Donostiako Aste Nagusia
Korronteen aurka, 'aurtzaka'

Belak zabaldu eta kalejiran iritsi dira kaira Donostiako piratak. Ubarroiak kofradiaren txaleko urdinak batetik, Eskifaiakoen granate kolorekoak bestetik. Txosnagunearen inguruan batu dira kofradia guztiak dantzan: Jaraneroak, Bihurriak, Traganarruak, Kalepoza... Jendez goraino dago kaia, eta hurbildu dira denak, gutxinaka-gutxinaka, oholtzapera. Zain daude, piraten ikur diren Ezkila kapitaina eta Matti noiz iritsiko.
Matti pertsonaiak jaurti ohi du urtero-urtero txupina, eta, aurten, 20. urteurrena dela-eta, Bilgune Feministako kideak izan ditu lemazain. Igo dira, beraz, oholtzara; Sardiñerak kofradiaren txaleko moreak soinean jantzita, eta kolore bereko banderak eskuan hartuta.
«Iritsi zaigu, bi urte luzez zain egon ostean, Aste Nagusi pirata!». Den-denak eszenatokira begira jarri dituzte Irati Salsamendi Bilgune Feministako kidearen hitzek. «Oso pozik gaude piratek egin diguzuen aitortza honekin», jarraitu du. Txalotu dituzte hitzok, besteak beste, eta, kidez kide, pasatu diote mikrofonoa elkarri. Borroka feministari esker, lan eremuan, hezkuntzan, kirolean eta jai herrikoietan egindako aurrerapausoak asko direla nabarmendu du, esaterako, Sara Del Ri kideak. Eta adierazi du, hain zuen, txupinazoa dela horren erakusle.
Beste efemeride bat ere ospatzen dute aurten Donostiako Piratek. Izan ere, hogei urte dira Aste Nagusi Pirata sortu zela. Eta, hori aitzakiatzat hartuta, Physis Versus Nomos taldeak egin du piraten aurtengo abestia: Aurtzaka goaz. Txosnetatik entzun da kantua, eta gerriak astintzeari ekin dio jendeak, txupina airean lehertu orduko.
Badirudi atertzea erabaki duela zeruak, baina, hala ere, ez dago lehendik zabaldutako aterkirik. Jai giroan murgildu dira denak. Izan ere, badute zer ospatu eta nondik eragin. Belak zabalduta eta auzolanari tiraka iritsiko dira datorren larunbatera, eta gogoz daude horretarako.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.