Irango abortu legeak emakumeen eskubideak urratzen dituela dio NBEk

Islamiar errepublikan indarrean sartu berri den testuak legez kanpoko bilakatu du esterilizazioa, eta abortatzea are gehiago mugatu du

Ebrahim Raisi Irango presidentea —irudiaren erdian—, herenegun, Irakeko Parlamentuan. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
ander perez zala
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Irango Gobernu kontserbadoreak jaiotza tasa handitzea du helburu, eta horren harira aurkeztu zuen aste honetan indarrean sartu den Biztanleria Gaztea eta Familiaren Babes Legea. Haurrak dituzten familiei hainbat onura ematen dizkie —tartean, bederatzi hilabeteko amatasun baimena, eta maileguak lortzeko erraztasunak—, baina arreta handiena testuak jaso dituen beste neurri batzuek eman dute: besteak beste, esterilizazioa legez kanpokoa bilakatu dela, abortatzeko eskubidea are gehiago mugatu dutela eta kontrazepzio neurriak ez direla doakoak izango. NBE Nazio Batuen Erakundearen ustetan, abortuaren lege horrek emakumeen eskubideak urratzen ditu.

Testua Irango Parlamentuko batzorde inprobisatu batek onartu zuen, eta diputatuek ez zuten horren inguruan bozkatzeko aukerarik izan. Gerora, hilaren hasieran, Zaindarien Kontseiluak—konstituzioa interpretatzeaz arduratzen da— oniritzia eman zien neurriei, eta, hortaz, aste honetatik hasita 2028ra arte indarrean egongo da «proba gisara» —epea luzatzeko aukera izango dute—.

Giza eskubideetan aditu diren NBEren bederatzi kideren arabera, lege horrek «nazioarteko zuzenbidea hausten» du, eta zigor zuzenbidea erabiltzen du «tresna modura» emakumeen eskubideak murrizteko. «Jaiotza gehiago izateko helburua dute, baina horrek eragingo du emakume askok amaieraraino jarraitu beharko dutela nahi ez dituzten haurdunaldiekin. Bereizkeria litzateke. Harrigarria da», adierazi zuen herenegun Irango giza eskubideen egoera gainbegiratzeaz arduratzen den NBEren mandatari Javaid Rehmanek, komunikatu baten bitartez.

Legeak, gainera, muga gehiago ezartzen dizkio abortatzeko debekuari, eta hori onartzea ala ukatzea aditu talde baten esku utzi du; hala, epaile batek, mediku batek eta auzitegiko mediku batek elkarlanean hartuko dute erabakia —aurrez, haurdun dagoen emakumeak hartzen zuen, mediku baten babesarekin—.

Zigor gogorrak ezartzeko aukera ere txertatu dute lege berrian. Zehazki, Iranen abortuak «era masiboan» egingo balira, «Lurrean ustelkeria» delitu gisa hartuko lituzkete; hortaz, heriotza zigorra jasotzeko arriskua izango lukete emakumeek.

Horretaz, Rehman oso kritiko agertu zen, eta datuetan oinarritu zituen haren argudioak: «Haurdunaldia kriminalizatzeak ez du abortatzea erabakitzen duten emakumeen kopurua murrizten. Horren ordez, behartzen ditu beren bizitzak arriskuan jartzera prozedura klandestino eta arriskutsuen bitartez».

Datu ofizialen arabera, urtero legez kanpoko 300.000 eta 600.000 abortu egiten dituzte Iranen. Nazioarteko legediaren arabera, segurtasunik gabeko abortuak genero indarkeria dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.