Jon Rahm

Kolpez kolpe, mugarriz mugarri

Jon Rahmek Dubaiko torneoa irabazi du asteburuan, eta, horri esker, Europako zirkuituan gailendu da, eta hirugarren postura igo munduko sailkapenean. Grand Slam torneoak eta Olinpiar Jokoak ditu begiz jota datorren urterako.

Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Severiano Ballesteros, Bernhard Langer, Greg Norman, Nick Faldo, Ian Woosnan, Colin Montgomerie, Ernie Els, Justin Rose eta Rory McIlroy. Golflari horiek guztiek bi gauza komun dituzte: batetik, golflari eta golflari ohi bikainak dira guztiak; eta, bestetik, guztiek gutxienez behin irabazi dute Merituaren Ordena, hau da, Europako zirkuituan denboraldi batean diru gehien irabazten duen jokalariak jasotzen duen saria. Igandetik, Jon Rahm ere badago aukeratuen zerrenda horretan.

Dubaiko torneoan nagusituta lortu du Barrikakoak. Bai, Dubain, Europako zirkuitua izan arren, munduaren luze-zabalean jokatzen baitute. Rahmek Dubain irabazi beste aukerarik ez zuen Europako zirkuituan gailentzeko. Sei astez atseden hartu eta gero, atzetik aurrera egin beharra zuen. Eta estu bada ere, helburua bete zuen. Kolpe bakar batengatik hartu zion aurre Tommy Fleetwood ingelesari. Hori eginda, bigarren postura bidali zuen Fletwood, bai torneoan, baita Ordenaren Merituaren sailkapenean ere. Horretan zerikusi handia izan zuen Dubain garaipena lortzeagatik Rahmek hiru milioi dolar jaso dituela —2,7 milioi euro inguru—. Dirutza horri, gainera, beste bi milioi euro gehitu dizkio, Ordenaren Meritua irabazteagatik.

Rahmek egindakoa bere kirol ibilbidean ezarritako hamaikagarren mugarria da. Amateurretan, irabaz zitekeen ia guztia irabazi zuen, eta txikitu zitekeen ia guztia txikitu. Baina gauza bat da amateurra izatea, eta beste bat profesionala, eta munduko onenekin nor baino nor gehiago lehiatzea. Baina mailarik gorenean ere ikusgarri dabil. Duela hiru urte eta erdi egin zen profesional, eta, ordutik,hamar torneo eskuratu ditu: sei Europako zirkuituan —bitan irabazi ditu Irlandako eta Espainiako Irekiak, eta beste bitan Dubaiko torneoa—; hiru AEBetako PGA zirkuituan —Farmers Insurance Irekia, CareerBuilder Challengea eta Zurich Classic torneoak irabazi ditu—; eta Hero World Challengea, Bahametan. Ryder kopa bat ere irabazi du, eta ez edonola, Tiger Woodsi nagusitu baitzitzaion azken eguneko buruz burukoetan.

11 garaipen horiez gain, makina bat aldiz sartu du muturra lehen sailkatuen artean. Horri esker, denbora darama munduko sailkapeneko aurrenekoen artean. Dubain lortutako garaipenari esker, hirugarrena da orain. Ipar Irlandako McIlroy eta AEBetako Brooks Koepka ditu aurretik, bigarren eta lehen postuan, hurrenez hurren. Gorago ere egon da Rahm, bigarren koskan, iaz, eta izan du aukera lehen postura igotzeko, baina erdibidean geratu da beti. Hori bai, dirutza irabazi du jada: 30 milioi dolar inguru (27,2 milioi euro inguru).

«Urte bikaina izan da»

Pozarren da Rahm egindakoarekin. «Urte bikaina izan da. Arriskua hartu nuen Dubaira etorri aurretik sei astez atseden hartuta, baina behar nuen. Ea datorren urtea aurtengoa bezalakoa den». Bi helburu ditu begiz jota. Grand Slameko lau torneoetako bat irabaztea da bat. Guztietan estreinako ustelak izan ondoren, badirudi hartu diela neurria: iaz, laugarren izan zen Augustako Mastersean eta PGAko Txapelketan; eta aurten, hirugarren izan da AEBetako Irekian, bederatzigarren Augustako Mastersean eta 11. PGAko Txapelketan. Aurten, jauzia eman nahi du.

Tokioko Olinpiar Jokoak dira hurrengo denboraldirako beste helburuetako bat. Goizegi iritsi zitzaizkion Rio de Janeirokoak (Brasil) —lehen aldiz izan zen golfa olinpiar kirolen artean—, baina ondo bidean, Japonian ariko da, eta urrezko domina irabazteko faboritoetako bat izango da.

Orain, atseden hartuko du, eta aurki etorriko da Euskal Herrira. Urteroko ohitura du sasoia amaitzean jaioterrira etortzea, etxekoekin egoteko. Aurten, ordea, badu beste arrazoi bat, hiru aste barru ezkondu egingo baita Bilbon. Gero, oporretara joango da. Merezi du, urte ederra osatu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.