xabier martin
GEURE KONTU

Nork babestuko du lan erreforma?

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Galdera ikur handi bat bihurtu da Espainiako Gobernuak zer bide aukeratuko duen lan erreforma onartzeko. Pedro Sanchezen gobernuak CEOE patronala erakarri du akordiora, eta horrek porrot handi bat eragin du PPren lan araudia baliogabetzeko promesari dagokionez. Baina alde batera utzita kaleratze kolektibo errazek eta merkeek bere hartan segituko dutela, talka handi bat gertatzen ari da gobernuaren eta Kongresuko haren ohiko bazkideen artean, lan hitzarmenen lehentasuna dela eta. EAJk, EH Bilduk eta ERCk argi utzi dute ez dutela babestuko erreforma, baldin eta ez bada aldatzen Espainia mailako sektore itunen lehentasuna. Herrialdeko sektore itunak nahi dituzte lehentasun horrekin, euskal gehiengo sindikalak etengabe eskatu duen moduan, lan harremanak ez daitezen gehiago estatalizatu. Madril entzungor egiten ari da, ordea.

Gobernuak nola atera nahi duen aurrera erreforma Espaniako Kongresuan, hori da taula politiko orokorrean ere albo ondorioak ekar ditzakeen galdera handia. Egunotan, zenbait zalantza argitzen lagundu dezaketen adierazpenak egin dituzte hala Sanchezen gobernuko arduradunek nola CCOO sindikatukoek; aditzera eman dute lan erreformaren koma bat ere ez dutela aldatu nahi; ez dutela asmorik estatuko lan hitzarmenen nagusitasuna aldatzeko, eta, hortaz, Madril prest legoke, agian, EAJ, EH Bildu eta ERC ez beste aliatuak bilatzeko Kongresuan. Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek, eta CEOE patronalak adostutako lan araudi berria otsailaren 7rako berretsi behar dute diputatuek; Sanchez prest ote dago benetan bere ohiko bazkideak albo batera utzi, eta, esaterako, Ciudadanosen babesa bilatzeko? Hain da sendoa CEOErekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin hartu duen konpromisoa idatzi hori alda ez dadin Kongresuan?

ELAk eta LABek CEOEren betoa salatu dute lan erreformaren edukiak ikusi ondoren, eta ikusita gobernuak zer jarrera duen lan itunen lehentasunaren inguruan, hipotesi horrek indarra hartu du. Dela Bruselaren aginduz edo hura gustura egon dadin, dela hauteskunde garaiko promesen gainetik PSOEn real politik delakoa gailendu izan delako ia beti, Sanchezek eta haren Lan ministro Yolanda Diazek ez dute baliogabetu PPren lan erreforma, eta, gainera, bere egin dute haren espiritua, enpresen barne malgutasuneko mekanismoak indarrean utzita. Argi dago Europako funtsen pisuak aldea egin duela, nahiz eta Madrilek esan berri duen Europako Batzordeak ez duela derrigortu CEOEren oniritzia bilatzera. Batera edo bestera, CCOO, UGT eta PSOErentzat 2012an eskandalagarria izan zena idatziz jarri du orain lege berrian Espainiako Gobernuak, sindikatu horien txalo eta guzti; Unidas Podemoseko Lan ministroaren euforiak jarri du ginga.

Mendia zortziko txikian

Txan magoaren trukoak jatorragoak ziren PSEko eta Euskadiko CCOO sindikatuko buruek erabili dituztenak baino, erakusteko lan erreformak ustez herrialdeko lan hitzarmenaren lehentasuna gorde duela. Jaurlaritzako Lan sailburu Idoia Mendiak onartu du saiatu zela idatziak jaso zezan Confebaskek eta euskal sindikatuek sinatutako lanbide arteko esparru akordioa, baina ez dela horrela izan; hala ere, Mendiak dio «segurua» dela euskal akordioek lehentasuna izango dutela itun horri esker, eta EAJri «zentzuz» jokatzeko eskatu dio. CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak, berriz, euskal negoziazio kolektiboa «blindaturik» dagoela ziurtatu du. «Ez dagoen alarma bat eragiten ari dira».

Zer ez duten esan ez batak eta ez besteak? Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunei indarra ematen diela Confebaskek eta ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk sinatutako 2017ko esparru akordioak, baina horretarako itunak egin behar direla aurrena, eta, patronalak egin nahi ez baditu, Espainiako itun batek harrapa dezakeelasektore bat. Aurrerako eragin mugagabea ekarri du atzera erreforma berriak, baina iraungitako itun asko daude Euskal Herrian, eta haiek berritu arte ez dute izango eragin horren babesa. Bien bitartean, beti egongo da arriskua Espainiako patronalak eta sindikatuek egindako itun bat Euskal Herrian agintzen hasteko, bertako eragile sozialei subjektu izaera kenduta; alegia, euskal langileen ordezkaritza sindikala eta enpresakoa baliogabetuta. Esparru ituna auzitara eraman zuten 2018an; gaur arte zutik dago, baina, lan legeak euskal itunen lehentasuna jasotzen ez duen bitartean, berriro salatu nahi duenaren esku egongo da hura ezbaian jartzea, erreformak estatuko sektoreko itunen nagusitasuna berretsi baitu. Halaxe dira gauzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.