30 urtez Gasteizko euskararen lubaki

Geu Gasteiz Euskalduna elkarteak 30 urte bete ditu aurten. Hirian euskara sustatzea izan du helburu betidanik. Urriaren 1ean ospatuko dute urteurrena, eta elkarteko kideek adierazi dute proiektu berrien abiapuntu izango dela.

Joseba Gorostiza, Azaitz Unanue eta Nefer Olaizola Geu elkarteko kideak, taldearen egoitzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Antzina, bazeuden Gasteizko lubakietan —arnasguneetan— euskaraz mintzatzen zirenak. Gaur egun, ordea, hedatzea eta gero eta jende gehiagok hitz egitea da hiriko euskaltzaleek nahi dutena. Jende askoren hainbat urtetako ahaleginari esker, apurka-apurka betetzen ari da utopia zirudien hori; izan ere, Gasteiz hiri euskaldunagoa dela erakusten dute datuek. Hein handi batean, Geu Gasteiz Euskalduna elkarteko kideek azken 30 urteotan egunero egindako inurri lan nekaezinari esker, inoiz baino gehiago egiten da euskaraz. Beraz, badira arrazoiak urte hauetan guztietan lortu dutena ospatzeko, baina baita proiektu berriei ekiteko ere. Horregatik, urriaren 1a, 30. urteurrena ospatzeko egun handia izateaz gain, proiektu berrien abiapuntu ere izango da elkarteko kideentzat.

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da Geu. Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko eta euskaldunen eta euskaltzaleen komunitatea trinkotzeko asmoarekin abiatu zuten proiektua, 1992. urtean. Egun, 800 bazkide inguru ditu, eta, lan boluntarioa egiten dutenez gain, soldatapeko zortzi langile daude eguneroko kontuak kudeatzen. Nahiz eta urte hauetan elkartearen balioak eta printzipioak ez diren aldatu, etapa bakoitzaren atzean istorio bat dago. Izan ere, aurreko lanak markatu die bidea egungo kideei.

1990eko hamarkadaren hasieran, euskaldunak egon bazeuden hirian, baina askok ez zuten elkar ezagutzen oraindik. Lehen Hezkuntzako irakasle batzuek antolatu zuten elkartea sortzeko lehen batzarra, Gasteizko Irakasle Eskolan, eta jende andana bildu zen lehen bilera horretan. Joseba Gorostiza —orduan Egin egunkariko kazetaria— izan zen bilera horretara joan zirenetako bat. Bereziki, Geu Gasteiz aldizkariaren hastapenetan parte hartu zuen.

Lehen bileran izandako bakoitzak gauza desberdinak proposatu zituen.«Mota askotako jendea geunden bileran, eta nork bere iritzia zeukan: askok irakaskuntzan ikusten zituzten gabeziak. Guri, berriz, komunikazioa interesatzen zitzaigun, eta argi geneukan aldizkari bat atera nahi genuela», oroitu du Gorostizak. Hala, urte askoan, aldizkaria izan zen elkartearen adarrik garrantzitsuena. Horri esker, denbora gutxian, Geu ezagun bihurtu zen Araba osoan.

Nahiz eta elkartea bere boladarik gozoenean egon, krisi garaiak eta trantsizio urteak ere izan zituen. Bereziki, 2009a, aldizkaria itxi zuten urtea, ez zen batere ona izan. Nefer Olaizola Geu elkarteko kideak taldearen historia gorabeheratsua aurkeztuko du erakusketa batean. Adierazi du elkartearen boladarik gogorrenetan «elkarlanari esker» iraun zuela proiektuak.

Era berean, proiektua gehiago profesionalizatuz zihoan heinean, emakumeak gizonak baino gehiago ziren. «Erakusketan argi ikusiko da elkartea gizonez beteta zegoela hasieran, baina, profesionalizatu zenean, emakumeek hartu zuten garrantzia», azaldu du Olaizolak.

Aktibazioa ardatz

Urte hauetan elkartearen ardatz garrantzitsuenetako bat izan da «euskararen aktibazioa», Azaitz Unanue elkarteko kideak azaldu duenez. «Mintzalaguna —euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak biltzen dituen programa— eta antzekoak egiten ditugu. Horrez gain, formakuntza eta motibazio tailerrak ematen ditugu». Halere, arlo digitalean «asko dago egiteko, hutsune itzela baitu euskarak teknologian».

Aisialdi ekintzak antolatzea ere garrantzitsua da Unanuerentzat. Umeentzako udalekuak antolatzen dituzte, esaterako, eta «harreman estua» daukate guraso elkarteekin. Are, jaietan txosna jartzen dute Aihotz plazan, «euskararen arnasgune izan dadin». Halere, hortik kanpo ere antolatzen dituzte ekintzak jaietan.

Bada etorkizuna

Gasteizen gero eta gehiago hitz egiten da euskaraz. Azken datu soziolinguistikoek hala erakusten dute, behintzat. Hain justu, «bilakaera positibo» horretaz mintzatu da Unanue: «Jende askoren ahaleginari esker, gora egin du erabilerak. Badaude arrazoi soziologiko eta sozioekonomiko batzuk: Eusko Jaurlaritza hemen jarri izana eta industrializazio garaian Debagoienetik etorritako jendeak izandako eragina, adibidez». Halere, gasteiztarrek euskararekiko lotura galdu ez izana nabarmendu du Unanuek.

Gorakada horren erantzule nagusietako bat izan da Geu, eta, horri esker, euskara sustatzeko erreferente bilakatu da hiriko kolektibo askorentzat. Olaizolaren ustez, garrantzitsua da jendea jabetzea Geu ez dela elkarte bakartu bat: «Geu ez da irla bakartu bat: artxipelago bat bezalakoa da; hiriko eragile askorekin egiten dugu lan». Horregatik, Gasteiz euskaldunago bat lortze aldera, Unanuek argi dauka «topikoak hautsi» behar direla. «Euskara urbanoa da, euskaldun gehienak hiri eta herri handietan bizi baitira. Hor ezarri behar da estrategia», esplikatu du.

«Gaztetasuna, ilusioa eta militantzia» ikusten ditu Gorostizak elkartean. Olaizolak eta Unanuek, berriz, badakite bidea egiten jarraitzeko «inflexio puntua» izango dela urteurrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.