Urmuga

«Hau da nire zerua»

Urmuga egitasmoko ibiltariek bi topaketa berezi izan dituzte igandean: Mixel Aire artzainak bere zerua zein den azaldu die. Baigorrin, euskal musikarien kontzertu handiaz gozatu dute.

«Hau da nire zerua».
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Asteburuko bi etapetan, Nafarroako Kintoan barrena ibili dira urmugalariak. Larunbateko etapan, ez dute basoen babesik izan eguzkiari aurre egiteko. Belatetik abiatu, eta Santiago ermitatik gora —Donejakue bidea hortik pasatzen zen XIX. mende arte; Akitania eta Iruñea arteko galtzada dago bertan—, Gartzaga alde batera utzita, Okolin eta Saioa tontorrak soilduta daude, zuhaitzik gabe. Saioa Baztango (Nafarroa) eta Bidasoako (Nafarroa) mendirik altuena da, eta jende askorekin egin dute topo han. Artesiagako lepora jaitsi, eta Araongo harrira eta Iparraldeko kaskora igo dira. Alboetan dituzte Buztaberro eta Okoro. Argintzo gertu dago, eta duen zutarria jentilek Adiren gainetik Iruñeko katedralera bota nahi zuten, kondairaren arabera. Azken jaitsiera egin dute Urkiaga mendatera, Arga ibaiaren jaiolekura, Nafarroako Kintoan: etaparen amaiera.

Nafarroako errege-erreginek, XIII. mendean, mendi horietan sartzen ziren txerri atzerritarren bostena jasotzen zuten, eta hortik datorkio izena. 3.209 hektarea dituen pagadi bat da, Erro eta Baztango udalek osatutako mankomunitatearena. Baigorriko (Nafarroa Beherea) belar eta larreak erabiltzen dituzte, urtean errenta bat ordainduz. Nafarroako Karlos III.a erregeak Ezpeletako (Lapurdi) baroiei jarri zien eskubide hori.

Urepeleko artzaina

Igandean, Urkiagan bertan lo egin ondoren, gorantz abiatu dira. Mendi hegaletan gora, Adi izan dute lehen tontorra, eta, mendi hegaletan behera, Urepeleko artzaina aurkitu dute: Mixel Aire, Xalbador handiaren semea. Beste hegalerat joan den artaldearen bila dabil Aire, bere txabolatik gertu. Sorogain-Lasturrera (Nafarroa) joan nahi zuen bikote bati bidea bilatzen lagundu omen die. «Gaur zeruaren zati bat irabazi duk, Mixel», esan dio taldeko bertsozaleak. «Ez diat presarik. Hau duk nire zerua», erantzun dio bertsolari eta artzainak. Baita gure zerua ere.

Iturribeltzatik pasatu, Iturrunburu igo, Aztakarrin behera jaitsi, Sorolepo tontorrera igo, Txasperro igo, Aldaparriko lepora jaitsi, kontrabandisten pasalekua zen Atalozti lepoa igaro, Lindus igo... Gorabehera asko dituen zerua, nonbait. Ibañetan Erroldan Harria ikusi dute, 778ko abuztuaren 15ean Iruñeko harresiak suntsitu zituzten frantsesei irabazi zieten euskaldunen heroia. Orreagako kolegiatara joan dira, Andre Mariren zilarrezko mantuarekin, eta aterpera iritsi, eta«speak english?» izan da ongietorria. Besterik ez dakite bertako boluntarioek —Herbehereetakoak dira—. Hau da, hau, marka!

Aingeruen musika zeruan

Orreagatik Baigorrira mugitu, eta, Nafarroa Behereko herri horretan, kontzertu berezia antolatu du Urmugak. Zeruan gaudela sinisteko beste adierazle bat. Baigorriko XVI. mendeko Etxauzia jauregia Miamin bizi diren Asrim senar-emazteena zen, eta salgai jarri zuten. Erosi, eta bertan Nafartarren Etxea izateko eta kultur ekintzak antolatzeko proiektua jarri zuten martxan, 2016an. Kide eta sostengatzaile ugari bildu ditu orain arte, baita euskal diasporan ere. «Munduko Euskal Etxe guztien Ama» eraikitzeko helburua dute.

Etxauzia jauregiaren aurreko lorategian, jende ugari bildu da, Euskal Herriko lurralde guztietakoa. Bizitzen ari garen egoera berezi honetan, horrelako emanaldi gutxi izan dira azken hilabete hauetan. Iparraldeko eta Hegoaldeko kantariak eta musikariak nahastu dira kontzertu horretan, Urmugako helburuetako bat ere hori baita: gure herria musikaz eta mendiz jostea. Bizkaitik etorri dira Mikel Urdangarin eta Eñaut Elorrieta; Gipuzkoatik, Et Incarnatus orkestra eta Donostiako Orfeoia; Iparraldetik, Niko Etxart, Xendarineko Ahizpak, Baigorriko gaiteroak eta Eltzegor... Iparragirre, Imanol, Etxahun, Lete eta Lertxundiren kantak eskaini dituzte, euren abestiez gain.

Niko Etxarten Euskal Rock'n Rollin, Imanolen Mendian gora eta Etxahunen De Trevilleren azken egunak izan dira festari amaiera eman dioten kantak, partaide gehienak oholtzan eta entzule askok kantuz lagunduta. Entzuleak pozik gelditu dira musika eskaintza zabalarekin, eta mendizaleek korrika alde egin behar izan dute kontzertua amaitu aurretik, ibilaldiaren lekukoa den Guillermo Olmoren eskultura hartuta, Orreagako aterpea itxi baino lehen. Zeruak baditu bere mugak, eta, ateak itxi baino lehen, komeni da han sartzea, atseden hartzea; erromesaldiaren hurrengo etapa burutu nahi baldin bada, behintzat.

biharko etapa

16. Etapa: Burdinkurutzeta-Bagargia (Uztailak 29)

9 km; 825 m igo, 648 m jaitsi; 4 ordu; Iratiko oihana, Zuberoa, Mendibeltz, Arthanolatze, Eskaleta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.