Einar Galilea. Istra taldeko jokalaria

«Sare sozialek agerian utzi dute agintarien zinismoa»

Kirolaz haragoko gaiez argi mintzo da Galilea. «Aske» sentitzen da horretarako, baina futbolariek «askotan» zentsuratzen omen dute beren burua, jasotzen duten presioaren ondorioz. «Oihartzun handia izaten du guk esaten dugunak».

ISTRA.
enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Futbolak Kroaziaraino eraman du Einar Galilea (Gasteiz, Araba, 1994). Alavesek menpeko talde bat du han, Istra, eta bertan lau denboraldi daramatza atzelari gasteiztarrak. «Oso polita» iruditzen zaio futbolari bizimodua, baina jakitun da bere lanbidearen alde ilunaz. «Futbola ogibidetzat hartzen hasten zarenean, jabetzen zara zenbat ezkutuko interes eta azpijoko dauden itzalpean». Alavesen zale amorratua da oraindik ere, eta uste du arabarrak «bukaerara arte» borrokatuko direla mailari eusteko.

Pentsamendu kritikoa lantzeko beharraz hitz egin izan duzu sare sozialetan.

Oso garrantzitsua da gaiak ongi aztertu eta iritzi sendo bat eraikitzea, bereziki gaur egun bizitzen ari garen garaietan. Ildo ofizialetik irteten diren iritziak eman ohi ditut, eta hori ez da jarrerarik ohikoena futbolarien artean, goi mailan batez ere. Geroz eta gorago egon, orduan eta zailagoa da gai batzuen inguruan duzun iritzia ematea. Zure eskubideak murriztu egiten dira.

Hots, Alavesen jokatuko bazenu, adibidez, oztopoak jarriko lizkizukete pentsatzen duzuna publikoki adierazteko?

Han egon nintzenean ez nuen neure burua mugatuta sentitu. Baina gaur egun, ziur bi aldiz pentsatuko nukeela zerbait esan aurretik. Berez, niri ez didate sekula inposatu zer esan dezakedan eta zer ez. Eskubide bat da norbere iritzia ematea, betiere errespetuz bada. Aske sentitzen naiz alde horretatik, baina ulertzen dut gauzak apur bat ezberdinak izango liratekeela talde handi batean jokatuko banu.

Autozentsura handia dago futbolarien artean?

Norberak bere burua zentsuratzea da okerrena, baina uste dut askotan gertatzen dela. Futbolari jende askok erreparatzen dio, eta esaten dugunak oihartzun handia izaten du. Gainera, sare sozialetan giro itsusia sortzen da askotan. Beti dago zuk diozuna kritikatuko duen jendea. Hori barneratuta daukagu, baina, batzuetan, zaila da kritikak kudeatzea. Eta presioaren eraginez, normala da autozentsurarako joera izatea. Nik gatazka hori sentitu izan dut nire baitan, baina ez askotan. Ez da arazo bat izan niretzat.

Zuk, ordea, bozgorailu moduan darabiltzazu sare sozialak. Kasurako, asko ari zara idazten Ukrainako gerraz.

Ondo erabilita, oso tresna indartsua dira. Zure iritziak emateko ez ezik, hedabide nagusiek ematen ez duten informazioa lortzeko ere balio dute. Halako egoera batean, uste dut bertsio ezberdinak entzun behar dituzula, eta, gero, zure pentsamendu kritikoa erabiliz, zure iritzia eraiki. Nire ustez, arriskutsuena zera da: diskurtso ofizialetik apur bat ateraz gero, segituan seinalatu egiten zaituztela. Gizartetik kanpo gelditzen zara, nolabait ere. Hala gertatu da pandemian, txertoen harira. Ukrainako gerrari dagokionez, uste dut auziak zer bilakaera izan duen jakin behar dela: zer gertatu zen 2014an Maidanen, eta abar.

Zer iritzi duzu Errusiako kirolari jarri zaion betoaz?

Tamalgarria da. Gaur egun, herrialde askotan daude gatazka armatuak, baina soilik Errusiako kirolariei eta taldeei kendu zaie lehiatzeko aukera. Ezin dut ulertu, adibidez, zergatik ezin duen jokatu futbol selekzioak. Ez dago inongo loturarik Putinek presidente moduan hartzen dituen erabakien eta futbolarien lanaren artean. Hipokrisia hutsa da. Hurrengo Munduko Txapelketa non jokatuko da? Qatarren. Eta hor normaltzat jotzen da.

Kirola ez omen da politikarekin lotu behar, baina berriz ere, agerian gelditu da harreman estua dutela.

Batera doaz, baina ematen du soilik gatazka jakin batzuez hitz egitea dela zilegi. Adibidez, Frederic Kanoute futbolariak Palestinaren aldeko elastiko bat erakutsi zuen orain dela urte batzuk, eta isuna jarri zion Espainiako Ligak. Orain, ordea, Ligak berak gerraren kontrako gaitzespena adierazten du partidaro, «inbasiotzat» joz. Behintzat, iritzi alternatiboak hurbilago ditugu orain, sare sozialei esker. Zorionez, leiho berriak ireki dizkigute, eta agerian utzi dute agintarien eta korronte ofizialaren zinismoa.

Ez dizu barne gatazkarik sortzen futbolaren atzean dagoen negozioaren parte sentitzeak?

Bai. Gaztea zarenean, eta harrobitik maila nagusira heltzean, dena begi onez ikusten duzu. Ilusioa besterik ez duzu sentitzen. Baina futbola ogibidetzat hartzen hasten zarenean, jabetzen zara zenbat ezkutuko interes eta azpijoko dauden itzalpean. Barne gatazkak sortzen zaizkizu, baina, era berean, badakit ezer gutxi egin dezakedala nire esparruan. Jokalariok, asko jota, ahotsa ozendudezakegu, eta futbol berri baten alde egin. Baina erabakiak ez ditugu guk hartzen. Gaur egungo egoeran, zaleak dira kaltetu nagusiak. Muturreko kontsumismoaren alde lerratu da futbola. Eredu elitista bat ezarri nahi dute agintariek. Eta zaleak kontsumitzaile soil bilakatu nahi dituzte. Eskubideak urratu egiten zaizkie etengabe.

Edonola ere, futbolarien aldarrikapenek gauzak aldatzeko balio dezakete. Zuek planto eginez gero, gurpilak ezin du bira egiten jarraitu.

Futbolari batzuk gure alea jartzen saiatzen gara. Euskal Herrian uste dut pentsamendu kritikoa dugula, eta balioa eman behar zaio, adibidez, Superkoparen aurretik Raul Garciak egindako salaketari. Ez zitzaion ondo iruditzen Saudi Arabian jokatu behar izatea, eta publikoki esan zuen, komunikabideen aurrean. Meritu handia du: ez da gauza bera nik Twitterren idaztea, ala Athleticeko jokalari izanda prentsaren aurrean halako aldarrikapen bat egitea.

Bestelakoan, nolakoa da zuretzat futbolari bizimodua?

Bakoitzak bere modura biziko du, baina niri oso polita iruditzen zait. Jende asko dago zuri begira, eta ederra da entrenamenduen ostean umeak zure zain egotea, bostekoa emateko eta argazki bat ateratzeko. Zaila ere izan daiteke, ez badakizu kanpoan sortzen den zarata guztia kudeatzen. Oso ikusgai gaude, jende askok kritikatzen eta zirikatzen gaitu, eta, duzun nortasunaren arabera, sufritu egin dezakezu.

Duela bost urte irten zinen Alavesetik, eta azken denboraldietan Kroazian ari zara jokatzen. Zer moduz zabiltza?

Oso pozik nago. Berriki ehungarren partida jokatu dut Istra taldearekin. Garrantzitsua naiz zelaian, eta taldea esparru askotan ari da hazten. Pulan bizi naiz, eta oso hiri lasaia da, nahiz eta uda gerturatu ahala turista asko etorri. Giroa oso ona da, eta, kultura eta gastronomia aldetik, antz handia dute gurekin. Egokitzea ez da neketsua izan. Alavesekin lotuta jarraitzen dut, Istra bere egituraren barruan dagoelako.

Hamasei urte eman zenituen Alavesen, eta, lehen taldera iritsi zinen arren, ez zenuen lortu bertan finkatzerik. Arantza gelditu al zaizu?

Atzera begiratuta, harro nago egindakoaz. Lehen Mailara igo nintzen nire betiko taldearekin, eta hori ez dit inork kenduko. Hori bai, lastima izan zen igo osteko urtean min hartu izana. Harrobiko taldean nenbilen, baina talde nagusiarekin ari nintzen entrenatzen. Neukan maila neurtzea gustatuko zitzaidan: gauza onak egin nituen Bigarren Mailan, baina ezin izan nuen erakutsi elitean aritzeko gai nintzen ala ez. Agian, pare bat partida jokatu, eta hor bukatuko zen bidea.

Min hartuta egon arren, barrutik bizi izan zenuen Espainiako Kopako finala. Zer-nolako oroitzapenak dituzu?

Bai, belauneko lesiotik osatzen ari nintzen, baina taldearekin bidaiatu nuen. Oso egun bereziak izan ziren, eta, galdu arren, oso polita izan zen Vicente Calderonen elkartu ziren zale guztiak agurtzea.

Alaves egoera dezentez petralagoan dago gaur egun. Zer ari zaio gertatzen?

Bizpahiru urte zail daramatza. Estu eta larri ibili da mailari eusteko, eta, aurten, egoerak are txarragoa dirudi. Hala ere, Alavesek ez du inoiz amore ematen, eta geroz eta partida gutxiago geratzen den arren, bukaerara arte egingo du borroka, seguru. Taldean jarraitzen dute nire garaiko lauzpabost jokalarik, eta badakit nola egiten duten lan eta nola sentitzen dituzten Alavesen koloreak. Konpromisoa eta esfortzua bermatuta daude. Eta gauza bera esan daiteke zaleen babesaz. Sekulako giroa izaten da Iraultzaren harmailan eta, oro har,zelai osoan. Oso zaila da gauzak oker doazenean zaleen babesari eustea, eta Alavesek zorte hori du.

Ados zaude azken urteetan klubak hartu duen norabidearekin?

Askotan Realari edo Athletici begiratzen zaie eredu gisa, baina oinak lurrean izan behar dira, eta jakin Alaves beste maila batean dagoela. Osasunaren eredua hartzea gustatuko litzaidake. Nire ustez, oso planteamendu ona egin dute: estadioa berritu dute, etxeko jokalarien alde egin dute apustu, eta entrenatzaileari lasaitasunez lan egiteko aukera eman diote. Beste era batera esanda, beti epe laburrari begiratu ordez, proiektu luze eta egonkorragoetan sinistu beharko luke Alavesek. Hori bai, egia da azken urteetan aldaketak ondo atera zaizkiola, eta mailari eusteko balio izan diotela. Elitean emaitzek agintzen dute, eta Alavesek sei urte daramatza jarraian Lehen Mailan. Txalogarria da.

Baduzu noizbait itzultzeko itxaropenik?

Oso zaila da. Aukera izan nuen lehen urteetan, baina Alavesek gorenean jarraitzen zuen, eta jauzia handia zen. Kroaziako Lehen Maila ezin daiteke Espainiakoarekin alderatu. Itzultzen ez banaiz ere, beti izango naiz Alavesen zale sutsua, eta oso gertutik jarraituko dut. Oso pozik eta harro nago Alavesen egindakoaz, eta beti egongo naiz haren alboan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.