera eginen ditugulako. Deus ez dago erroturik. Eskuineko diskurtsoak zabaltzen ari dira, eta beldurra ematen du.

Gazterik hasi zinen elkarteetan? Zerk bultzatu zintuen horretara?

Talde edo elkarteren batean sartuta egon naiz 13-14 urte nituenetik. Ez dakit zerk bultzatu nauen horretara; hamar anai-arrebetanzaharrena naiz, eta uste dut horrek nortasuna eman didala. Taldea da nire tokia; taldeek pizten naute, oinak lurrean jartzen dizkidate, hausnartzera bultzatzen naute... Txikitatik ohartu nintzen niretzat inportantea zela beste pertsona batzuekin egotea eta gauzak egitea. Unibertsitatean nintzela, frankismo garaia zen, eta gauzez hitz egiteko eta egoteko zure zirkulua bilatu behar zenuen, heldulekuak izateko. Garai hartan, dena den, ez nintzen konpromiso handiko gauzetan aritu.

Feminismoaren bueltan aritu zara beti?

Hasieran hezkuntzaren inguruan aritu nintzen, eta haurrak izan nituenean guraso elkarteetan. Alaizen hasi nintzenean murgildu nintzen emakumeen taldeetan eta feminismo esplizituan. Ordutik ez dut utzi; are, ez dute besterik egin nahi.

Hezkuntzari dagokionez, zein ziren zure kezkak?

Pedagogia aktiboaren gaia landu nuen asko: nola hezi ekintzaren bidez. Alaizen ere horri heldu nion. Pedagogia aktiboan ekintza da lehenbizi, gero hausnartu, ikusi zer gertatu den, zer egin duzun, zergatik atera den ongi edo gaizki, ikasi eta berriz hasi. Hezteko ezinbesteko elementua da hori.

Duela urte batzuk Miran foroa sortu zenuten. Zergatik?

Egunero bueltaka genituen gaiez hitz egiteko espazio bat falta genuen, horiei buruz irakurri, eztabaidatu eta ikasteko. Elkarte xumea sortu genuen, antolatzeko erraza. Guretzat zen espazio hori, baina gizarte osoari irekia.

Emakumeen Etxea izan da zuen lorpenetako bat. Nola izan da prozesua?

Ederki kostata lortu dugu. Urteak generamatzan etxea eskatzen, eta aurreko udal legegintzaldian berdintasun zinegotziak heldu zion gaiari. Ia ehun emakumek parte hartu zuten prozesuaren uneren batean. 2019ko urrian ireki, eta 2020ko martxoaren 8a izan zen azken ekitaldia. Hala ere, bizirik mantendu genuen Interneten.

Zer garrantzi du horrelako leku bat izateak?

Ezinbestekoa da. Denak sakabanaturik ginen, eta hau bada mugimendu feminista osoa ikusarazteko modu bat. Emakumeentzako erreferentzia bat da: hona etor daitezke, eta elkarteek badute toki bat gauzak egiteko eta gordetzeko. Arazoa da tokia falta zaigula.

Nola ikusten duzu mugimendu feminista gaur egun?

Une gatazkatsu batean gaude: erronka berriak sortu dira, eta ikusi behar dugu nola uztartu. Feminismoaren inguruko LGTBI mugimendua, transak, queerrak... ez gara ados jartzen. Uste dut zaharra naizela, eta gai hori besteei uztea nahiago dut.

Elkar ulertzea falta da?

Zaila da. Prostituzioaren gaia, adibidez: batzuentzat, esplotazioa da; besteentzat, lana. Aspalditik heldu den gai horri batu zaio orain aukera sexualekin lotutako edo generoa zalantzan jartzen duen mugimenduena. Denbora batez generoarena ongi etorri zaigu, baina orain arazoak sortzen ditu. Ni neu nahasturik nabil, ez dut erabat argi, bat eta bestea aditzen dituzulako. Generoa erabaki dezaket, baina sexua? Nik ez dakit nola erabaki dezakezun.

Zein dira feminismoaren erronkak orain?

Aipatutako hori da erronka handietako bat. Bestea liberalismo ankerra itzuli da manera batean gaur egun ezin izanen baikenukePekingo konferentzia antolatu. Feminismoan inboluzio arriskua handia da herrialde guzietan. Emakumeek aurrera egin dugu, eta patriarkatua erantzuten ari da. Alicia Miyaresek dioen bezala, guri eskubideak eman zaizkigu, ez zaizkigu aitortzen. Beraz, kontuz ibili behar dugu irabazitakoa ez galtzeko.

Badago horri aurre egiteko indarra, hala ere?

Azken ehun urteetan begira nola aldatu den dena. Emakumeak sartzen hasi gara unibertsitateetan, botere postu batzuetan... espazioetan presente gaude. Baina elkarteen indarra mugatua da, ahal duguna egiten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.