Kataluniako hauteskundeak. Biharamuna

Junts eta CUP ez ezik, Comukoak ere koalizioan nahi ditu Esquerrak

Juntsek ohartarazi du gobernu akordioak alderdi independentisten artekoa behar duela izan. PSCk iragarri du elkarrizketak hasiko dituela

Junts eta CUP ez ezik, Comukoak ere koalizioan nahi ditu Esquerrak.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamenturako emaitzen berri jakin eta ordu gutxira agertu da negoziazioetarako lehen oztopoa, eta izen propioa du: ECP En Comu-Podem. Alderdi independentistek osatuko luketen balizko koalizioan sartu nahi du hura ere ERC Esquerra Republicana de Catalunyak, baina JxC Junts per Catalunya ez dator bat. Laura Borrasen taldeak gobernu independentista bat nahi du.

PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak lortu zituen boto gehien igandean egindako parlamenturako hauteskundeetan—%23,04—, baina eserlekuetan ERCrekin berdindu zuen, 33na. Salvador Illa hautagai sozialistak herengun bertan iragarri zuen inbestidurara aurkezteko asmoa, baina gaur-gaurkoz ez du horretarako nahikoa sostengu. ERCko zerrendaburu Pere Aragonesek, berriz, gehiengo osoa izango lukeJxCren —32 ordezkari— eta CUPen —bederatzi ordezkari— babesa eskuratuz gero.

Esquerrako bozeramaile Marta Vilaltak atzo iragarri zuen «berehala» hasiko dituztela «gobernu zabal bat» osatzeko negoziazioak. Horretarako elkarrizketak zuzenduko dituen talde estrategiko bat osatuko dute, eta hori egindakoan Juntsekin eta CUPekin bilduko lirateke, hurrenez hurren. Bai Vilaltak berak eta bai Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde kargutik kenduak baztertu egin zuten sozialistekin koalizioa osatzeko aukera; izan ere, haren esanetan, bi alderdiak «elkarren erabat aurkakoak» dira.

Junquerasek argi utzi zuen gobernu berriak «subiranista eta ezkerrekoa» behar duela izan, eta, beraz, PSCk ez lukeela tokirik bertan. Vilaltaren esanetan, 2017an Ciutadanseko zerrendaburu zen Ines Arrimadasen egoera berean dago egun Illa —Arrimadasen alderdiak irabazi zituen ordu hartan bozak, baina ez zuen gobernua osatzeko adinako babesik lortu—, eta aurreratu zuen ez duela eta ez duela izango presidentetza eskuratzeko adina botorik parlamentuan. Aldiz, nabarmendu zuen ez dietela betorik jarriko presoak aske uztea eta erreferenduma egitea babesten duten alderdiei.

Vilaltak historikotzat jo zuen independentismoak botoen %50en langa igaro izana —botoen %51,14 lortu dituzte hautagai subiranistek—, eta nabarmendu zuen herritarrek «mezu argi bat» helarazi diotela nazioarteari: «Katalunia estatu independente bat izango da».

JxCk, ordea, soilik independentistak diren alderdiekin osatu nahi du koalizioa. Borrasek ohartarazi zuen independentismoak botoen erdien langa gainditzeak «ondorio politikoak» izan behar dituela eta, beraz, Generalitatearen buruzagitza hartuko duen koalizioak hori islatu behar duela, eta bide orri horretan ez dagoela Comukoentzako tokirik. Zerrendaburuaren tesia defendatu zuen Jordi Sanchez idazkari nagusiak ere. «Lanean hasteko garaia da orain, eta Junts zain dago ERCk legealdia kudeatuko duen gehiengo independentista osatzeko urratsak egin ditzan», adierazi zuen Sanchezek, eta ohartarazi akordioak CUP, ERC eta JxC soilik hartu behar dituela aintzat, nahiz eta baztertu ez ECPkoekin «akordio puntualak» egiteko aukera.

Esquerrakoak ez ziren izan, hala ere, atzo lanean hasi ziren bakarrak. Illak inbestidurara aurkezteko asmoa berretsi zuen, eta adierazi ERCri dagokiola sozialistei babesa eskaintzea, eta ez alderantziz. Hala, hautagai sozialistak iragarri zuen Vox ez beste alderdi guztiekin hitz egiteko prest dagoela, gobernua osatzeko helburuarekin: «Ez da mugimendu sinboliko bat, benetakoa baizik. Alderdi Sozialistak izan behar du Kataluniako politikagintzarenerdigunea. Elkarrizketaren legealdia izango da hurrengoa».

Alde horretatik, ERCren azken gonbitari oraindik erantzun ez dioten arren, PSC eta Esquerraren arteko ezkerreko gobernu baten aldekoagoak dira Comukoak ere. Hala, «ausardia» eta «eskuzabaltasuna» eskatu zizkion Jessica Albiach zerrendaburuak Aragonesi, sozialisten aurkako «blokeoa» ken dezan. Aldi berean, ateak itxi zizkion JxCrekin akordio bat egiteari. Comukoek eutsi egin zieten duela lau urteko emaitzei, baina Cupen eta Voxen atzetik geratu ziren botoetan eskuin muturra 11 ordezkarirekin sartu da lehen aldiz parlamentuan. Albiachen esanetan, gobernua osatzeko «modu asko» daude, eta ERCk ez du zertan «gobernu ahul baten menpe geratu, legealdi osoan aritmetika gaizkoak egitera kondenatua». Bide beretik, eskatu zien sozialistei indulta ditzatela 2017ko erreferendumagatik zigortutako buruzagi independentistak, «alderdi aurrerakoien arteko aliantza bat» osatu ahal izateko.

Kritikak Arrimadasi

Ciutadans izan zen igande gaueko galtzaile nagusia: 30 eserleku zituen lehen, eta sei ditu orain. Iturri ofizialek baztertua zuten aurrez inolako dimisiorik izatea alderdian, nahiz eta aitortu emaitzak «oso txarrak» izan zirela. Baina alderdian ez dira denak iritzi berekoak. Bere burua Cs Berritzaileak gisa izendatu duen talde batek ohar bat bidali zuen komunikabideetara, gertatutakoaren erantzukizuna Arrimadasi egotziz. Idatziaren arabera, Bartzelonatik Kataluniara joatea izan zen haren lehen akatsa, Katalunian «oposizioaren erreferente» bilakatzeari uko eginda.

Cs-en gainbeherak, baina, mesede egin dio Voxi, eta eskuin muturra indarrez sartu da Kataluniako Parlamentuan. 217.000 boto baino gehiagorekin, Ignacio Garriga buru duen zerrenda ganberako laugarren indarra izango da datorren legealdian. Harro agertu zen lortutakoarekin Santiago Abascal alderdiaren burua, eta iragarri zuen «Espainian agintzen duen herri fronte separatistari» aurre egingo diotela oposiziotik. Alderdiaren emaitzak ez dira, ordea, denen gustukoak izan, eta atzo gauean elkarretaratzeetara deitu zuten hainbat herri eta hiritan, eskuin muturraren gorakada salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.