xabier martin
GEURE KONTU

Esperpentoak ezkutatu duena

2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako politikaren miserablekeriak ez lituzke ezkutatu behar lan erreformaren bozketak langileentzat utzitako ondorio larriak. Beherakoarekin zegoen PPko diputatu erratuak zapuztu du Sayas eta Garcia Adanero UPNko ultren transfugismoaren ondorio agerikoa: Espainiako Gobernuaren erreforma botatzea, eta, harekin batera, kinka larrian uztea legegintzaldia. Usain txarreko esperpento horrek, ordea, ez luke estali behar euskal langileei egin zaien kaltea, gauza bat delako urgentea dena —Madrilgo Kongresuko bozketa surrealista azaltzea— eta bestea garrantzitsua dena: indar parlamentario nahikoa edukita ere, ustezko ezkerreko gobernu batek uko egin diola aldatzeari azken hamar urteotan milioika langile prekario bihurtu dituen arautegia. Galtzaileak langileak dira, hemen, eta trumpismoari jarraikiz PPk esperpentoa epaitegietan luzatuko duen arren, datozen urteetarako geratuko dena beharginen kaltea da: ez dute zuzendu langileen eta enpresaren arteko desoreka handia, eta haiek merke eta erraz kaleratzeko dagoen nahierako menua ere ez.

Eta hortik aurrera, dena izango da egia alternatiboa eraikitzea PSOE eta Unidas Podemosen adierazpenetan, ozta-ozta onartutako erreforma berriaren onura apalak azpimarratzeko eta kalte handiak gutxiesteko. Baina ezingo da sekula ezkutatu 2013an CCOO eta UGT sindikatuei greba orokorrera deitzeko motiboa eman zien lan erreforma bere egin dutela orain sindikatu horiek eta beren izana ezkerrekotzat jotzen duten Espainiako alderdiek, araudi horren muinari zilegitasuna eman baitiote.

2012: Luis de Guindos eta Olli Rehn

Behin-behinekotasunari aurre egiteko kontratazioaren arloko aldaketak eta aurrerako eraginaren mugagabetasuna berreskuratzea dira, batik bat, erreformaren berritasunak. Pandemian indarrean jarritako aldi baterako erregulazio berezien espirituari eusteko saio bat ere islatzen du araudi berriak, RED esan dioten sistemaren bidez. Lan itunen nagusitasuna ere aldatu dute: enpresakoari lehentasuna kendu eta sektorekoari itzuli diote, baina estatuko sektore itunei eta ez lurraldekoei, hau da, ez euskal itunei; eta, hortaz, estatalizazioan beste urrats bat egin dute CEOEk eta CCOO-UGT sindikatuek.

Erreforma berriaren onurek ez dute orekatu enpresaren aldeko barne malgutasun neurriek eragiten duten oihana lan merkatuan. Hasteko, lan zuzenbidean, frogaren kargari buelta eman zion 2012ko idatziak, eta 30 urtean Langileen Estatutuan inoiz egindako aldaketa sakonenak aurrera egin du. Kaleratzea objektiboa da a priori, eta ez dela frogatzea langilearen esku uzten dute, epaitegietara joanda. Kaleratze horren kalte ordaina urteko 20 egun dira, hamabi hilabeteko mugarekin. Kaleratze ez-legezkoak 33 egunekoa dauka, 24 hilabeteko mugarekin. Erreformaren aurretik, 45 egunekoa zen kalte ordaina, 42 hilabeteko mugaz, eta, gainera, tramitazio soldatak ordaintzen ziren. Hau da, langile batek bere kaleratzea epaitegietan salatuz gero, prozedurak irauten zuen bitartean jasotzen ez zituen soldatak pagatzen ziren; orain, ez.

Eta kaleratze objektibo horiek egiteko zer arrazoi eman behar dituen enpresak? Edozerk balio du kasik. Enpresak ez du zertan galerak eduki; aurreikustearekin nahikoa da. Hilabete batzuetan gutxiago irabazten ari bada ere, nahikoa du kaleratze kolektibo bat egiteko. Enpresaren bideragarritasuna kolokan egotea ere ez du arrazoitu behar Lan Agintaritzaren aurrean. Dagoeneko, agintaritzek ez dute zer esanik; epaitegiak baizik ez zaizkie geratzen langileei.

Lupa jarriz gero, xehetasun asko ikus daitezke ulertzeko nola ekarri duen 2012ko erreformak prekaritatea lan merkatura, baina artikuluetan galdu nahi ez duenak badu beste modu bat: nork zer esaten duen adi egotea. 2012ko otsailaren 10a; Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroa Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioarekin dago, Bruselan. Haren erreskatea lortzeko merituak egiten ari da Mariano Rajoyren gobernua. Hala esan dio De Guindosek Rehni: «Lan erreformak muturreko oldarkortasuna izango du». Erreforma horren bikia onartu du orain zerua ukitzera iritsi omen zen alderdi ezkertiar bateko lan ministroak. Beherakoa zuen PPko diputatuaren ibilerak su artifizialak baizik ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.