Urmuga

Ur jauziak laino artean

Bigarren etapan, Urmuga egitasmoak Urduña eta Altube lotu ditu. Bidean, Nerbioiko ur jauzira iritsi dira, besteak beste, eta otsoen istorioak ezagutu dituzte.

Ur jauziak laino artean.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Txarlazo mendiaren tontorrean dagoen ama birjinaren oroitarri erraldoitik inguruko bost probintzietako (Araba, Bizkaia, Burgos, Errioxa, Gipuzkoa) 42 herri ikusten omen dira eguraldi onarekin. Lehen etaparen ondoren atsedena hartuta, Urmugako taldeak bigarren egunari ekin dio Urduña mendatean, Txarlazotik gertu. 42 horietako oso gutxi ikus daitezke, lainoa gainean baitago, eta langarra izan da bidelagun eguerdi arte. Tarteka eguzki printzaren bat ere ikusi da; artzainak engainatzeko omen dira izpi horiek. Arando edo Santiago mendira iritsi, eta berehala han azpiko bailarako zati batzuk ikus ahal izan dituzte, tartean txakolin mahastiak.

Julen Reketa da ingurua ondo ezagutzen duen gidaria, entziklopedia irekia. Bezperan bezala, behi eta behor ugari topatu dituzte bidean, eta bertako terreña behi arraza berreskuratzeko ahaleginak aipatu ditu. Ungino lautadatxoan eta putzuan terreña batzuk ba omen dira. Betizuaren antzeko neurrikoa da, eta duela hamarkada batzuk Frantziako limousina arrazakoak sartu zituzten bertako ganaduzaleek, haragi produkzioa hobetzeko asmotan. Behorren arteko arrazak azaldu ditu: losina (Losa bailarakoa), mendikoa eta arina batetik, eta hispaniar-bretoia, bestetik, handiagoa, pisutsuagoa, eta zabalagoa.

Artea, haritza eta urritza nagusi diren lekuetatik Nerbioiko ur jauzi ikusgarrira iritsi dira. 222 metro ditu. Pirinio erdialdean, Gavarnie inguruan beste bat altuagoa bada. Ikusgarria da eguraldi garbia dagoenean eta ur asko duenean. Ez da gaurko kasua. Begiralekuaren aurrean azaltzen den pantaila erabat grisa da. Eta aurrerago sumatu ahal izan da lehorra dagoela, ibaia zeharkatzean hala zegoelako.

Otsoentzako tranpak

Historikoki, otsoak presentzia handia izan du lurralde horietan (aurrerago ere presente izango da), eta Santiago mendi horretan otsoak harrapatzeko lekuak mantendu dituzte, jendeari ehiza modu zahar hori ezagutzera emateko: harresi luze batzuk eraiki, inbutu forman, zulo batean bukatzen dira. Zarata ateraz eta oihu eginez, otsoak bertara bideratzen zituzten, eta, zulora erortzea lortutakoan, bertan akabatu. Artaldeei kalte handia egiten zien garai haietan. Oraindik artzainen bide horiek ere mantentzen dira, eta, tarte luze batean, horietako bat erabili du taldeak Kantauri eta Mediterraneo isurialdeen arteko ibilaldian.

Eta zuhaitz eta animalien kontuekin hamaiketakoa egiteko garaia iritsi da, lainopean oraindik. «Ontza bat txokolate goizean onena», bidaikide izango den Mikel Urdangarinek abesten duen bezala. Gaur kontzerturik ez dagoenez, parte hartzaileek jarri beharko. Eguerdian iritsi dira gaurko beste tontorrera, Alto del Corral izenekora.

Handik Ondona herrira jaistean argitu du, eta ikuspegia erabat aldatu da. Goiurin beste ur jauzi ospetsu bat dago, eta hori ere lehorra dago. Paisaia urak tailatua da, harmaila naturalak sortuta. Bertako mahaiak aprobetxatu dituzte zerbait jateko. Bertsozaleak daude taldean, eta bertso zahar batzuk atera dira, tripa zerbait bete ondoren.

Mendate batetik bestera

Azken zatian errepidea zertxobait zapaldu behar izan da. Beluntza inguruan Pietate ermita pasatu dute, eta azkenean Altube mendatera iritsi dira. Ur muga osoan hegoaldeen dagoen puntua pasatu dute gaur. Mendatez mendate dabiltza, Euskal Herriko mendebaldetik ekialdera, ezkerraldeko maldatik behera Kantaurira joango diren urak, eta eskuinaldekotik, Mediterraneora. Gaur egindako lau tantak ez dira urrutira iritsiko.

Beste 25 kilometro aurreratu dituzte ibilaldi luzean, bezperan bezala, eta, oinez ordu erdi gehiago ibili arren (sei ordu eta erdi) lasaiago joan da eguna. Lehen eguneko ekitaldiak, kontzertuak eta bideogile eta komunikabideen eskaerek eragina izan zuten martxaren erritmoan. Pentsa, ur mugatik kanpo gelditzen diren bi tontorrak igotzeko inongo kexarik ez da izan taldean.

Atseden hartzera Urduña hiri ederrera ekarri dituzte bigarren egunez laguntzaileek, herriko plaza nagusiko ostatu batera. Leihotik Aduana etxea zena ikusten da, bai eta udaletxea eta Familia Sakratua eliz barrokoa ere.

biharko etapa

5. Etapa: Urkiola-Arlaban (Uztailak 18) 24 km; 1.669 m igo, 1.802 m jaitsi; 9 ordu; Aramaio-Legutio ingurua, Urkiolagirre, Anboto, Orisol, Jarindo eta Maroto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.