Basajaun eta Mari erraldoi berriek jaietan egingo dute dantza estreinakoz

Bihar aterako dira kalera aurrenekoz Lazkaoko buruhandi eta erraldoien konpartsako bi erraldoi berriak. 35 kidek osatzen dute taldea

Bi erraldoi berriak dantzan, haien aurkezpen ekitaldian. LAZKAOKO UDALA.
Andoni Imaz.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Urte gutxian, Lazkaoko haurren lilura eurenganatu dute herriko buruhandi eta erraldoiek. Ez zegoen berebiziko afiziorik lehen, baina duela hiru urte hasi ziren gauzak aldatzen. Orduan sortu zen, Iker Lekuonaren gidaritzarekin, Lazkaoko buruhandi eta erraldoien konpartsa. Bi erraldoi berri aurkeztu berri ditu konpartsak: Basajaun eta Mari. Aurtengo festetan estreinatuko dituzte.

Tolosakoa da Lekuona, baina Lazkaora bizitzera joan eta Tolosako konpartsaren jertsea soinean zeramala ikusi zutenean, galdezka hasi zitzaizkion herrikide berriak: zer iritzi zien herriko buruhandiei eta erraldoiei. «Nik nire iritzia eman nien, eta ez zen ona izan». Lekuonak ikusi zuen «galdua zutela xarma», eta hasi zen batzuekin eta besteekin gaiaz hitz egiten. Azkenean, proposamena egin zion Lazkaoko Udalari, eta hala hasi zen aldatzen jaietako paisaia.

Proposamen zehatzak egin zituen Lekuonak: helduak ateratzea buruhandiekin haurrak atera beharrean, eta bururik ez kentzea bidean. Horrela elkartu zen guraso talde bat: sei pertsona hasi ziren, lau buruhandirekin. Agerikoa da hiru urtean izan duen bilakaera: egun, 35 kidek osatzen dute konpartsa, eta zortzi buruhandi eta bi erraldoi dituzte.

Mitologiatik tiraka

Taldea sendotu egin da urteekin, eta konpartsako kideek erabaki zuten bi erraldoi berri eskatzea udalari. «Lazkaon dauden pertsonaia historikoak almiranteak, militarrak eta markesak dira, eta ez genuen horrelakorik egin nahi». Azkenean, mitologiatik jotzea erabaki zuten, eta horrela aukeratu dituzte bi pertsonaiak: Basajaun eta Mari.

Ez da izan buruhandi eta erraldoien konpartsak egin duen lehen proposamena. Hasi berritan, lau buruhandi egin zituzten: antzara, lazkaotarrei horrela esaten zaielako; astoa, herrian ezaguna den astotxoa irudikatzeko; Lazkao Txiki bertsolaria; eta Tximista izaki mitologikoa.

Duela bi aste egin zuten erraldoien aurkezpena, ipuin bat kontatuta herriko haurrei, eta Basajaunek eta Marik bihar egingo dute aurrenekoz dantza herriko jaietan. «Jendeak oso gustura hartu du aldaketa», Lekuonaren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.