Urmuga

Orkestra sinfoniko naturala

Kontzerturik ez duten arren, Urmuga egitasmoan ari direnek naturaren doinuekin egin dute hirugarren etapa. Bihar kontzertua izango da Diman.

Orkestra sinfoniko naturala.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Mendia da aske ibili nahi duenarentzat gelditzen diren leku bakarrenetakoa. Urmuga proiektuko mendizaleek etapa luzea iragarrita zeukaten ostegunerako, eta iragarpena bete egin da. Altube mendatetik abiatu eta Santa Kruz gainera iritsi arte, gauza berriak ikasteko aprobetxatu dute.

Mendian taldean ibiltzeak horixe dauka: pausoz pauso etakontu kontari, beti izaten dela norbaiten ekarpenen bat talderako. Gidari batek Arabako kuadrillen antolaketa administratiboa komentatu du: harrigarria eta ezezaguna da gainontzeko lurraldeetako jendearentzat. Taldeko batek pago-lizarren kontua azaldu du: kimatu egiten zituzten gehiago irauteko, eta adarrak burdinoletarako eta txondorretan ikatza ekoiztekoerabiltzen ziren. Beste batek azaldu du bere aitak ardagaia erabiltzen zuela, Pazko egunean su bedeinkatu berria baserriz baserri eramateko. Bidea eramangarriagoa egiten da horrelako pasadizoekin.

Eguneko egitarauan musika emanaldirik ez bazen ere, musikaren laguntza ere izan dute ibiltariek. Orkestra naturala izan da, besteen faltan: txori bakarlariak kantari, belarra eta orbela zapaltzeansortzen den perkusioa, haizearen sinfonia... Bidelagun duten Gorri txakurtxoaren zaunkak ere erantsi behar, Tologorriko kontzertuan bezala, bere poza adierazteko. Uraren murmuriorik ez da izan, berez Kantaurin eta Mediterraneoan itsasoratzen diren ibaien jaiolekuetatik doazelako, eta jaioberriek ez dakite musikarik sortzen. Ikasiko dute aurrerago, indarra hartzean.

Baiaren sorlekua

Hamaiketakoa egin dute pagadi eder batean, eta Burbona mendiak dituen hiru gailurretako bitatik pasatu dira (934 metro ditu altuenak), baso ederren artean. Igoeraren ondoren, jaitsiera etortzen da normalean: Baia ibairaino jaitsi dira. Goraxeago sortzen da, eta kantari ari da hemen, pozik, jauzika. Azkar ikasi du musika sortzen, eskolara joan gabe. Beste elementu bat orkestra naturalerako. Taldeko maskotak Baiaren ura edateko aprobetxatu du. Ibaiaren gainetik Arlobi zubia pasatu, eta gorantz joan da taldea, Gorbeiarantz. Eguneko azken igoera da, Bizkaiko eta Arabako mugan dagoena, bi lurraldeetako altuena (1.482 m).

Aldapa gogorra da eta lasai hartu dute mendizaleek. Gorostiano txabolan indarrak hartu, eta azken zatia egin dute pixkanaka. Isil-misilka lainoa elkartu zaie azken metroetan, espedizioarekin bat egin nahian. Gorbeiara iristerako, gailur borobil osoa lainopean dago. Jendea badago, bizikletaz eta oinez igo dena. Bizkaiko eta Arabako garaiena da mendi hori (1.482 m). Ezin argazki txukunik atera 18 metroko gurutze erraldoiaren eta Begoñako amatxoren ondoan. Tarte batean bai; Gasteiz ere ikusi dute.

Deiadar egiteko mendia

1901ean jarri zuten gurutzea, Leon XIII.a aita santuak mendehasiera ospatzeko hala aginduta, beste mendi askotan bezala. 33 metro omen zituen lehen gurutzeak, baina ekaitzak berehala txikitu zuen. Handik bi urtera, 23 metroko beste bat jarri zuten, eta haizeak bota zuen. Hau hirugarrena da, 1907an jarria. Luzio Laskarik egindako orientazio mahaia ere badago, hondatu xamarra. Kolitza, Ganekogorta, Oiz eta Solluberekin batera, deiadar egiteko mendietako bat da: tontorrean sua piztu, eta adar soinuaz Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzen zuten. Gorbeian otso asko izaten zen: adibidez, 1762 eta 1784 artean, urtean sei otso akabatu zituzten, batez beste, Zuiako kontu liburuan azaltzen denez. 1819an hil zutenGorbeiako azken otsoa Orozkoko ehiztari batzuek, eta Zuiako Haranak seiehun erreal ordaindu zien.

Otsorik ez, baina behiak badira inguruan. «Gorbeiako behiak beti Gorbeiara nahiko du», dio esaerak. Hemendik egun batzuetara joango diren beste mendi batean, antzeko beste bat esaten dute: «Orhiko txoria Orhin laket».

Talde osoa elkartu, eta beherantz abiatu da. Jaitsierako larreetan, lainoa gailurrean utzita, Aldamingo ertza, behi eta ahuntz taldeak, hainbat aterpe eta beste topatu dituzte. Arratia harana ikusten dute ezkerrean, eta, aurrean, gaurko etapako mendiak: Oriol, Anboto, Alluitz, Untzillatx... Itxura paregabea dute. Atxuri pasabide estutik, Saldropo hezeguneraino iritsi dira, eta, handik, Barazar mendatera. Hasieran esan bezala, etapa luzea izan da, eta desnibel handikoa. Halako gehiago ere izango dira Urmuga egitasmoko ibilbidean.

biharko etapa

6. Etapa: Arlaban-Urbia (Uztailak 19). 27 km; 1.825 m igo, 1.706 m jaitsi; 7-8 ordu; Elgea mendilerroa pasatuz (Mugarriluze, Aumategi, Gaboñu), Zabalaitz, Zadorra urtegia begi bistan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.