Angel Aldarondo.
Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. IGARLEAREN BITAKORA

Klixeak klixean

2016ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Xelebrea deritzot klixe hitzak, ideia errepikatu eta estereotipatua adierazteaz gain, zeluloide zati positibatua izateari. Klixeak klixean inprimatuak, hori da zinema, edo hori da aurtengo Zinemaldiak utzitako sentsazioa. Pelikula txarrik ez, miresgarrik ere ez. Denetan aurki ditzakegu burutazio interesgarriak eta une hunkigarriak, baina ikusitako pelikulak etorkizunean nekez eramango ditugu barnean.

Puntuazio handiko film aipagarri asko izan dira, baina estandarretik at dauden ideia gutxi aurki dezakegu, zinemagile apurtzaileenak ere beraien mundukeriaren klixeak bilakatu baitira. Hong Sang-soo eta Jonas Trueba, adibidez, beraien artefakto naif eta bitxien preso dira, berriro.

Baliteke nire arazoa izatea, akaso harritzeko gaitasuna moteltzen doalako, baina aurten bakar batek harritu nau. Nire apustu apetatsua palmareserako: The Giant. Bestalde, barkaidazue nekagarria izatea, baliteke zinemaldiko gauzarik originalena —hau ez diot ni filmaren parte naizelako, hala dio kritikak— Sipo Phantasma izatea. Hortaz, hau ere ezinezko palmaresean agertzea posible litzateke, euskal zinemarentzat berri ezin hobea litzatekeena.

Edizio honetan nire kristalezko bola osatu gabe dago, Sail Ofizialeko hainbat izenburu garrantzitsu galdu baititut, baina Nocturama, Lady Macbeth, La Reconquista, Que Dios nos perdone eta The Giant aipatuko nituzke. Aurten palmaresa berriro ez asmatzea espero dut. Edo datorren urtean Kursaal kanpoan Kirolbet edo halako apustu-etxe bat jartzen ikusten dut neure burua.

Ni ere klixe bihurtuta, klixe handienarekin agurtuko dut Zinemaldia: bere argi-itzalekin, maila nahiko ona erakutsi du aurtengo edizioak. Benetan merezi izan du, berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.