Oposiziorik gabeko bozak

Presidentetzarako eta parlamenturako bozak egingo dituzte bihar Nikaraguan. Oposizioak eta nazioarteak iruzurra salatu dute, eta eskatu dute hauteskundeak bertan behera uzteko

Gonzalo Carrionek Costa Rican hartu du babes. AITOR TXABARRI.
San Jose
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Costa Rican, 100.000 nikaraguar baino gehiago daude momentu honetan: politikariak, giza eskubideen defendatzaileak... eta guztiak Nikaragua aldatzeko lan egiten ari dira oraindik ere hemendik», azaldu dio BERRIAri Gerald Chavesek, Nikaraguatik duela hiru urte alde egin zuen kazetari batek. Bihar presidentetzarako eta parlamenturako bozak egingo dituzte Nikaraguan, polemikaz betetako hauteskundeak. Daniel Ortega estatuburua da presidentetzarako hautagai nagusia, eta zerrenda berean presidenteorde kargura aurkeztu da bere emazte Rosario Murillo. Horiez gain, beste bost presidentegai ere aurkeztuko dira, baina egungo buruzagiak dauka irabazteko aukerarik handiena

AEBek eta Europako Batasunak, baina, ez dituzte begi onez ikusten bozak, eta beharrezko bermerik gabe egin nahi izatea egotzi diote Ortegari; besteak beste, oposizioko hainbat hautagai atxilotu eta alderdiak legez kanpo utzi dituelako. Ez dira bozak salatu dituzten nazioarteko erakunde bakarrak izan: Latinoamerikako gobernuz kanpoko beste lau erakundek ere eskatu dute horiek bertan behera uzteko.

Egun jardunean den gobernuaren kontrako ahots gehienak Costa Ricatik iristen dira. Han hartu du babes Nikaraguako oposizioaren zati handi batek, eta erbesteratu haientzat ez du inolako baliorik izango. «Gutxienez oposizioko berrogei ordezkari eta zazpi presidentegai kartzelan daude orain. Horrela, nola ez dute bada irabaziko Ortegak eta Murillok?», dio Lucia Pinedak, Nikaraguan sei hilabete kartzelan egin eta gero, 2019an alde egin behar izan zuen kazetari batek.

Costa Rican nikaraguarrek egindako asilo eskaerek gora egin dute maiatzetik. Urtea hasi zenetik, 30.000 asilo eskaera aurkeztu dituzte, 2019 osoan adina. Iaz, pandemiaren erdian, 10.000 izan ziren; eta 2018an, protesta gogorren ostean, 23.000 pertsona erbesteratu ziren auzoko herrialdean. Costa Rican bizi diren erbesteratu politikoen kopurua 100.000tik gorakoa da, gobernuz kanpoko erakundeen datuen arabera. Horien artean, politikariak, giza eskubideen defendatzaileak, ekintzaileak, kazetariak, ikasleak eta nekazariak daude. Costa Rican bizi diren migratzaileetatik %75 Nikaraguakoak dira. Horietatik asko Ortega eta Murilloren errepresiotik ihesean joan dira hara; horregatik, haientzat igandean ez da ezer ospatzeko arrazoirik izango.

Costa Rican bizi diren oposizioko kideek argi dute bozen emaitzak aldez aurretik prestatuta daudela, eta emaitzak ez direla izango Nikaraguako herriaren borondate politikoaren argazkia. «Daniel Ortega eta Rosario Murillok prestatuta daukate hauteskunde hauetarako beren plana; ez zaie axola gertatuko dena. Haiek esango dute bi milioi pertsona joan direla bozkatzera, eta bi milioi horietatik 1,5 milioik Fronte Sandinistaren alde egin dutela, eta gainontzekoek beste alderdiei bozkatu dietela, nahiz eta horrela ez izan. Dena muntai bat da», salatu du Pinedak. Erbestean bizi diren nikaraguarren gehiengoak uste du herriak ez duela gobernua aukeratzeko inolako askatasunik, ezta aurrera eraman nahi diren politikak erabakitzeko ere. «Nikaraguako herriak aukeratu egin zuen, eta ez zuen Ortega-Murillo bikotea aukeratu. Herriak aukeratutako buruzagiak kartzeletan daude, edo erbesteratuta, eta horrek beldurra eragiten digu bai han geratu direnei, baita kanpora ihes egin dugunoi ere», azaldu du Pinedak.

Oraindik ere Nikaraguan dauden oposizioko kideen egoera erbesteratuta daudenena baino okerragoa da. Askok jazarpena salatu dute, eta beste hainbat beren borondatearen kontra daude bertan, ihes egiten ahalegindu direnean atzeman egin dituztelako. «Hainbatek diote saiatu direla Nikaraguatik alde egiten, bai hegazkinez, bai autobusez. Baina mugara iritsi direnean, ezin izan dutela igaro, poliziek ez dietelako utzi. Batzuetan, gainera, Poliziak kendu egiten die dokumentazioa berriro muga igarotzen saiatu ez daitezen», salatu du Gonzalo Carrionek, Costa Rican aterpea hartu duen giza eskubideen aldeko ekintzaile batek. Poliziaren eskuetan dokumentuak galdu dituztenentzat, egoera askoz gehiago okertzen da, agiririk gabe ezin dutelako herrialdetik atera legea urratu gabe. Ondorioz, ezkutura jo behar dute, eta horrek arriskua dakar; horrez gain, beste herrialde batera iristen direnean ere linbo batean geratzen dira, asko zailtzen baita babesa eskatzeko prozedura. «Agiririk gabe dauden pertsonek legez kanpoko bideetara jo behar dute Nikaraguatik alde egiteko; norbait kontratatu behar dute lortzeko, eta hori arriskutsua izan daiteke. Horrez gain, nahi duten lekura bidaiatzeko askatasunik gabe geratzen dira», esan du Carrionek. Egoera horretan, azkenean askok euren herrialdean geratzea erabakitzen dute, eta errepresioaren biktima bilakatzen dira. «Azkenean handik ateratzen saiatu diren eta lortu ez dutenak han geratzera behartuta daude, eta ondorioak latzak dira: Polizia egunero igarotzen da beren etxeetatik, mehatxuak jasotzen dituzte...», azaldu du Carrionek. Ondorioz, askok herrialdean geratu bai, baina ezkutuan bizitzea erabakitzen dute.

Kazetariak ere espetxean

Asko dira espetxeratutako oposizioko kideak ere. Gehienei estatuaren «independentzia, subiranotasuna eta autodeterminazioa kaltetzen duten ekintzak egitea» leporatzen diete. «Kartzelan eman nituen hilabeteak oso gogorrak izan ziren; tortura psikologikoak jasan nituen egunero. Lehenengo asteak oherik gabe egin nituen; espetxeko komunak puskatuta zeuden, ezin ziren erabili. Oso gogorra izan zen; psikologikoki hondoratu nahi gintuzten», gogoratu du Pinedak. Horrez gain, kasu askotan, familiak ezin dira bisita egitera joan, eta presoek bakardade hutsean igarotzen dituzte egunak. «Okerrena, torturak alde batera utzita, bakardadea da. Askotan ozenki hitz egiten nuen neure buruarekin, edo kantatu egiten nuen, bakardade horrek sortzen zuen isiltasuna bukatzeko».

Pineda bezala, beste asko ere igaro dira kartzela horietatik; asko, kazetariak. Komunikabideetan lan egiten dutenek salatzen dute Nikaraguan ez dagoela prentsa askatasunik, eta beren lana egiteagatik kartzelan sartu edo mehatxatu egiten dituztela.

Azken aldi honetan, geroz eta kazetari gehiagok egin dute ihes erbestera, lanean jarraitu ahal izateko. Nikaraguan ez dira seguru sentitzen. «Ortega eta Murilloren erregimenak ezin izan ditu komunikabideak kontrolatu, ez dute egia kontrolatzen. Gu ez gara politikariak, eta diktadurak ezin izan gaitu kontrolatu, horregatik haserretu dira prentsarekin. Prentsa independentea ere izan da diktaduraren biktima. Komunikabideak itxi dituzte. Horrek guztiak ekarri gaitu Costa Ricara, baina ez gaitu isildu», berretsi du Chavesek. Erbestean dauden kazetarien esanetan, Nikaraguan geratzen den prentsa bakarra Ortega eta Murilloren menpekoa da.

«Nikaraguarrek borroka zibikoaren aldeko apustua egin dute. Aldaketa ez da berehalakoan helduko. Helduko da Ortega eta Murillo joango diren unea, inolako gerrarik piztu gabe», dio Pinedak itxaropentsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.