Arrauna. Kontxako Bandera. Xanti Zabaleta. Orioko entrenatzailea

«Taldeak hau lortzeko egin duenarekin geratzen naiz»

Historian gordeta geratuko da Xanti Zabaletaren izena, Oriorentzat Kontxa lehen aldiz irabazi duen emakumezkoen taldeko entrenatzaile gisa. Igandean bizi izandako guztia barneratu ezinda segitzen du.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko irailak 11
Xanti Zabaletak (Orio, Gipuzkoa, 1968) herriko emakumezko taldearekin inork lortu gabea lortu du: Kontxa lehen aldiz irabaztea.

Hiru egun igaro dira igandetik, eta zer geratu zaizu buruan?

Egindakoa oso handia izan zela, eta Kontxako badian estropada bat jokatu eta irabaztea, halako leku batean, pribilegioa dela.

Sasoi bikaina egin duzue, eta, Kontxa irabaztea ez ezik, irabazteko erak erabat biribildu du.

Lehen igandean egindako lanarekin ez ginen gustura geratu. Batez ere, kanporako luzean ez genuen egin gurea. Bigarren igandean, garbi geneukan eguna zela onena emateko, eta emakumezkoek sekulako analisi ona egin zuten egoeraz. Itzela izan zen estropada.

Udako lanik onena izan zen?

Bai. Estropadako mugarri guztietan ibili ginen oso ondo. Etorri oso ondo etorri ziren, eta badian sartzeko modua ikusgarria izan zen.

Zu ontzi motordunean ari zinen ikusten taldea lan biribila ari zela egiten. Hunkitu egin zinen?

Hunkitu bederatzigarren minutuan hunkitu nintzen, aurkariei ateratzen genien aldea oso handia zelako. Ontzian, arraunlariak ere bazeuden, kanpoan geratu zirenak, eta emozio hori denon artean banatzea oso polita izan zen.

Urteko egun eta estropada garrantzitsuenean, halako lan aparta egitea ez da ohikoa izaten, finala zelako azkenean, eta finaletan urduritasunak ez du laguntzen onena ematen. Zer esan nahi du zure taldeak egindako lana hain bikaina izateak?

Talde hau urteetan dabil hazten eta hezten, eta aurten estropadak kudeatzen ikasi dute. Estropada guztietan bizi izan ditugun esperientziek asko sendotu gaituzte.

Zer da herriko taldearekin lehen aldiz Kontxa irabaztea? Entrenatzaile gisa lortzen duzun aurrenekoa ere bada.

Oso zaila da azaltzea, bizi egin behar delako. Ospakizunak asko dira, baina emozioekin geratzen naiz ni. Atzean dagoen lan guztiarekin oroitzen naiz ni, hona heltzeko talde guztiak egin duenaz. Ezin da ahaztu herriaren babesa ere, asko estimatzen diegu. Guk asko eman dugu urte osoan, baina jaso duguna ere handia izan da.

Ospakizunetan, bandera jasotzeko une handi horretan, zu ontzi motordunean geratu zinen. Protagonista bakarrak arraunlariak dira?

Oso garbi daukat. Klubeko nire lana da nire esperientziak erakustea arraunlariei, arrauna biziaraztea eta arraunarekin gozaraztea. Hori ez da irabaztea bakarrik; bada galtzea, aurkariak errespetatzea, egoten jakitea une zailetan, eta abar. Gauza asko dira.

Non jarriko zenuke talde guztiari arraunean egiteko aukera eman izana, denak bihurtuz irabazle uneren batean?

Oso pozik gaude taldea kudeatu dugun moduarekin, denei aukera emanez. Baina badira une gogorrak ere, gustuko ez diren erabakiak ere hartu egin behar izaten direlako. Azkenean, estropada guztietan utzi behar izaten da arraunlari multzo bat kanpoan. Baina entrenatzailearen lana da arraunlariak heztea kirol balioen barruan, taldea garela erakustea, eta estropadarako hamahiru bakarrik sartzen direla traineruan patroiarekin batera. Hori horrela da, eta ez du bueltarik, baina badu beste alderdi bat ere: azkenean, denok hasten gara egun berean entrenatzen udazkenean, denok egiten ditugu sakrifizio berdinak, eta denak parekatu egin behar dira, balio horiek beti errespetatu behar dira.

Arraunlari batzuei Kontxa ontzitik irabazteko aukera izango ez dutela esatea ez al da oso zaila?

Ondo kudeatu dugu egoera hori, aurretik lana eginez. Nik uste dut denek izan dutela aukera, baina hori arraunlariek esan behar dute, ez nik. Azken finean, oso subjektiboa da. Baina Erkizia laguntzaileak, klubak eta nik neuk egin dugun lanaren funtsa izan da arraunlariek arraunaz gozaraztea.

Arraunlari guztiak erabiltzea taldearen etorkizun hurbila bermatzeko modua ere ez da?

Bai, jakina. Tentagarria izaten da emaitzei bakarrik begiratuz lan egitea, baina jakin egin behar izaten da horri uko egiten ere, gero fruitu batzuk jasotzeko. Baina ez da erraza irakurketa hori egitea, eta hor ibiltzen gara.

Orioko herriaren harreraz zer diozu?

Itzela izan zen. Zirraragarria izan zen, oilo ipurdiarekin geunden denok, udaletxeko balkoian geundenak eta behean zeudenak.

Arraunlari gisa irabazia duzu Kontxa. Orduko oroitzapenak etorri zitzaizkizun gogora?

Azkenekoa 1997an irabazi nuen, eta harrera berbera izan zen. Zoragarria zen lehen eta zoragarria da orain.

Talde honek jarraitu egingo du?

Oraindik igandekoa pasatu gabe nago, eta pixkanaka joango gara barneratzen hau guztia.

Jarraitzeko prest?

Barneratu egin behar dut hau dena lehendabizi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna