Javier Mangado. Irakaslea, ezkila jotzailea eta dantzari ohia

«Institutu bat gizartea bera da, baina eskala txikian»

Irakaskuntza «esker oneko» lana izan da Mangadorentzat, eta zuzendari aritu zen urte luzez. Antolatzea eta irakastea maite ditu, baita ikastetxeetatik kanpo ere. Erretiroa hartu ondotik, zaletasunei eutsi zien: euskara, irakaskuntza eta tradizioak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Tipi-tapa, tipi-tapa. 151 eskailera igo behar dira, Iruñeko katedraleko dorrean gora, Maria ezkila jotzeko. Handik Iruñerri osoa ikusten da, eta Alde Zaharrean dauden pertsonak xinaurrien pare. Parez pare, beste dorrean dago Gabriela ezkila. «Iraulkatzeko, lehenbizi ahoz gora jarri behar da, eta zortzi lagun behar dira horretarako». Ateak ireki dituenarenak dira azalpenak, Javier Mangadorenak (Iruñea, 1952). Lanbide Heziketako eta Batxilergoko irakasle eta zentroetako zuzendari izan zen 2012an erretiroa hartu zuen arte. Oraindik irakasle aritzen da, jubilatuei euskara irakasten. Iruñeko erraldoien konpartsako eta udal dantza taldeko kide ohia, gaur egun katedraleko ezkilak jotzen ditu. Bertako tradizioen maitale, eta parte hartzaile. Jaitsi, eta San Jose plazan izan da solasaldia, ezkila hotsen gerizpean.

Iruindarra ez ezik, Iruñeaz maiteminduta dagoen gizona zara?

Bai, hemen jaio, gaztetu, bizi, eta hemen zahartu nahiko nuke. Orhi mendiko txoria bezala.

Zergatik maite duzu Iruñea?

Ez dakit, betitik bizi dudalako hau. Lanarengatik kanpoan egon naiz, irakasle. Iruñeko Irubiden hasi nintzen ordezkapen bat egiten, gero Alfarora [Espainia] joan nintzen, eta han bi urte eman nituen. Oposizioak gaindituta, Gasteizera joan nintzen, gero Altsasura gerturatu [Nafarroa], eta, azkenik, Iruñean. Bidaiari txarra naiz; hemen baditugu txokoak, tradizioa, giroa... Bizikleta hartu, eta 20-40 kilometrora mendialdea edo basamortua ditugu.

Irakasle gisa, beti aritu zara fisika eta kimika irakasten?

Biologoa naiz, baina fisika irakasten hasi nintzen. Natur zientziak ere eman ditut. Iruñera zuzendari izendatuta etorri nintzen, Politeknikora [Lanbide Heziketako zentroa], oraingo Donapeara. Natur zientziak eman nituen, baina bigarren urtetik aurrera fisika eta kimika. Harrezkero, beti fisika eta kimika. Biologia ikasi nuen oso-oso gustukoa nuelako; argi nuen 13 urte nituenetik. Behin fisikan sartuta, orain maiteago dut hori.

Irakaskuntzan aritu nahi zenuela ere argi zenuen?

Hasieran ez; ikerketa maite nuen. Lan irtenbide bakarra irakaskuntzan aurkitu nuen, baina ez nuen inolako penarik izan. Maite dut irakastea: dantza taldean eta erraldoien konpartsan ere beti gustatu zait ikasitakoa irakastea.

Nerabeekin aritzea zaila egin zaizu?

Polita, baina neketsua; batez ere urteetan sartuta. Lanbide Heziketatik Batxilergora aldaketa nabaria izan zen; gaur egun nahiko pareko daude biak. Oso aberasgarria izan da, mundua oso bestela ikusten duzulako. Hori ikasleek irakasten dizute. Zuzendaritzak ere beste ikuspegi bat ematen du. Administrazioaren eta zentroaren artean zaude, ogitartekoa bezala, eta zaplaztekoak ezker-eskuin jasotzen dituzu. Bulegoko lana handia izan arren, gauzak egin ditzakezu, eragin dezakezu institutuari bultzada emateko.

Zein zen nahi zenuen institutu eredua?

Ez dut ikusi postua nagusi bezala, lan handien egin behar duena bezala baizik. Horregatik ongi moldatu naiz lankideekin, gurasoekin eta ikasleekin. Zuzendaritza formakuntzan ikusi nuen lidergo partekatua ideia oso ona dela. Ez ditut piramideak maite, baina lanean moldatu behar duzu dagoen antolamendura. Adibidez, ezkilazainen taldean nik antolatzen ditut egutegiak-eta, baina gure artean ez dago nagusirik. Hor eroso sentitzen naiz.

Hezkuntza ereduari buruz zer iritzi duzu?

Katedra ere atera nuen, eta pedagogia landu eta ikasi behar duzu. Ikusten dituzu hamaika teoria, baina praktikora jo behar duzu, bestela teoriaren hodeian gelditzen zara. Oso eredu onak topatu ditut bidean, eta ez katedradunen artean: irakasleen artean baizik. Horrela irakatsi nahi nuen. Beti miretsi dut ikasleari transmititzen dion irakaslea. Batzuetan inpresio hori duzu, lortu duzula; eta seguruenik uste baino gehiagotan gertatzen da. Zuregatik fisika ikasi zutela esaten dizutenean... Oso esker onekoa da lan hau.

Gatazka asko kudeatzea ere tokatzen da. Nola bizi izan duzu?

Batzuk oso-oso gogorrak izan dira. Politeknikoan batez ere diziplinarik ezak eragindako gatazkak zeuden; Biurdanan, oro har, horiek gutxiago, baina politikoak bai. Iturramako gatazka gertatu zenean [Espainiako Auzitegi Nazionalarekin] oso gogorra izan zen ikasleen aldetik eta zuzendariaren aldetik. Orduan ni ADIn [Nafarroako Institutuetako Zuzendarien Elkartea] nengoen eta gertutik tokatu zitzaidan.

Gatazka politikoak ere zeharkatzen zuen institutua?

Institutu bat gizartea bera da, baina eskala txikian. Gizartean gertatzen diren guztiak gertatzen dira han. Bizi esperientzia ona da.

Orain euskara irakasle ari zara, jubilatuekin. Erretiroa hartuta, ezin eskolak emateari utzi?

Garai hartan nerabeekin beti oihuka aritzen nintzen; orain ere bai, baina entzuten ez dutelako [irri egin du]. 2012ko irailean erretiroa hartu, eta urrian hasi nintzen euskara ematen. Beti egin dudanez, jarraitzen dut. Kateatua nauka. Baina ikasle hauek lagunak dira, nahiz eta nik irakatsi.

Eskolak beti euskaraz eman dituzu?

Ez, ez. Biurdanara iritsi arte, erdaraz. Euskara 37 urterekin ikasi nuen. Euskara ikasi nahi nuelako egin nuen birziklapena. Ohartu nintzen hizkuntza benetan ikasteko eskolak euskaraz eman behar nituela. Garai hartan Politeknikoan dena gaztelaniaz zen. Kasualitatez lau irakasle elkartu ginen, birziklapena egindakoak, eta D eredua muntatzea pentsatu genuen. Administrazioari proposatu, eta onartu zuten. Ez zegoen testulibururik; testuren bat bai, baina Batxilergorako. Beraz, materialak sortu genituen.

Noiz hasi zinen dantzari?

20 urterekin. Udal dantza taldean eta konpartsan batera sartu nintzen. Zapateria kalekoa nintzen. Lagun bat dantza taldean sartu zen, eta prozesioan ikusten nuen etxe azpitik pasatzen. Nik ere hor parte hartu nahi nuen.

Orduan ez zen Duguna?

Ez, taldea utzi nuen urtean gatazka izan zen udalarekin, eta orduan sortu zen Duguna.

Zer egiten zenuten?

Ateraldiak. Hemengo eta Donibane Lohizuneko udalek harreman ona zuten. Urtero joaten ginen hara: pasaportea behar genuen, eta [Espainiako] gobernu zibilaren baimena. Muga pasatzean Javier Zabalza kideak oihukatzen zuen: «Askatasuna!».

Zer giro zegoen euskal dantzen munduan?

Oso polita. Orain dantzak ikertu dira, eta askoz ere osatuago daude. Udal dantza taldea Patxi Arrarasek sortu zuen, eta hasiera batean ez zen edonor sartzen: altuera jakin bat eskatzen zen eta abar. Dantzari oso-oso onak zeuden, eta sortu zuten Duguna ikuskizuna. Dantzak nahiko moldatuak ziren, ballet antzekoa. Egiten genituen entrechat, pas de bourre...

Euskal kulturarekiko grina bazegoen?

Ez genekien euskaraz orduan, euskal kultura bai, baina gure modura. Folkloretik, gehiago.

Konpartsan nola sartu zinen?

Kilikia izan nahi nuen, umeak zirikatzeko. Baina sartu eta urtebetera erraldoia hartzeko agindu zidan nagusiak: «Hartu hemendik, eutsi hemen, eta aurrera».

Orduan ez ziren askorik lantzen erraldoien dantzak?

Ez, batere ez. Orduan konpartsa kuadrilla bat zen, denetarik zegoen, baina oso giro ona.

Zergatik hasi zineten koreografiak sortzen?

Nagusia udaltzaina zen, eta hark utzi zuenean, guk hartu genuen ardura. Aurrerago Mari Ganuza sartu zen, ipurterrea da, eta kexu zen beti bals bera egiten genuelako. Andoni Iribarren sartu zenean, bi dantzari ginen, eta hasi ginen koreografiak egiten. Gosarietan gustura egoten ginenez, dantzen izenak hala ziren: Orburua, Angulatxoa, Txistorra... Garai hartan sei dantza sortu genituen.

Gogoan duzu konpartsarekin atera zinen lehenbiziko eguna?

Uztailaren 6a zen, Riau-riaua. Zaldikoa eman zidaten, eta ni gogo handiz. Bikotekideak esan zidan bigarren txanda egiteko. Berak bazekien. Txanda aldaketa Garcia tabernan egiten zen. Kontent hartu nuen; gero ordu bat, bi, hiru... Plazaolako geltokira iritsi ginenerako... ene! Biharamunean dantzari atera nintzen prozesioan, baina 8an itzuli nintzen, eta kilikia eman zidaten. Gozatu nuen. Horretan aritu nahi nuen.

Sanferminak gogorrak egiten zitzaizkizun?

Ez, oso gustura egiten genuen. Gutxieneko sasoian joan behar duzu egunero; ezin zara gaupasa eginda joan. Baina ni 22:00etan lokartzen denetakoa naiz.

Noiz sartu zinen ezkilak jotzera?

2011n katedraleko aurrealdea eta ezkilak zaharberritu zituztenean, kabildoak halako ezkilazain talde bat sortzea erabaki zuen. Francesc Llop Valentziako aditu bat etorri zen irakastera. Antolamendua gure esku geratu zen, eta nik hartu nuen ordutegiak-eta prestatzeko ardura. Aurretik, langile bat zen ezkila jotzailea, eta bi dorreen arteko tartean bizi zen.

Zerk kateatu zintuen?

Ez nekike adierazten. Mundu bitxia da, berezia. Mugimendua, hotsa... Maria barruan burrunba egiten du ezkilak zure barruan; sentsazio berezia da. Beste dorrean ezkilaz inguratuta zaude, klin-klin, klan-klan. Prozesioak eta halakoak goitik ikusten dituzu; ikuspegi ezberdina da.

Nola ikusten duzu Iruñea gaur egun?

Uste dut Iruñe zaletasunarekiko geroz eta interes handiagoa dagoela. Garai batean PTV [betidanik Iruñekoa] deitzen zirenak zeuden; orain benetako iruindarrak daude, asko oso inplikatuak eta historia eta tradizioak ikasteko gogoz. Ez da itxura, benetakoa da. Hemen saltsa handiak egin dira, adibidez, Gazteluko plazako aparkalekua. Gure historia eta aztarnak suntsitu dituzte, eta uste dut errebote efektua izan duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.