Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Borrokarako batzorde bat

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hurrengo bost urteetarako batzordekide izan nahi dituenak hautatu ditu Ursula von der Leyen Europako Batzordeko hurrengo presidenteak. Badira zalantzazko aukera batzuk: ziur aski ez da luze igaroko norbait damutu arte EBko gobernuek Josep Borrell ahoberoa inposatu dutelako diplomaziaren arduradun izateko. Eurodiputatuek aurki gogoraraziko diote akats handia dela migrazioez arduratu behar duen sailari Europako Bizimodua Defendatzeko Saila deitzea, eskuin muturrari eginiko keinu argia dirudielako. Eta bereziki ematen du min pluraltasunaren eta desberdintasunaren defentsa hitzetik hortzera darabilen batasun batek hamalau gizon txuri eta hamahiru emakume txuri proposatu dituenean bere gobernurako. Ez dira hor amaitzen izen ponpoxo eta handinahiak: Herritarrentzat Lan Egiten duen Ekonomia eta Aro Digitalerako Prest Dagoen Europa ere proposatu dituzte.

Baina, arlo ekonomikoari dagokionez, Von der Leyenen aukeraketak kritika gutxiago sortu ditu. Betiere kontuan hartzen badugu politikari alemaniarrak antzekotasun handiena duten hiru familia politiko nagusien artean hautatu dituela batzordekide ia guztiak: hamar sozialdemokrata daude, bederatzi kontserbadore eta zazpi liberal. Ekologistarik edo ezkertiarrik ez, hortaz.

Baina, behin muga hori onartuta, itxura sendoko talde ekonomikoa hautatu du Von der Leyenek, ez baitira makalak EBk datozen urteetan dituen erronka nagusiak: sistema politiko-ekonomikoari atxikimendua kentzen dioten desberdintasun sozialak, merkataritza politika mundu protekzionistago batean, oligopolioen indarra, iraultza teknologikoak sortzen dituen beldurrak...

Saria Vestagerri

Lehenik eta behin, Von der Leyenek lekua egin dio Jean Claude Junckerren batzordean gehien nabarmendu den kideari, eta ardura gehiago eman dizkio: Margrethe Vestager daniar liberalak Lehia komisario izaten jarraituko du, eta politika digitaleko presidenteordea izango da.

Kargu hori, neurri batean, kontsolazio sari bat da Vestagerrentzat, Europako Batzordeko presidente izateko hautagaien artean baitzegoen. Kargu gorena lortzeko arrazoien artean dago bere zorroztasunaren ondorioz trabatu egin zuela Angela Merkelen eta Emmanuel Macronen industria proiektu kuttuna, Alstomen eta Siemensen tren adarren batuketarena. Bekatu barkaezina.

Vestagerren meritu nagusia izan da azken bost urteetan gupidarik gabe jokatu duela AEBetako enpresa teknologiko erraldoiekin. Apple behartu zuen Irlandari zergetan barkatutako 13.000 milioi euro ordaintzera —Dublinen iritziaren aurka, dena esan behar bada—, eta hiru aldiz zigortu du Google bere lehiakide txikiagoak azpiratzeagatik. 8.200 milioi euro ordaindu ditu isunetan Mountain Viewko konpainiak, eta baliteke azkenak ez izatea, Vestagerrek laugarren ikerketa batekin amaitu baitzuen bere lehen agintaldia.

Vestagerren ospeak Atlantikoa zeharkatu du, eta munduko txiolaririk ospetsuenak «Zerga anderea» ezizenarekin bataiatu du. «AEBak gehien gorrotatzen dituen pertsona» omen denak baliteke meritu gehiago lortzea Donald Trumpen begietara, Von der Leyenek haren esku utzi baitu Washingtonekin eta Silicon Valleyrekin talka egiteko potentziala duten bi gairen ardura: Zerbitzu Digitalen EBren zuzentaraua landu behar du Interneten agertzen diren edukiei buruz, eta konpainia digitalen gaineko tasa bateratu bat sortzeko ahaleginak koordinatu beharko ditu. Beste hitz batzuetan, Facebook, Google eta enparauen negozioetan muturra sartu beharko duela, eta hori ez dute oso gogoko izaten Interneteko enpresa erraldoiek.

Oharra Washingtoni

AEBekiko harreman konplikatuak izan ditzake Phil Hogan irlandarrak ere. Nekazaritza komisario izateari utzi, eta Merkataritza hartuko du orain, noiz eta Washingtonek bultzatu dituen neurri protekzionis- tek talka egiten dutenean EBren merkataritza librearen politikarekin.

Kargurako izendatu eta berehala, argi utzi zion AEBetako Gobernuari ez dizkiola gauzak erraz jarriko. «Noski, ahal dugun guztia egingo dugu Trumpek ikus dezan oker dabilela […], baina, protekzionismo berezi horrekin jarraitzen badu, guk munduko beste lekuekin tratuak egiten jarraituko dugu», esan zion RTE Irlandako telebista publikoari. Erresuma Batuarentzat ere abisua da, brexit-a gertatuz gero Londresek Hoganekin negoziatu beharko baitu merkataritza harreman berria.

Eta Ekonomia sailerako? Paolo Gentiloni. Haren meritu nagusia da italiarra dela. Ez dirudi paparretik zintzilikatzeko dominarik egokiena, ikusita Italiako ekonomiak nolako bilakaera eskasa izan duen azken hamar-hamabost urteetan eta zer eragozpen jarri dituen EBren arauak betetzeko. Baina Gentilonirena izendapen erabat politikoa da: Salvinik babestutako gobernu euroeszeptikoa erori, eta gobernu europazaleagoa hautatu berri dute Erroman, eta keinu hori kargu inportante batekin saritu du Von der Leyenek. Mesfidantzak uxatzeko, Valdis Dombrovskis belatz letoniarraren itzala izango du Gentilonik; hari egokitu behar zaio finantza zerbitzuetako eta euroaren lehendakariorde izatea.

Industria politika, berriz, Sylvie Goularden Macronen hautagaiaren esku geratuko da, betiere komisariogai frantziarrak Europako Parlamentuaren galbahea igarotzen badu. Izan ere, ikerketapean dago, EBren funtsak LREM alderdiaren finantzaketara desbideratu zituelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.