Arrauna. Eusko Label liga

Hegan, eta nola gainera

Santurtzi lehendabizikoz izan da azkarrena Eusko Label ligan, Hondarribian. Hasieratik amaiera arte, aise menderatu ditu aurkariak

Santurtziko arraunlariak atzo, garaipena ospatzen, Hondarribian, Eusko Label ligako bederatzigarren jardunaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Iritsi behar zuen, eta heldu da. Santurtzik aurten lortua zuen bandera bat, Galizian, baina estropadarik irabazi gabe, eta bazuen gogoa bandera astintzeko estropadan lehena izan eta gero. Bada, atzo gauzatu zen haren nahia, Hondarribian (Gipuzkoa), Eusko Label ligako bigarren bandera irabazita.

Iragarrita zegoen haizeak ipar-mendebaldetik joko zuela eta olatuek ere norabide beretik. Aurreikuspenak bete egin ziren. Hala, Jaizkibel mendiaren babesa zuten hirugarren eta laugarren kaleko ontziek. Orio joan zen kanpoko kaletik, eta Santurtzi hirugarrenetik. Donostiarrari bigarren kalea egokitu zitzaion, eta Urdaibaik, bestalde, Bidasoa ibaia itsasoratzen den lekuaren ondotik arraun egin behar izan zuen, hots, lehenengotik.

Ohorezko txandakoek, lehen luzean, behintzat, haize gutxiago izan zuten Hondarribiarekin alderatuta, zeina nagusitu baitzen bigarren txandan. Ligako oilarrek minutu eta erdiko lana egin ostean, lau ontziak segundo batean ziren. Begi bistakoa zen ez zeudela jolaserako. Santurtzik hartu zuen estropada burua, eta handik aurrera ez zion inork ere branka erakutsi. Lehen ziabogan, lau segundoko abantaila zuen Oriorekiko, eta sei Donostiarra eta Urdaibairekiko. Bou Bizkaia ontziak, lehen kale horretatik, aurkariek baino gehiago sufritu zuen. Bestalde, Santurtzik, lehen luzean soilik, zortzi segundo atera zizkion Hondarribiari.

Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai nahikoak ontziari bultzatzeko. Iker Zabalaren kuadrillak aurkariei tartea zabaldu zien. Urdaibai eta Orio Sotera-tik zazpi segundo atzetik ziren. Bigarren ziaboga azkarra eta itxia egin zuten Asier Zurinaga eta arraunlariek, eta beste taldeekiko zuten aldea nabarmena izan zen. Zazpi segundora heldu zen Urdaibai maniobrara, bederatzira Orio, eta hamabostera Donostiarra. Santurtziko arraunlariak brankaz sufritzen baino gehiago gozatzen ari ziren, arraunaren pala uretan ongi pasatuz. Horiek horrela, bermeotarrei hiru minutuan bost segundo sartu zizkioten, denera ia lau ontziko aldea ateratzen ziotela. Ordurako, Hondarribiko banderaren makila Santurtzin zen.

Zabalak Zurinagari ematen zizkion datuak onak ziren, eta nabaritzen zen ontziaren txopan gustura zebilela. Azken ziabogan, Sotera-k hamahiru segundoren aldea zuen Urdaibairekiko. Oriok eta Donostiarrak, bestalde, bigarren txandan aritutako Hondarribiarekin lehia estua izan zuten.

Lau ontzietako patroiek laugarren kalera jo zuten azken luzean,olatuak bilduagoak etortzen baitziren, nonbait. Zabalaren kuadrillak ez zuen burua galdu, bai baitzekien garaipenak ez ziola ihes egingo. Bermeotarrak, berriz, nola edo hala, tartea murriztu nahian zebiltzan, baina egindako ahalegina hutsala izan zen. Orio Hondarribia baino segundo bat motelago iritsi zen. Donostiarra 26ra geratu zen, eta bigarren txandatik aritu beharko du gaur Ondarroan (Bizkaia), ligako hamargarren jardunaldian (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.