OTSOAK EZ DU BOTA EGURREZKO ETXEA

Intsinis pinuaren egurrarekin bost solairuko etxe bat eraikitzen ari dira Hondarribian, material horrekin Europa hegoaldean eraikitako handiena. Zulotik ateratzeko aukera bat da Euskal Herriko eraikuntza enpresentzat, eta pinuari beste erabilera bat emateko aukera bat baso jabeentzat.

EGOIN / BESTEAK.
xabier martin
2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Bost solairuko egurrezko eraikina; babes ofizialekoa; guztira, 65 etxebizitza. Ez da soilik paperak eusten duen proiektua, lurraren gainean eraikitzen ari diren errealitatea baizik. Hondarribian dago, eta bukatzen denean Europa hegoaldeko egurrezko etxebizitza eraikin altuena izango da. Eraikitzeko gai gisa izaten ari den bigarren aukeraren eskutik, egurra lortzen ari den susperraldiaren adibide garbia da Visesa sozietate publikoaren proiektu ikusgarria. Hego Euskal Herrian 10.000 enplegutik gora ematen dituen sektorea biziberritzen ari da garapen teknologikoari helduta. Krisiaren ufadak enpresa asko bota zituen 2008tik 2014ra, baina egurrak zutik dirau.

Egurrezkoa izango dela esatean, eraikinaren egitura egurrezkoa izango dela esan nahi da, porlana erabili beharrean, pinuaren zur landua baliatuko dutelako. Getxoko Egoin enpresak diseinatu eta ekoizten dituen panelak izango dira etxebizitzen hezurdura. Guztira, 2.200 metro kubiko baliatuko dituzte Hondarribiko proiektuan, dena radiata pinuen zura, Bizkaian jaio eta hazitako intsinisak.

«1992an hasi ginen egurrarekin lanean. Baserrikoak gara, eta beti izan dugu basoa alboan. Eraikuntzan sartu ginen, egiturak eginez, piezak mekanizatuz eta mekano bat balitz bezala lekuetara eramaten, han bertan muntatzeko», azaldu dio BERRIAri Unai Gorroño Egoin enpresako arduradunak (Berriz, Bizkaia, 1975). Asmatu zutela dio Gorroñok, eta kontatu du orain hamar bat urte beste urrats bat egin zutela zuraren egituren aldeko apustu horretan. «Etxeak osorik egiten hasi ginen. Herri anglosaxoietan erabiltzen den makil sistema gure egin genuen, eta merkatuan ondo kokatu gara».

Egoin Eskoziara nazioartekotu zen orain hiru urte, eta txukun joan da zabalkunde hori, hala Eskozian nola Ingalaterran proiektu asko gauzatu dituztelako: haur eskolak eta bestelako eraikin publiko eta pribatuak egin dituzte, egurrak ingurumenarekiko dituen abantailei esker. Porlanaren eta beste gaien aldean iraunkortasuna da gako nagusia egurra eraikitzeko gai gisa izaten ari den hazkundea ulertzeko.

Izeia baino hobea

«Ehunka txalet egin ditugu egurrezkoak, egurrezkoak arimari begira. Egitura zurezkoa izan arren, nahieran errematatu ahal direlako paretak, fatxada alegia, baita harriarekin ere». Kontua da egurrezko egitura horrek porlanak bezain besteko sendotasuna eta egonkortasuna ematen duela gaur egun, Egoinek eta beste enpresa batzuek erabiltzen duten sistemari esker. «Oso isolatzaile ona da zura; ez da eroalea, aluminioa edo burdina bezalakoa. Hozberoak kanpoan uzten ditu», dio Gorroñok.

Europa iparraldeko izeiak inportatzen zituen Egoinek, harik eta bertako intsinis pinua eraikuntzarako hobea izan zitekeela ohartu ziren arte. Gaur egun, Euskal Herriko radiata pinuarekin aritzen dira gehien-gehienetan. CLT (Cross laminated timber) sistemari esker, Egoinek egitura iraunkor eta sendo bihurtzen ditu pinuaren zurarekin egindako panelak; besteak beste, labeetan lehortzen dute zura, agente biotikoen erasoak egon ez daitezen. «Inbertsio handia egin genuen sistema hori ekartzeko, baina alde izugarria dago. Orain dena da laminatua; ez dugu egur mardularekin kasik ezer egiten. Eta radiatarekin aritzen gara, iparraldeko izeiak baino pisu handiagoa duelako, eta erresistentzia handiagokoa delako, teknologikoki behar den bezala landuz gero», azaldu du Unai Gorroñok.

Arkitektoei eta gizarteari hori horrela dela azaltzen erronka handia dutela aitortu du Egoin enpresako arduradunak, baina gutxika ari direla eraikuntzaren merkatu tradizionalean sartzen; esplikatu du «zaharkitua» dela intsinis pinuaren zurak paper fabriketarako eta obren kofratuak egiteko besterik ez duela balio dioen ustea.

Eraikuntzan bakarrik ez, altzariak egiteko ere pinuaren egurra bolo-bolo erabiltzen ari da azken urte hauetan. Pagoa eta haritza baino merkeagoa da, baina emaitza ikusgarriak ematen ditu egungo trataera teknologikoei esker. «Bartzelonara edo Londresera joaten zara, eta edozein dendatan ikusten duzu egurra dela barruko gai nagusia. Izan ere, giro beroak sortzen ditu, espazio goxoak». Egurrak har dezakeen bultzada eraikinen kanpoaldean dago barrualdean baino gehiago. Barruko espazioetan aspaldian da zura gehien erabilitako lehengaia; kanpoaldean lehia betean sartu da.

Euskal Ikea

Altzari enpresei dagokienez, hainbat kasuk erakusten dutesektorearen susperraldia gertatzen ari dela. Azpeitiko Azkue berria errautsetatik altxatu zen duela urtebete pasatxo, eta Gipuzkoako herri horretan bertan bada kasu paradigmatiko bat, Lufe, euskal Ikea esan diotena, prezio txikiko altzariak ekoizten eta saltzen dituelako.

Enrique Arrillaga (Eibar, Gipuzkoa, 1967) arduradunaren arabera, egurraren kalitatea, prezioak eta bezeroei eskaintzen dieten zerbitzua dira proiektuaren balio erantsia. «Gure filosofia da kantitate handiak ekoiztea. Pentsatzen duguna da: 'Ikea moduko enpresa handi bat gure produktuak erostera badator, zein da eskain geniezaiokeen preziorik onena?'. Bada, horixe eskaintzen diegu norbanakoei ere», esan dio Urola Kostako Hitza-ri.

Oraindik ere askorentzat merkea eta ona gaizki ezkontzen diren hitzak direla badaki. «Batzuek diote 30 euroko ohe bat ondo dagoela oporretako etxerako... Bada, nik horrelako batean egiten dut lo egunero-egunero, eta gustura nago. Txipa aldatu behar da. Zergatik izan behar du merkeak kalitate txarrekoa?». Duela hiru urte eskas galerak zituen Lufek, eta orain langile berriak kontratatzen ari da eskaerari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.