Imanol Magro Eizmendi.
GEURE KONTU

Errenta ezagutza balioetsiko da

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Lan eskaintzak hala dio: «Call Center langilea Errenta Kanpainarako». Aldi baterako lan enpresa batek jarri du enplegua bilatzeko webgune batean, eta gaztelaniaz dago. Lanpostuaren deskribapenak hasiera bitxia du: «Hedabideei esker jakingo duzunez, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du desagertu egingo dela finantza erakundeek ematen zuten errenta aitorpena egiteko zerbitzua». Azaltzen du errenta kanpainarako dei zerbitzurako dela, eta %90 telelana izango dela. Halaber, zehazten du trebaketa egongo dela hasi aurretik, otsailean zehar, eta «emango duen zerbitzuaren araberakoa» izango dela ikastaroa. Bila ari diren profila hau da: autonomoa eta proaktiboa den jendea, ezinbestekoa da errenta kanpainetan esperientzia izatea, eta fiskalitate eta errenta ezagutzak izatea «balioetsiko» da. Aldi baterako lana da, iraupena ez dago zehaztuta, eta urtean 18.000 eta 23.000 euro arteko soldata. Ez du azaltzen kopuru garbia edo gordina den. Bide batez, ez da agertzen inolako hizkuntza eskaerarik.

Bizkaiko Aldundiak aste honetan baieztatu du hemendik aurrera errenta kanpainan ez dela aurrez aurreko arretarik egongo. Arreta telematikoa egongo da bakarrik, eta «arazo handiak» dituzten zergapekoei bakarrik eskainiko zaie bulegora gerturatzeko aukera. Zergapeko guztiek jasoko dute aitorpen proposamen eredua etxean, eta hura onartu edo errefusatzeko bideak telefonoa eta Internet izango dira: hala webgunearen bitartez, nola aplikazioa erabiliz. Pertsona batekin hitz egin nahi duenak telefonoz deitu beharko du, eta 290 langile egongo dira harrera zerbitzuan. Aurreko lan eskaintza postu horretarako da. Elkarrekin Podemos-IU taldeak eskaintzaren inguruan galdetu du aste honetan Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta hori Zugaztel enpresa publikoaren ardura dela erantzun diote. Alegia, azpikontrataren azpikontrata baten enplegatu bat izango dela errenta kanpainan zergapekoa artatuko duen lehen pertsona. Hark ezingo balu zalantza kudeatu, ogasuneko teknikari batekin pasako lukete deitzailea.

Teknologiaren aitzakian ogasunaren aurrez aurreko arreta kentzea herritarren eta erakundeen arteko harremana urruntzeko bidean emaniko beste pauso bat da. Zergapeko guztiei errenta etxera bidaltzea aurrerapausotzat jo daiteke, eta sistema eroso eta erraz moduan saldu, baina errenta aitorpena askotan buruhaustea da. Iaz arte, hala nahi izanez gero, bankuetan aurrez aurre egiteko aukera zegoen. 63.000 herritarrek aukeratu zuten bide hori iaz.

Aldundiak 2010ean pribatizatu zuen aurrez aurreko arreta. Zergapekoa asetzen zuen sistema zen, bankuetako langileak bezeroak pozik uzten saiatzen zirelako. Dohainik zen herritarrentzat, eta ogasunak bankuei ordaintzen zien. Araban eta Gipuzkoan, berriz, ogasunak ematen du bulegoetan aurrez aurre egiteko aukera, hitzordu bidezko sistema batekin. Beti eskertzen da zure lekuan jar daitekeen hezur-haragizko norbaitekin hitz egitea, une jakin batean zurekin enpatizatuko duena. Langile horiek teknikariak dira, 30.000 euro gordin irabazten dituzte urtean. Bada aldea azpikontrataturiko telefonistekin.

Aholku emaileen pagotxa

Errenta aitorpena, izan ere, ez da beti tramite erraza, eta jende asko urduritzen du. Bizkaiko Aldundiak bizkaitarrei errenta aitorpena eginda bidaliko die, eta gero herritarrak deszifratu beharko du dena ondo dagoen. Izan ere, proposamena beti ez da ondo egina iristen, eta, inguruan galdetuz gero, ez da zaila aitorpena noizbait gaizki jaso duen norbait aurkitzea. Testuinguru horretan, gutxiri gustatzen zaio burokraziarekin borrokatzea, are gutxiago aurkaria telefonoaren beste aldean dagoenean, edota agiriak eskaneatuta eta posta elektronikoz bidali behar badira. Esan gabe doa mundu guztiak ez dituela baliabide teknologiko horiek. Aitorpenean kopuru txiki bat gutxiago jaso dutela dakiten zenbat herritar hasiko dira borrokan? Eta, okerrago dena, zenbat egongo dira ez direnak konturatuko? Kobratzera irteten zaiela ikusi, lehen kopuruarekin pozik gelditu, eta benetan gehiago dagokien ikertzeko pausoa emango ez duten herritarrak egongo dira.

Sistemaren perbertsioa azaleratzen duena, baina, aholku emaile pribatu bitartez egiteko aukera ez kendu izana da. Zerbitzu hori ordaindu nahi duenak aukera hori badu oraindik. Aitorpen proposamenarekin batera zorpekoak gako bat jasoko du tramitea beste norbaiten esku uzteko. Diru asko duten zergapekoek aholkularien bitartez egiten dute aitorpena. Hala egiten zuten lehen, eta hala egingo dute orain; haientzat ez da ezer aldatu. Aldiz, bankuetan zerbitzua jasotzen zuten herritar askok aholku emaileengana joko dute: etxea erosi berri duenak, familian aldaketa handiren bat izan duenak, pandemian aldi baterako erregulazioan sartu delako aitorpena egitera behartuta dagoenak... Horiek guztiak kasu bereziak dira, baina ohikoak era berean, eta haien aitorpenak ez dira arruntak. Ondo eginak egotea interesatzen zaie, eta aurrez aurreko tratua da hori bermatzeko biderik seguru, zuzen eta argigarriena. Aurten, baina, ordaindu egin beharko dute iaz arte dohainik jasotzen zuten zerbitzu batengatik. Eta ez dezagun ahaztu, gizartearen zati handi batentzat aitorpena egitea obligazio bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.