Albistea entzun

Euskal Elkargoak bermatuko du brebetako azterketak zuzentzea

Akademiaren okupazioa bertan behera utzi du Seaskak. Uztailaren 12an, zientzietako azterketa euskaraz gainditu duten ikasleei nota agiria emanen diete, ekitaldi ofizial batean
Jende andana elkartu zen atzo Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan, Seaskari babesa erakustera.
Jende andana elkartu zen atzo Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan, Seaskari babesa erakustera. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko ekainak 19 - Baiona

«Parisen ezezkoarekin, baina gure herriaren babesarekin». Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzaren Baionako egoitzaren okupazioa bertan behera utziko zuela iragarri zuen Seaskak atzo arratsaldean, agerraldi jendetsu batean. Asteazkenean abiatu zuten ekintza, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko, eta Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin bilkura bat lortu arte ez zirela mugituko iragarria zuten. Lau egunen buruan, isilik segitzen du Frantziako Gobernuak, baina Euskal Hirigune Elkargoaren babesa jaso dute: brebetako zientzietako proba euskaraz erantzunen duten ikasleen azterketak zuzendu egingo direla bermatuko du Ipar Euskal Herriko erakundeak.

Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean iragatekoak dira brebetako azterketak Iparraldean. Seaskako 250 ikaslek euskaraz eginen dituzte zientzietako azterketak, eta, uztailaren 5ean, Euskal Elkargoak egoitza publiko bat ezarriko du Seaskaren esku, euskarazko azterketak Seaskakoak ez diren irakasle aditu eta euskaldunek zuzendu ditzaten. Frantziako Hezkuntza Ministerioak zuzenketa ofizialak egiten dituen baldintza beretan iraganen da. Uztailaren 12an zeremonia ofiziala eginen dute bakoitzari dagokion nota emateko.

Berez, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ematen ditu diplomak; Euskal Hirigune Elkargoarena ez da funtsezko aterabide bat, baina indar handiko keinua da. «Ez du brebetaren balio bera izanen, baina erakunde ofizial batek babestutako agiri bat izanen da. Ez da frantses diploma nazional bat izanen, baina agiri ofizial bat izanen da, eta hori urrats handia da», adierazi zuen atzo Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Aspaldikoa da azterketak euskaraz egin ahal izateko eskakizuna, bai baxoan eta baita brebetan ere. Brebetari dagokionez, 1995etik Historia eta Geografiako proba euskaraz erantzuteko baimena zuten ikasleek, eta Matematikan tolerantzia bazen; haatik, gaiak frantsesez ematen zitzaizkien ikasleei. 2016ko erreformarekin etorri zen aldaketa: lehenago ziren hiru azterketei beste bat gehitu zitzaien: zientzietakoa. 2017an aplikatu zen aldaketa hori lehen aldiz, eta, gainerako probetan bezala, euskaraz erantzun zuten ikasleek.

Baina 2018. urtean, jarrera aldatu zuen Frantziako hezkuntza administrazioak: euskaraz egindako zientzietako azterketak bahitu zituzten zuzenketa zentroetatik, eta zuzentzaile erdaldunei zuzenarazi zizkieten. Hala, behar baino askoz ere emaitza apalagoak lortu zituzten ikastoletako ikasleek.

Brebetaz gain, heldu den astelehenetik goiti hasiko dira baxoko ahozko azterketak ere. Bordeleko Errektoretzak epaimahai euskaldunak ez izendatzeko erabakia hartu duela iragarri du Jorajuriak, eta Euskararen Erakunde Publikoarekin izenpetu zuen hitzarmena haustea leporatu dio. «Baxoko azken proba den Ahozko handia aurkeztuko duten ehun ikasletik 90ek frantses hutsean egin beharko dute. Munduan giza eskubideei buruzko lezioak ematen dituen Frantziako Estatuak gure haurren hizkuntza eskubideak lotsagabeki zapalduko ditu berriz ere», deitoratu du.

Jendetsua

Dozenaka jende bildu ziren atzo Akademia Ikuskaritzaren egoitzan Seaskaren mobilizazioari bukaera emateko. Ikasleak, gurasoak, irakasleak, baina baita ikastolen elkarteari babesa erakustera etorritako herritarrak ere. «Azterketak euskaraz!» oihuen artean, txaloka eman diote amaiera lau eguneko protestari. Okupazioak iraun duen bitartean lortutakoa azpimarratu du Jorajuriak. «Lau egun hauetan bisita andana jaso dugu: etorri dira hautetsiak, baina Frantziako Asanblearako hautagaiak ere etorri dira. Horietako batzuk diputatuak izanen dira bihar, eta engaiamendua hartu dute denek Hezkuntza ministroari lehenbailehen bilkura bat eskatzeko. Hemengo hautetsiek ere gure borroka sostengatuko dute, eta mezua pasaraziko dute Parisera. Ez dira elkor egoten ahalko herri oso baten eskaera bat badelarik parean». Ondoko asteetarako protesta ekintza gehiago pentsatuak dituztela ere iragarri du.

Poliziaren bortizkeriarekin abiatu zen Seaskaren ekintza, joan den asteazkenean. Bordeleko errektorearen agindua izan zela salatu du gaur Jorajuriak. «Ez du ezerk justifikatzen ekintza baketsu eta legitimo baten aitzinean gasa, kolpeak eta bortizkeria molde horretan erabili izana. Bisagni-Faure anderea ministerioz tronpatu da: Hezkuntza Ministerioan baino, Barne Ministerioan etorkizun handiagoa ikusten diogu».Egunotan jaso duten babesak, berriz, Iparraldean euskarazko irakaskuntzari begira dagoen atxikimendua erakusten duela uste du. «Ez gara bizpahiru guraso; milaka gara. Seaska ez da soilik guraso batzuen proiektua, lurralde oso baten proiektua da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mauleko mainfestazioa, gaur. ©Guillaume Fauvea

Etxebizitza espekulazioaren aurka mobilizatu dira Maulen

Oihana Teyseyre Koskarat

Etxe agentzietan itzuli bat osatuz egin dute protesta, XEKK Xiberuko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak antolatuta.

Manifestazioa, gaur, Donostian. ©Itaia Donostia.

Ziztada bidezko erasoak salatu, eta indarkeria matxistaren aurka antolatzera deitu dute

Berria

Itaiak manifestazio bat egin du Donostian, 'Ziztadarik ez. Erasoen aurrean babesa antolatu' lelopean.

Indarkeria matxistaren kontrako informazioa, Baionako bestetan. ©P. BELTZAIZ

Talde bortxaketa egotzita, behin-behinean kartzelara

Oihana Teyseyre Koskarat

Baionako bestetan izandako bortxaketaren harira, bi gizon preso sartu dituzte auzia egin arte. Bi gizon zigortu dituzte sexu delituak leporatuta

Atzemandako kalamua. ©Ertzaintza.

700 kilo marihuana atzeman ditu Ertzaintzak Abantoko errepide batean botata

Berria

Kutxatan eta poltsatan gordeta zegoen kalamua, urbanizazio baten inguruko pista batean, bide ertzean botata. Merkatuan bi milioi euroko balioa lukeela zehaztu du Ertzaintzak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...