Musika. Mick Trouble 'Here's The Mick Trouble LP'

Faltsukeriaren benetakotasuna

Diskoetxea: Emotional Response.

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Identitate eta nortasun jolas interesgarri bezain nahasia ezkutatzen da Mick Trouble musikariaren atzean, Here's The Mick Trouble LP disko jogailuan jartzerakoan, entzuleak Television Personalities talde britainiarraren disko berri bat entzuten ari dela pentsa baitezake.Areago, zaleak ez du jakingo bozgorailuetatik ateratzen dena Television Personalitieseko buru Dan Treacy ala Mick Trouble den. Dilema hori argitzea gutxi balitz, Mick Trouble deitura bera faltsua dela jakin beharko luke diskoari helduko dionak, Wondering Sound webgunearen proposamen batetik sortutako egitasmoa baita: webguneak existitzen ez diren hamar talderen single serieak argitaratu zituen, diskoen azal eta musikarien biografia faltsuekin osatuak.

Faltsukerian oinarritutako ekimen hori The Jeanines bikote zoragarriaren kide eta My Teenage Stride taldeko Jed Smith estatubatuarrarengana iritsi zenean eratu zen Mick Trouble, Smithek Britania Handiko post-punk eta indie pop kutsuko taldeekiko zuen grina haizatzeko, alegia, Television Personalities, Swell Maps edo Vic Godard & Subway Sect taldeen kantuen klonak sortzeko. Brittish kutsuko zaletasun hori, halaber, 1960ko hamarkadako pop zertzeladekin eta 1970eko hamarkadako R&B erritmoekin jantzi zuen. Omenalditik edo talde-tribututik gertu dagoen imitazio ariketa zoragarri hori hain ondo atera zitzaion Smithi, Emotional Responsek single hura argitaratu baitzuen 2017an, It's The Mick Trouble EP izeburupean.

Hartara, istorio dibertigarri eta lauso hori piztu zuen EParen jarraipena da Here's The Mick Trouble LP, eta formula bertsuari jarraiki, Television Personalities taldeak sekula grabatu ez duen lehen garaiko diskoa dirudien lana plazaratu du New Yorkeko musikariak, zeinak hamabi pop kantu biltzen dituen. Hori guztia aintzat hartuta, huskeriatzat edo obra antzutzat har daiteke diskoa, hots, originalaren erreplika edo faltsifikaziotzat. Horren aurrean musikariak imitazioa defendatzen du: «Ez dut uste integritate artistikoa murrizten duenik. Jarraipen bat da, etengabe bere baitan eraikitzen ari den unibertso bat. Gainera, dibertigarria da».

Ondorioz, Mick Trouble Dan Treacyren alter ego bat dela esan daiteke, Jed Smithek Interneteko erronka bati erantzuteko moldatu zuena, baina azkenean benetako bilakatu dena. «Seguru asko, Television Personalitiesen nire kanturik gustukoenak This Angry Silence, Bill Grundy eta Jackanory Stories dira, edo agian guztiak ditut gustukoen».Proiektuaren jatorri eta garapen bitxi eta barregarria gorabehera, grabazioak dozena bat harribitxi erritmiko biltzen ditu, baxu lerro sendoekin osatuak eta punketik, souletik zein popetik edaten duten melodiekin apainduak. Finean, Treacy-Trouble-Smith triunbiratua menderaezina da bere zoramenean eta jenialtasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.