Udal eta foru hauteskundeak Nafarroa

Barkosek PSN premiatu du gobernua lehenbailehen osatzera

Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Zirt edo zart egin behar du PSNk. Geroa Baiko hautagai Uxue Barkosek uste du Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratu izanak eragina izan dezakeela Nafarroako Gobernua eta udalak osatzeko prozesuan, eta Madrilgo tirabirek PSN eraman dezaketela «hartutako konpromisoak ez betetzera». Hori dela eta, sozialistei eskatu die «jarrera har dezatela lehenbailehen», egungoa bezalako gobernu eredu bati segida emate aldera: «Pedro Sanchezek hartutako erabakiaren ostean, PSNk berretsi egin behar du gehiengo aurrerakoiarekin duen konpromisoa», azaldu du.

Are: negoziazioak «lehenbailehen» abiatu behar direla uste du Geroa Baiko buruak, haren irudiko, prozesua geroratzea «oztopo» izanen baita gobernu aurrerakoi bat adosteko garaian. Barkosek gehitu du Geroa Baik «konpromiso osoa» duela «gobernu aurrerakoi eta pluralekin», eta konpromiso hori bera agertzeko galdegin dio PSNri.

Ramon Alzorriz PSNko eledunak erantzun zion Barkosi. Haren esanetan, sozialistek nahi dute «gobernu aurrerakoi bat osatzea ahalik eta azkarren, eta eskuina zein eskuin muturra oposizioan uzteko». Alzorrizen arabera, Geroa Baik, Zurekin Nafarroak eta PSNk eskuin eta eskuin muturreko alderdiek baino legebiltzarkide bat gehiago dute. «Esparza jaunak nahi badu hurrengo gobernu aurrerakoian EH Bilduk ez eragitea, abstenitu egin daiteke, eta EH Bilduk ez du eraginik izango». Alzorrizek eskatu zion UPNri «ETA erabiltzeari uzteko».

Esparzaren eskaera

Alzorrizen aurretik hitz egin zuen Javier Esparzak. UPNko lehendakarigaiak eskatu zion Pedro Sanchezi argitu dezala uztailaren 23a baino lehen «ea berriro ere Txibite Nafarroako lehendakari izango den EH Bilduren botoei esker». Haren esanetan, PSOEren gainbeherak zerikusi zuzena du koalizio abertzalearekin egin dituen itunekin: «Akordio horiek alderdi sozialista zigortu dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.