Andoni Ormazabal. Fisioterapeuta

«Txalotzekoa da hainbat eskalatzaile egiten ari diren lana»

Duela zenbait urte eskaladan eta alpinismoan aritutakoa, eta eskalatzaileetan eta eskalatzaileen lesioetan espezializatutako fisioterapeuta da Ormazabal.
ENDIKA PORTILLO / FOKU

Unai Ugartemendia -

2019ko ekainak 25
Xabier anaia oso gaztea zela galdu zuen. Cho Oyuko gailurrera iritsi eta jaitsieran hil zen, 23 urterekin. Geroztik, Andoni Ormazabalek ere (Urretxu, Gipuzkoa, 1978) igo du zortzimilako bat, Gasherbrum II. Ikasketaz fisioterapeuta izanik, bide oparoa egin du eskaladan, hormetan zein kontsultan.

Asteburu asko pasatzen ditu etxetik kanpo. Urte batzuk badira eskaladako euskal selekzioarekin lanean hasi zela. Gaur egun, Espainiako eskalatzaile gehienak pasatzen dira bere eskuetatik. Eskalada munduan ibiltzen direnen ahotan, gaur egun Europan dagoen fisioterapeutarik onena da diziplina horretarako. Xabier anaiak erakarri zuen mendira eta eskaladara, eta bertan jarraitzen du.

Eskaladan nahiko berandu hasi zinen.

Bai, unibertsitatetik itzulitakoan. Ikasketak Katalunian egin nituen, eta ordurako kirol eskalada oso sartua zegoen han. 21 urte inguru nituen hasi nintzenean, gaur egungo ikuspegitik oso berandu.

Zailtasun handiko bideak kateatu zenituen.

Bai, 7b+ zailtasuna bistara, eta 8a zailtasunak eginak ditut. Garai haietan zerbait bazen. Gaur egungo markekin alderatuta ez da aparteko ezer, baina nahiko ondo moldatzen nintzen. Yosemiten ere [AEB], The nose bide mitikoa egin genuen. Oso pozik nago egindako ibilbidearekin.

Xabier anaiarekin hasi zinen. Oso gazterik hil zen, 23 urterekin, Cho Oyun. Gauza handiak eginak zituen ordurako. Nola gogoratzen duzu?

Izugarrizko energia eta motibazioa zuen mutil gazte bat zen. Espedizio batetik etortzen zenean, ez zuen hurrengoan pentsatzen, baizik eta hurrengo bost espedizioetan. Mendi gose handia izaten zuen beti, eta oso indartsua zen fisikoki eta psikologikoki. Sufrimendurako gaitasun handia zuen, gainera.

2004ko urriaren 17a nola gogoratzen duzu?

Oso gogorra izan zen. Amaitu berria zuen Elurretako leopardoa proiektua [Ismail Samani, 7.495 metro; Lenin, 7.134 metro; Korzhenevskaya, 7.105 metro; Pobeda, 7.439 metro; eta Khan Tengri, 7010 metro]. Aukerak irekitzen hasi zitzaizkion, eta babesle batzuek ere deitu zioten. Argi zeukan menditik bizi nahi zuela, eta bizimodua bertatik bideratzen hasi zen. Irailaren amaieran, Shisha Pangma [Himalaia, 8.013 metro] igo zuen beste bi kiderekin. Etxera deitu zuenean, esan zidan oso sasoiko zegoela eta Cho Oyurako [Himalaia, 8.201 metro] baimena oso merke lor zezakeela. Ez zidan grazia handirik egin, baina lehen ere horrelako erronka asko eginak zituen, eta agian itsutasun horrek eraman zuen istripura. Bidea berak bakarrik ireki behar izan zuen, eta jaitsieran indarrik gabe gelditu zen. Beti eramango dut pena hori nirekin. Izugarrizko kolpea izan zen niretzat, eta nire bizitza zentzua galtzen hasi zen. Zera galdetuz pasatzen nituen egunak: «Hau, zergatik?».

Kolpe handia izan zen, baina handik bi urtera zerorri Gasherbrum IIra joan zinen (Himalaia, 8.035 metro).

Egia esan, ez dakit oso ondo zergatik joan nintzen. Uste dut erantzun baten bila joan nintzela. Etxean hara joan behar nuela esan nuenean, amak ez zuen ezer ulertzen. Orain urte batzuk pasatu dira hartatik, eta are zentzu gutxiago ikusten diot orain, baina orduan omenaldi modukoren bat egin beharra sentitzen nuen. Gailurra zapaldu nahi nuen, eta berak gailurretan izaten zuen postura berean jarri nahi nuen gorputza. Horrek bakarrik motibatzen ninduen. Gailurrera iritsi nintzenean, sekulako beheraldia izan nuen: gailur hotza izan zen, ez nuen beste munduko ezer sentitu. Zauriak sendatu nituen nolabait, baina orbainak hor jarraitzen du.

Han amaitu ziren zure zortzimilakoak.

Bai. Iruditzen zitzaidan zortzimilakoetan asko sufritzen zela eta etxekoek ere ikaragarri sufritzen zutela. Nahikoa zela erabaki nuen, ez nuen nahi etxekoek berriro ere halakorik pasatzerik.

Ikasketaz, fisioterapeuta zara. Zergatik?

Betidanik gustatu zait, txikitatik argi neukan fisioterapeuta izan nahi nuela. Ama erizaina dut, eta berak ezin zituen fisioterapeuta ikasketak egin, ni oso gazte zela eduki ninduelako. Bere gogoa kutsatu zigun etxekooi; arreba ere fisioterapeuta da.

Oso gazterik hasi zinen eskalatzaileekin lanean.

Mendiarekiko loturari eutsi diot beti. Josean Mulas euskal selekzioaren hautatzailea zela, taldearekin joateko eskatu zidan. Han ezagutu nituen Patxi Usobiaga, Irati Anda... Orduan eskaladako lesioak ez ziren oso ezagunak, eta ni asko erakartzen ninduten lesio horiek. Dena berria zen, baina gauza berriak ikasteko aukera paregabea ikusi nuen. Eskaladako lesioetan aditua naizela esan dezaket. Nire bezeroen %90 eskalada mundukoak dira.

Ikerketan ere oso murgilduta zaude.

Bai, azkenean, eskaladaren beste zati bat da. Oso garrantzitsua da guk eskaladari eman diezaiokeguna, lan handia egin dezakegu. Lan sakonak egin ditugu azken urteotan, eta asko ikasi dut.

Gaur egun, goi mailako taldeetan, hautatzailea bezain garrantzitsua da fisioterapeuta. Hainbesterako?

Bai, ezinbestekoa iruditzen zait. Urte asko daramatzat euskal selekzioarekin, eta orain Espainiakoarekin ere kolaboratzen dut. Eskalada oso kirol oldarkorra da gorputzarentzat; intentsitate handiz egiten da, eta lesioak ere oso ohikoak dira. Gu horretarako gaude, laguntzeko.

Eskalatzaileekin ordu asko pasatzen dituzu. Psikologo lanak ere egin beharko dituzu.

Bakoitzaren nortasunaren araberakoa da. Norbait kontsultara ezkor etortzen bada eta nik, gainera, mezu ezkor bat ematen badiot, oso ekarpen gutxi egingo diot lesioa hobetzeko. Jendeari itxaropena eskaini behar zaio, lagundu egin behar zaio, eta askotan mezu positibo horiek nahikoa izaten dira errekuperatzen hasteko. Gure lanbidean ezinbestekoa da psikologia ona izatea.

Gazteekin ere aritzen zara. Egunotan, 10 urteko neska batek igo du zerorrek igoa duzun The nose bidea. Zer iruditzen zaizu?

Halako erronkak noizean behin irteten dira, esaterako, aurtengo Everesteko berrehun gailurren antzekoa. Mendia kontsumo azkarrerako eta errazerako gauza bihurtzen ari gara. 2 eta 5 urteko umeak ditut, eta iruditzen zait halako bide zail batean sartzeko gazteegia dela. Baina gurasoek baliabideak badituzte, zergatik ez? Hori bai, gurasoen apeta izan bada, iruditzen zait frustrazioa sor dezakeela gaztearengan. Norberak aukeratutakoa bada, ondo dago, baina derrigortua bada, arriskutsua da. Badirudi 14 urterekin gauza handiak egiten badituzu, 20 urterekin izugarriak egin behar dituzula, eta askotan ez da hala izaten. Gazteekin lan egiten dut, eta badakit zertaz ari naizen.

Sasoiko al dago eskalada Euskal Herrian?

Oso sasoiko, baina urte asko daramatzagu horrela. Euskal Herrian eskalatzaile asko dago, eta onak ere bai. Etorkizun oso ona daukagu, teknifikazio zentroak ditugu, Euskal Mendi Federazioa ere hor dago... Jende asko ari da lanean, eta gauzak ondo egiten ari dira. Azken urteetan jasotako emaitzak dira horren adibide garbia. Euskal Herria beti izan da erreferentzia mendian eta eskaladan, eta datozen urteetan ere horrela jarraituko du. Zein herri txikia garen kontuan hartuta, lortzen ari garen emaitzak oso handiak dira. Asteburuan Espainiako selekzioarekin izan naiz Suitzan, eta hamar eskalatzaileetatik bost euskal herritarrak izan dira, pentsa.

Euskal Herrian beti izan dira eskalatzaile handiak: Josune Bereziartu, Patxi Usobiaga, Pou anaiak... Hala ere, askorentzat, gaur egungo belaunaldia da inoizko onena. Ados?

Oso eskalatzaile onak ditugu, baina garaiak aldatu egin dira. Esan dezakedana da maila orokorra ikaragarri igo dela. Pentsa, kirol olinpiarra izango da datozen Olinpiar Jokoetan, eta ikusi besterik ez dago zenbateko ahalegina egiten ari diren selekzioak. Haien baliabideek eta geureek ez dute zer ikusirik; hala ere, haiekin lehiatzeko gai diren eskalatzaileak ditugu. Txalotzekoa da hainbat eskalatzaile egiten ari diren ahalegina. Oso garai gozoa dugu hau.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Unai Ugartemendia

Informazio osagarria