SOSLAIA. Teresa Catalan

Musikaren bidez bizitzea

IÑAKI ZALDUA IRIARTE.
Inigo Astiz
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Bizitzan parte hartzeko era propio eta berezi bat da artea, beraz, ongi etorriak izan zaitezte konpositore guztiak munduaren hobekuntzara». Hitz horiek baliatu zituen 2012an Bartzelonako Virtelia musika eskolan eskainitako hitzaldian Teresa Catalan konpositoreak (Iruñea, 1951), eta balio dezake esaldiak bere ofizioa ulertzeko modua azaltzeko. Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan abiatu zituen ikasketak, eta ibilbide luzea egin du geroztik irakaskuntzan eta sorkuntzan. Madrilgo Musika Kontserbatorio Nagusiko Konposizio eta Instrumentazio Katedratikoa da, eta Espainiako Musika Saria jaso du orain, «bere lanen katalogo zabal eta askotarikoagatik». Printzesaren dantza eta Aldonza y Cresida lanak nabarmendu ditu epaimahaiak haien artean, esaterako. 30.000 euro ere jasoko ditu Catalanek sariagatik.

Aurrez ere sari zerrenda jasotakoa da Catalan, eta Euskal Herriko musikagintzarekin lotutako hainbat ekimenetako kide ere izan da. Musika garaikidea ardatz zuen Iruñeko Musikagileak izeneko taldearen sortzaile izan zen, Jakiunde akademiako kide da egun, eta baita Nafarroako Gobernuko Kultur Kontseiluko kide ere. Horrez gainera, musika garaikidearen zabalpenaren alde egindako lana ere nabarmentzekoa da. Besteak beste, Iruñeko 1982ko Topaketak zuzendu zituen, Euskal Musika Berria jardunaldiak antolatzen aritu zen, eta nazioarteko antzoki eta areto garrantzitsuetan entzun ahal izan dira bere sormen lanak.

Pianorako hainbat solo, ganberako hainbat kontzertu, eta orkestra sinfonikorako sei lan sortu ditu Catalanek bere ibilbide oparoan. 2015ean orkestrarako sortutako Bere oiartzuna izeneko konposizioa eta aurten bertan bi piano eta bi perkusionistarentzat idatzitako Basandere eta basajaun lanak dira bere azken sorkuntza lanetariko batzuk.

Ibilbide akademiko oparoa egin du, gainera, eta musikari eta konposizioari buruzko hainbat libururen egilea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.