Igoera ez da aski pentsiodunentzat

Donostian, Gasteizen eta Bilbon pentsiodunek deitutako manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte. Adierazi dute PPk eta EAJk hitzartutako igoera ez dela nahikoa

Gasteizko manifestazioa. J. FONTANEDA/ FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Bataila hau irabazi egingo dugu». Pentsiodunek azaldua zuten kaleko mobilizazioekin jarraitzeko asmoa, eta indar erakustaldia egin zuten atzo Gasteizen, Donostian eta Bilbon antolatutako manifestazioetan. Espainiako Gobernuak 2018rako prestatutako aurrekontu proiektuak atzera ez botatzearen truke, bi urtez pentsioak KPIaren arabera igotzea hitzartu zuen PP alderdiak EAJrekin (%1,6 aurten; %1,5 2019an), baina hori ez dela nahikoa aldarrikatzeko hartu zituzten kaleak pentsiodunek atzo. Aitortzen dute aurrerapausoa, baina gehiago eskatzen dute. «Badakigu ez dela nahikoa, baina erakusten digu merezi duela borroka egitea». Bizkaiko protesta izan zen jendetsuena atzo ere, eta 50.000 manifestari aipatu zituen Udal Poliziak mobilizazio amaieran, nahiz eta gero udalak kopurua 33.000koa izan zela zuzendu. Hiru eskari nagusi egin zituzten amaiera ekitaldian: pentsioak KPIaren arabera igotzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, eta azkenaldiko erreformak deuseztatzea. Azaldu zutenez, kalean jarraituko dute astelehenero hori lortu artean, eta manifestazioa egingo dute maiatzaren 26an, aldarrikapenokin.

Kalean egindako presioaren garrantzia azpimarratu zuten Bilbon, amaiera ekitaldian irakurritako komunikatuan. Itziar Madariaga pentsioduna aritu zen Bizkaiko pentsiodunen mugimenduaren bozeramaile lanetan, eta azpimarratu zuen orain arte egindako mobilizazioen ondorio izan dela PPk eta EAJk hitzartutako pentsioen igoera. «Pentsioen arazoa agenda politikoetan sartzea lortu dugu». Bi urteko etenaldi hori ez da nahikoa, ordea, mugimenduarentzat. «Pentsioak ezin dira bihurtu gobernuen edo oposizioan dauden politikarien interes joko».

Etenik gabeak izan ziren oihu eta aldarrikapenak Bilbon udaletxeko plazatik Jesusen Bihotza plazaraino egindako bidean, eta, besteak beste, pentsiodunen aldeko oihuak eta ustelkeriaren aurkako leloak entzun ziren gehien. Bozgorailu, megafono eta txilibitu, ozen entzun ziren manifestarien garrasiak.«Pentsio gehiago, lapur gutxiago». «Pentsiodunak, aurrera». «Urratsik ez atzera». «Bataila hau irabaziko dugu». «Emakumeak aurrera». «Gutxieneko pentsioa: 1.080». Eta izan ziren Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen dimisioa eskatzeko eskariak ere, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren parean.

Alargunen «miseria»

«Hil ez garelako zigortzen gaituzte». Esaldi horrekin laburbildu zuen Paula Garcia pentsiodunak atzo manifestazioarekin bat egitera eraman zuen amorrua. Urteak eman zituen edadeko jendea zaintzen, eta pentsioen igoerarekin haserre mintzo zen atzo. Ez da askorik fio PPk eta EAJk hitzartutako igoeraz ere. «Guri barre egiten ari dira. Oraindik luze jarraitu beharko dugu borrokan! 600 euro jaso edo 600 eta zerbait jaso, ez da alde handia izango. Miseria bera jasotzen jarraituko dugu aurrerantzean ere».

Alargun pentsioa jasotzen duen Maria Angeles Llamosas zuen Garciak alboan manifestazioan, eta kexu azaldu zen hura ere jasotzen duten tratuarekin. «Erreskatatu dituzten bankuei eskatu behar liekete jaso duten dirua bueltan emateko, azken batean diru hori gurea da eta!».

Jesus Hernandez bilbotarrak ere, fede handirik ez Madrilen hitzartutako igoeran. «Muturren aurrean jartzen diguten azenarioa da hori, amore emango dugun ikusteko, baina jarraitu beharra dago». Eta kritiko mintzo zen Vitoriano Espinosa pentsioduna ere hitzarmenari buruz. «Borroka eginez lortu da orain arte lortu den guztia, eta orain arazo larria da pentsioena. Gazteek miseriazko soldatak dituzte, eta gu ere izorratu nahi gaituzte. KPIaren araberakoa izan behar luke igoerak gutxienez, eta pentsiorik baxuenek ere gora egin behar lukete, 1.080raino arte ez bada, gutxienez zentzuzko kopururen bateraino, pentsiodun horiek eta batez ere alargunak ez daitezen miserian bizi».

Gasteizen eta Donostian

Jendetsuak izan ziren Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioak ere. 15.000 eta 20.000 pertsona inguru bildu zituen Gipuzkoakoak, eta milaka izan ziren Gasteizen atzo eguerdian bildutakoak ere.

Artiumen plazatik abiatu zen manifestazioa Gasteizen, eta milaka pentsiodun bildu zituen deialdiak. Andre Maria Zuriaren plazan amaitu zen ibilbidea, hiriko erdigunea zeharkatu ostean. Arabako Pentsiodunak elkarteak egin zuen deialdia. EAJ eta PP alderdiek adostutako igoera «aurrerapen bat» dela onartu zuten amaiera ekitaldian, baina kritika ere egin zuten: «Ez da nahikoa». Hileko 1.080 euroko gutxieneko saria eskatu zuten han ere. Hori zen eskaria pankartan, eta kopuru hori izan zuten gogoan manifestariek beren oihuekin ere. «PP eta EAJren arteko hitzarmenak borrokan jarraitzeko estimulu bat izan behar du», nabarmendu zuten amaierako ekitaldian, eta borrokan jarraitzeko deia ere egin zuten. «Ez gaitzatela engaina: kaleari esker irabazi dugu bataila. Ongi etorria izan dadila, baina ez dugu gerra irabazi».

Gehiengoa pobretzen duen sistema baten aurkako borroka «globala» da pentsiodunena, Gasteizen zehaztu zutenez, eta, horregatik, hainbat neurri hartzeko eskaria ere egin zieten gobernuan diren agintariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.