Manoli Zumeta. Urrezko Neskak taldeko kidea

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».

GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Lasarte-Oria
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Astearte iluntzeak mugituak dira Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Santa Anako Karkaban, han elkartzen baitira Manoli Zumeta (Lasarte-Oria, 1945) eta Urrezko Neskak taldeko kideak. Karkabako eraikina jaiotetxea du Zumetak, eta, orain, anaia bizi da han, baina badaki egun horretan emakume taldearena dela txokoa: «Hau gure laborategia da; hemen ez da inor sartzen. Anaia ere ezin da jaitsi! Astearteetan, edo zerbait baldin badaukagu... badaki!». Paretak argazkiz beteta daude, urtez urte taldean sortutako mozorroen eta antzerkien oroitzapenekin apainduta. Erloju bat ere badago atearen pareko horman zintzilik: zenbakien lekuan, taldeko kideen aurpegien argazkiak ditu erlojuak, zuri-beltzean; saskibaloi taldeko fitxetako argazkiak dira, hain zuzen.

Karkaban gaude: leku berezia da zuretzat. Zergatik?

Santa Anako Karkaban, bai. Etxea gure familiarena da, eta hemen jaio nintzen ni; aurreneko solairuan bizi izan nintzen. Oilategia izan zen txoko hau, eta txerriak, akuriak... eduki genituen. Eliza dago parean, eta, inguruan, patinetearekin ibiltzen ginen umetan, ez zelako autorik pasatzen. Gure eremua zen hau, erdigunea. Hemen, lau etxetan, Lasarte osoan baino ume gehiago zegoen.

Karkaban elkartzen zarete Urrezko Neskak taldeko kideak, asteartero. Orain baduzue zerbait esku artean?

Inauterietan, sagardotegiz mozorrotu gara aurten, ikusi: [Upel bat seinalatu du, Itxas Buru sagardotegia dioen kartel bat dauka jarrita, eta argazki bat erakutsi du, taldeko emakumeak agertzen direna]. Kalean ibili ginen, eta txotx irekiera eta guzti egin genuen. Saskibaloi taldean ibiltzen ginenean gure kronikak egiten zituztenak gonbidatu genituen, eta Patxi Larrañagak [harakina] txistorra oparitu zigun; sei kilo oparitu zizkigun, edo agian gehiago!

Nola sortu zen Urrezko Neskak taldea?

Hasieran, ez ginen lagunak; ni ez nengoen taldea sortu zutenean. ATC enpresako emakume batzuek saskibaloi taldea sortu zutelako hasi ginen elkartzen. Han lan egiten zuten, eta enpresako mutilak futbolean aritzen ziren. Entrenamendua izaten zutenez, lanetik ospa egiten zuten. Orduan, emakumeek esan zuten: «Zer arraio, gu ere joango gara!». Eta zuzendariarengana joan ziren, saskibaloi talde bat sortu nahi zutela esatera. 1964. urtean izan zen hori. Oso ondo iruditu zitzaion zuzendariari.

Eta zu noiz batu zinen taldera?

Hasieran, hamar bat edo gehiago izango ziren. Urtebeteren ondoren, ordea, askok utzi egin zuten. Beraz, niri eta beste hainbati esan ziguten ea haiekin batera hasi nahi genuen, altuak ginen eta.

Zein zen taldearen helburua?

Ondo pasatzea. Lehendabiziko urtean ez genuen partida bat ere irabazi. Sekulako astinduak ematen zizkiguten: 62-2, 45-4... Baina gu pozik itzultzen ginen, hain ondo pasatzen genuen... Anoetan, [Donostia, Gipuzkoa] futbol zelaia dagoen tokian aritzen ginen, pare bat kantxa zeudelako, baina lehengoak ez dauka zerikusirik gaur egungoarekin. Gainera, ez geneukan zapatilarik ere, eta ezer gabe aritzen ginen, kaleko arroparekin. Euria egiten zuenetan, maskara moduko bat jartzen zuten taldeko batzuek buruan, astero joaten ziren-eta ile apaindegira. Urte horiek onenetan onenak izan ziren.

Zer mailatan aritu zineten?

Maila? Ez zegoen mailarik! 18 eta 20 urte bitartean genituen, eta hasiberriak ginen! Buen Pastorrek bazeukan talde bat, Tolosan ere bazen beste bat, Hondarribian beste bat, Errenterian [Gipuzkoa], lantegi indartsu batekoak... Hondarribira, adibidez, eguna pasatzera joaten ginen: txango handi baten modukoa zen guretzat.

Zenbat denboran aritu zineten saskibaloian?

Hiruzpalau urte izango ziren. Gero, Michelin enpresara mugitu zen taldea, han jokatzeko. Hor, beste jende bat sartu zen, eta profesionalago bihurtu zen, baldintza hobeak zituzten... Talde batzuk aritzen dira oraindik, baina gu izan ginen aitzindariak: guk jarri genuen hazia.

Eta saskibaloia uztean, zer egin zenuten?

Betikoa: ezkondu ondoren, harremana hoztu zen; ez zen orain bezala. Lanean hasi ginen, bikotekidea eta haurrak geneuzkan...

Baina laguntasunari eutsi diozue, ezta?

Ezkondu ondoren, ume txikiak genituenean eta abar, elkarren berri bageneukan, baina ez genuen denborarik elkartzeko. Gero, umeak koskortu zirenean, eta bakoitza bere aldetik joaten hasi zenean, elkartzeari ekin genion berriro.

Oso talde aktiboa izan zarete herrian. Euskararen Maratoian parte hartu izan duzue, adibidez, antzerkiak-eta egiten. Nolatan hasi zineten horretan?

Ez dakit zer urtetan izango zen. Guztira, sei bat aldiz atera gara. Jendea behar zutela, eta Joxe Mari [Agirretxe, Porrotx] erdian zegoenez proposatuko ziguten seguruenik. Santanetan ere ateratzen ginen, parodia bat egiten delako urtero, herrian gertatutako gorabeherak kontatzeko. Behin hor hasita, maratoian ere baietz esan genuen.

Euskara bultzatzeko ekintza bat da Euskararen Maratoia, eta Lasarte-Oria asko euskaldundu da. Zer harreman izan duzu euskararekin?

Pila bat euskaldundu da, bai. Gazteleraz egiten genuen guk beti; kalean ez zen euskaraz egiten. Baserrikoek ere gaztelaniaz egiten zuten kalean. Eta horiek ez zuten euskara galdu, etxean euskaraz egiten baitzuten. Guk amarekin euskaraz egiten genuen, hark ez zekielako eta ikasi nahi zuelako. Aita sartzen zenean, ordea, gaztelaniaz hasten ginen berriro.

Eta, denborarekin, aldatu al da harreman hori?

Ikusten duzu jendeak badakiela hitz egiten, baina ez gara ausartzen euskaraz hitz egiten hastera. Askotan, dendetara joan eta lehen hitza erdaraz egiten dugu. Ez daukagu ohitura hori, lehenbiziko hitza euskaraz egitekoa. Eta gero, hasten zara, eta konturatzen zara badakizula.

Noiz hasi zinen egunerokoan erabiltzen?

Gehienok umeekin hasi ginen euskara erabiltzen, eta orain, bilobekin, are gehiago. Lehen baino gehiago egiten dugu, eta lehen baino hobeto moldatzen gara. Taldeko batzuek ez dakite euskaraz; beraz, hemen ere erdaraz aritzen gara normalean. Baina gure seme-alabekin ez.

Maratoiaren hamargarren aldian, omenaldia egin zizueten.

Bai, ekitaldian, hasieratik parte hartu zuten horiek hasi ziren pixkanaka-pixkanaka [oholtzara] igotzen. Apropos egin genituen kamisetak horretarako, eta bakoitza urte batean erabilitako mozorro batekin atera ginen. [Argazki bat erakutsi du] Lehena mojaz; gero, Trapp familia-z, Edurnezuri eta zazpi ipotxez, Verano azul telesailaz...

Zer sentitu zenuten omenaldia jasotzean?

Poza. Behintzat gogoratzen dira hor gaudela. Esan genien: «Bueno, aurtengoa azkena izango da». Baina, gero, seme-alabek esaten digute: «Gogoa baldin badaukazue, eta hain ondo bazaudete, segi egiten!».

Nola sortzen dituzue ikuskizunak eta mozorroak?

Ikusten duzu hori? [Elkarrizketaren hasierako sagardo upela seinalatu du] Hori sagardoz beteta ekarri genuen. Berez, garagardo barrika bat da, baina zer egin pentsatzen ari ginela, baten batekesan zuen: «zergatik ez dugu txotxa egiten?». Eta horrela erabaki genuen sagardotegiz mozorrotzea.

Zer antzerki egin izan dituzue?

Duela sei urte, adibidez, limusina batekin atera ginen; Bilbotik etorri zen, eta limusina arrosa fuksia zen. Oscar saria irabazi berri zuten aktoreez mozorrotu ginen. Denak larruzko berokiekin-eta, elegante. Iristen ari ginela, jendeak zioen: «Zein dator hemen?». Guk barrutik dena ikusten genuen, baina kanpokoek ez, kristalak beltzak zirelako. Bi botila xanpain zekartzan limusinak, eta gure kopekin-eta, a zer iskanbila sortu genuen! Lagun bat daukagu ahizpa Kanadan daukana, eta hark ekarri zizkigun larruzko arropak. Autentikoak ziren!

Xumela abesbatzan ere aritzen zara, ezta?

Bai, ahizparekin batera. Astean behin elkartzen gara abesteko.

Saretuta jarraitzeko beste modu bat da?

Etxean ez egoteko. Ez gara etxean egotekoak: hori ez zaigu batere gustatzen.

Eta ibilketa nordikoa ere egiten duzue.

Bastoiak hartuta aritzen gara, bai. Asko disfrutatzen dut kirola egiten, pila bat. Lasterketak ez ditugu egiten, Lasarten egiten dena bakarrik. Kanpora ere joaten gara: hemendik gutxira, Sarlatera [Frantzia] joango gara, Bordele aldera, ibilketa nordikoa egitera.

Zein izaten da zuen astearteko plana?

Asteartero egiten dugu juntadizoa. Lehen, ostegunetan, haurrekin edo bikotekideekin geratzen ginen. Orain, astearteetan gu geratzen gara [pixkanaka, taldekideak txokora iristen hasi dira]. Atera, zerbait hartu, bokata hartzera joan eta etxera.

Orain, badirudi adin batera helduta geldirik egon behar dela, eta ia-ia desagertu. Zuek kontrako adibidea zarete. Zer iritzi duzue horri buruz?

Hori nahi dute, baina ez gara gelditzen; gu oraindik ere hor gaude, lehen lerroan. Ostiral honetan, adibidez, sagardotegira joango gara elkarrekin. Gu ez baldin bagara mugitzen, jende askok geratu beharko du guk egiten duguna egiten. Adibidez, orain hemen hiru gaude [taldeko kideei begira esan du] eta hirurok dauzkagu seme-alabak. Bat libre dago, baina besteak haurtzaindegi funtzioan jarraitzen du. Oraindik etorri ez dena ere, nire ahizpa, oraindik ez da libratu. Ez dakit bilobak ez ote zaizkien egunero joaten bazkaltzera.

Halere, astearteroko martxari eusten diozue zuek. Garrantzitsua da zuentzako denbora eta lekua izatea?

Horregatik elkartzen gara astearteetan. Asteko kontuak esateko elkarri, eta kito. Badakizu zer karga kentzen diozun gorputzari horrela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.