Noiz sortua: 2018-06-17 00:30:00

Ixiar Irulegi Garmendia. Irakasle ohia

«Denok dakigu torturak egon direla; ikusi nahi ez duenak arazo bat dauka»

Bokazioaz haragokoa da Irulegik hezkuntzarekin duena. Ikasle Abertzale Sozialisten Erakundeko kide izan zen ikasle garaian, eta atxilotua eta torturatua izan zen horregatik; fedea galdu ez, eta hezkuntzari eman dizkio bizitzako urterik gehienak.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2018ko ekainak 17

Oso sentibera da Ixiar Irulegi Garmendia (Andoain, Gipuzkoa, 1951); ez da erraza esaten zein neurritaraino duen berezkoa, eta zein neurritan egin duen horrela bizitzak. Baina gauza bat ziurra da: bietatik datorkio. Idealista da, hala aitortzen du, eta nabari zaio hitz egiten duenean. Politikan fedea galdu zuenean, iraultza hezkuntzaren bidez egin zezakeela pentsatu zuen. IASE Ikasle Abertzale Sozialisten Erakundeko kidea izan zen; atxilotu eta torturatu egin zuten, 1975ean. Gizartearekiko distantzia bat hartu zuen, eta itzuli, hezkuntzara itzuli zen gero. Gipuzkoako hainbat herritan izan da irakasle, eta, azkenean, Alkizak eta hango eskola txikiak ostu zuten Irulegiren bihotza: han bizi da 1987az geroztik.

Badira zazpi bat urte erretiratu zinela: zer moduz daramazu?

Oso ondo hartu nuen, jubilatu nintzenean neuretzako denbora gehiago edukitzen hasi bainintzen. Eskolakoekin liburutegira joaten jarraitu nuen, gustura nenbilelako.

Zer eman dizu zure lanbideak?

Gehienbat Haur Hezkuntzan ibili naiz, eta horrek eskaini dit haurrekin eta gaztetxoekin egon ahal izatea. Haur eta gazteek garbitasun puntu bat dute: adin horretan kapitalismoak oraindik ez ditu hainbeste kutsatu. Haurrek ematen dutena da bizitasun ikaragarria, eta transmititu egiten dute; ni oso eskertuta nago. Horrek ez du esan nahi ume guztiak zintzoak direnik: helduak bezalakoak dira, baina txikiak dira.

Zurea bokazioa baino zerbait gehiago zen, ezta?

Baietz uste dut: aurkitu nuen leku bat non eman nezakeen zerbait. Inpresio hori neukan. Hanka sartuko nuen mila aldiz, hori ere aitortzen dut. Oso mugatuak gara: ez dugu egiten nahi duguna, baizik eta ahal duguna, eta hor mugitzen gara. Penak ere baditut: batzuetan gaizki egiten dugu, ez dugu asmatzen, eta horrek min handia ematen dit.

1975ean atxilotu zintuzten; zergatik?

Badirudi IASEn zebilen baten bat harrapatu zutela materialarekin, eta, nonbait, hark izen batzuk esan zituen, eta, tartean, nirea. Ziurrenik, hark ere torturapean. Dei bat jaso nuen atxiloketak izan zirela esanez, eta ihesean abiatu nintzen: etxetik atera eta metro gutxitara harrapatu ninduten. Oso fuertea da, bahituta sentitzen zarelako. Oraindik ere emozio handiarekin bizi dut, pentsatuz: «Guk zer egiten genuen, bada?». Garai hartan bagenekien torturatuak izan gintezkeela, eta ni itxi egin nintzen: «Ez dut inoren izenik esango». Itziarren semea kantua ezagutzen nuen, eta ni oso entregatua nintzen: hiltzen baninduten ere, ez nuen izenik emango. Garbi neukan.

Ez du oso erraza izan behar norbere ideiei baldintza horietan eustea.

Atxilotze aldia amaitzear zela, hala esan zidan polizia batek: «Zuk jakingo duzu nola aterako zaren bihar hemendik; hau da azken deklarazioa». Istorio bat asmatu nuen, eta huraxe kontatu nien, dena gezurra. Egiten zizkiguten torturak fuerteak ziren, ez dizkizut esango, baina kirofanoa oso famatua zen, eta hura ere egin zidaten behin baino gehiagotan. Hori zen mingarriena; sentitzen nituen minak ikaragarriak ziren [ahotsa hautsita]. Baina niri gelditu zaidan minik handiena da nola pertsona bat, torturatzailea, kapaz den hori egiteko. Nik beti itxaropena daukat pertsona onengan, eta nire baitarako pentsatzen nuen: «Pertsona hori ona izango da». Baina nola liteke pertsona bat horretara iristea? Eskua jartzeko zuten era... Hor garbi ikusi nuen eskolak daudela torturatzen irakasteko.

Torturatzailea eta pertsona ona, aldi berean?

Hura bere lana egiten ariko zen, baina lan bat egiteko hori egin behar du? Pertsona bezala, non gelditzen da bere alde humanoa? Niri min izugarria ematen dit hori pentsatzeak.

Epaileak ikusi, ikusi zintuen.

Konplizeak ziren denak! Orain ere hala dira. Hor ez zintuen inork babesten.

«Gaztetxo hau, etxera», esan omen zuen.

Oraindik ere ubeldurak nituen aurpegian, eta ezin nintzen ibili; saihetsak puskatuta neuzkan. Hori ikusita, etxera bidali ninduen, baina ez zuen inongo denuntziarik egin; ez dut gogoan nik denuntziatu nuen ere. Nahiko lan neukan handik ateratzen.

Jasandakoak kontatzea kosta zitzaizun?

Garai hartan ez zen kontatzen. Agian kideren bati... Nire izena esan zuena ez nuen ikusi bolada luze batean. Garbi daukat han bakoitzak erreakzionatzen duela ahal duen bezala; lagun bat egin nuen gero bere buruaz beste egin zuena. Hark ezin izan zuen gehiago, eta leiho bat irekita ikusi bezain pronto hartu zuen erabakia. Baina inori kontatu banion, ez nion gehiegi kontatuko, oso mingarria zelako. Era berean, ni handik atera nintzen neurri batean harro, ez nuelako esan haiek entzun nahi zutenik. Zergatik behartu behar gaituzte gure lankideak salatzera? Oso krudela da, oso: deskubri dezatela beste era batera; hain polizia trebeak badira, zergatik erabili Erdi Aroko sistema bat?

Arnasa hartzen ipuinean kontatu zenituen torturak. Nolatan?

Literatur lanen lehiaketa batean parte hartzea pentsatu nuen. Gaia bilatzen ari nintzela, torturei buruzko hitzaldi bat egon zen Zizurkilen; Pili Zabala eta Harkaitz Cano ziren hitz egitekoak. Canok Twist idatzia zuen, irakurri berria neukan, eta pentsatu nuen: «Nik ere badut zer kontatua, bada». Ipuinean dena da oso erreala, baina gero hasi nintzen fantasia sartzen, eta bukaera katarsi bat izan zen: han akabatzen ditut direnak eta ez direnak, ez pertsonak, baizik eta pertsonok besteei mina emateko daukagun zera hori. Horixe akabatuko nuke.

Oso adierazgarria da izenburua.

Izenburu hori jarri nion, alde batetik, deskubritu nuen mundu horretan arnasak garrantzi ikaragarria duelako: arnasa kontzienteki hasiz gero, beste zerbait ezagutzen da. Bestetik, barruan nengoela, torturapean, hilda nengoela uste nuen, eman zidaten jipoiarekin... Beste orbita batean nengoen. Halako batean, arnasa hartzen ari nintzela konturatu nintzen, eta orduan jabetu nintzen bizirik nengoela.

Biktimen aitortza bolo-bolo dabil; biktima sentitzen zara? Espero duzu aitortzarik?

Iruditzen zait gertatu den guztiaren aitortza beharrezkoa dela. Ezin dut sinistu nola ez duten egin oraindik: nola liteke? Gauza horiek egin egin behar dira. Denok dakigu Euskal Herrian torturatu egin dela, eta hori ikusi nahi ez duenak arazo bat dauka.

Esan izan duzu gizartearen egituretatik atera zinela; hala topatu zenituela bakea eta askatasuna. Alkizarekin lotzen dituzu bi kontzeptuok?

Bai, dudarik ez izan. Baina lehenago ere bilatu nituen nire barrua bilatzeko beste aukera batzuk. Komunitateak zeuden, eta lagun batek haietako batera gonbidatu ninduen. Gazte batzuk ziren, eta haiek ere beste zerbait bilatzen zuten: ondo moldatzen nintzen haiekin pertsona bezala, baina ez ginen soka berekoak. Baserria ez zen gurea, eta joan egin behar izan genuen. Oso oroitzapen polita daukat, baita ere, Anboton bizi izan ginenekoa. Tiermasen ere bizi izan ginen talde bat; herri abandonatu bat zen.

Ihes egin zenuen?

Nire barruari egin nion aurre, gizarteari ihes egitearekin batera. Eta ez nuen bueltatu nahi, ez nuen nahi. Paco Etxeberriarengana joan nintzenean errudun sentitu nintzen. Eskerrak beste batzuk gelditu ziren hemen aurre egiten honi guztiari.

Noiz egin zenuen buelta?

Konturatu nintzenean zenbateraino bizi ginen gizartetik kanpo. Ez ginen mundu praktikokoak. Dirua zegoenean, denena izaten zen; baina, ez zegoenean, nonbaitetik atera behar izaten zen. Galtzak egiten genituen, eta Iruñera joaten ginen saltzera: ikusi nuenean neure burua galtzak saltzen, pentsatu nuen nahiago nuela heziketa mundua. Heziketaren bidez herri txikiak ezagutzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen uztar nitzakeela kontenplazioa eta gizartearekiko konpromisoa.

Bueltatu zara sinistera, beraz, badaukazula zer eman.

Bai, denean sartzen naiz: emakumeen taldean, adibidez. Denbora bankuan ere banabil: dirurik gabe ibiltzeko modu bat da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Murgak egoera hauskorraz ohartarazi du, 15 kutsatu gehiagoren berri emanda

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna