Dolomitek emango dute azken epaia

Bihar hasiko da 2023ko Italiako Giroa, erlojupeko batekin. Lehen astea nahiko lasaia izango da, baina bigarrenean sua piztuko da, eta hirugarrenean, berriz, amaierako korda iritsiko da.

Dolomitek emango dute azken epaia.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Iritsi da txirrindularitzazaleen urteko sasoirik gogokoena. Bihartik 28ra bitartean jokatukoda hiru asteko lehen itzuli handia: Italiako Giroa. 21 etapa izango ditu aurtengo ekitaldiak, eta, horien artean, garrantzi handia izango dute erlojupekoek eta mendiko etapek; batez ere, azkeneko astean. Kilometro lauak urriak dira ibilbide osoan zehar. Giroko antolatzaileek ez diete keinurik egin esprinterrei, eta tropeleko txirrindularirik bizkorrenek ez dute aukera handirik izango helmugan besoak altxatzeko. Garaipena lortzeko faboritoek lan handia egin beharko dute egun txarrak saihesteko, eta egun garrantzitsuetan hortzak estutu beharko dituzte.

Iazkoak aho zapore gazi-gozoa utzi zuen txirrindularitzazaleen artean. Txirrindulariek erakutsitakoak ez zituen asebete, baina Giroaren antolakuntzak proposatutako ibilbideak ez zuen askorik lagundu ikuskizuna egon zedin. Hori ikusita, antolakuntzak lasterketa gogortzea erabaki du: betiko Giroa Giro gogorra izan dadin nahi dute.

Hala ere, Italiako lasterketaren zalerik sutsuenek mendate ezagunenen falta sumatuko dute. Tropela ez da igaroko Fedaiatik, Mortirolotik, Gaviatik, Stelviotik eta Finestretik, besteak beste. Horren truke, 5.000 metrotik gorako desnibela duten etapa gogor eta ikusgarrietara itzuliko da Giroa; ibilbidean, mendiak bata bestearen atzetik kateatuko dituzte, garai batean egin ohi zuten moduan.

Lehen astean, biharko erlojupekoa eta datorren ostiraleko mendiko etapa dira nabarmendu beharrekoak. Erlojupekoari lehen egunean egingo diote aurre. Fossacesia Marinatik Ortonara, 18,4 kilometroko ibilbide lau batean arituko dira txirrindulariak banaka-banaka. Erlojuaren aurka iaioak diren espezialistek lehia bizia izango dute; ziur asko, ez da alde handirik izango, eta segundo gutxiren bueltan egongo dira denak.

Lehen asteko egun handia zazpigarren etapan izango da, 4.000 metrotik gorako desnibela izango duen etapan. Campo Imperatoren amaituko den saioak gorabehera asko ditu gordeta txirrindularientzat. Azkeneko igoera ia amaigabea izango da arriskurik handiena faboritoentzat; 45 kilometro inguruko igoera da. Garesti ordainduko da edozein txakalaldi.

Bigarren asteak ere antzeko egitura izango du. Erdi mailako mendateak uztartuko dituzte egunero, baina banakako erlojupekoa eta Crans Montanan amaituko den etapa izango dira arretaguneak. Erlojupekoa bederatzigarren etapan jokatuko dute. Ia 34 kilometro egingo dituzte erlojuaren aurka Savignano sul Rubiconetik Cesenara. Horretan espezialistak ariko dira garaipena eskuratzeko lehian. Baina faboritoek ere tentu handiz aritu beharko dute elkarren arteko lehian, segundo gutxi galtzeko.

Borgofranco d'Ivreatik Crans Montanara joango den etapa izango da bigarren asteko egunik gogorrena. Igoera luzeak tartekatuko dituzte, eta mendian amaituko den bigarren etapa izango da. Grand Saint-Bernard izango da eguneko lehen mendate gogorra —34 kilometro luze da—, eta, jaitsiera luze baten ostean, Croix de Coeurrera iritsiko dira; hamabost kilometroko igoera da hori. Azkenik, Crans Montanako igoera motzari egingo diote aurre. Bertan amaituko da etapa.

Azken asteak emango dio azkena aurtengo ibilbide gogorrari: Dolomitetan erabakiko da nork jantziko duen azkenekoz maglia arrosa. Lehenik, hamaseigarren etapa Monte Bondonen amaituko da, baina beste lau mendate izango dituzte aurretik. Jaitsiera arriskutsuak daude mendateen artean, eta ziur faboritoek gorriz markatuta daukatela etapa hori.

Bi egun geroago, etapa motzago bat izango dute, baina, ordurako izango duten hanketako minarekin, oso gogorra egingo zaie. Val di Zoldon amaituko da etapa, baina beste lau mendate izango dituzte aurretik. Horietako bat Coi izango da. Lau kilometro luze da, eta %10eko batez besteko pendiza du. Hala ere, igoeran baditu %19ra iristen diren aldapak.

Baina txirrindulariak ezingo dira hustu. Indarrak gorde beharko dituzte, hurrengo egunean Dolomitetako etapa klasikoetako bat izango baitute zain: Longaronetik Tre Cime di Lavaredora. Azken hiru mendateak oso ezagunak dira: Giau, Tre Croci eta Tre Cime di Lavaredo.

Horrekin nahikoa ez, eta erabakigarria izateko itxura duen kronoigoera jokatuko dute azken-aurreko etapan. 18,6 kilometro egingo dituzte Tarvisiotik Monte Lussarira —7,3 kilometro eta %12ko aldapa—. Lehen hamar kilometroak lauak dira, baina harbideak eta aldapa handiak izango ditu etapak; horien artean, %22ko pendizkoak. Hori izango da Erromara iritsi aurretik egingo duten azken etapa. Kale edo bale egin beharko dute oilarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.