Igor Estankona. Idazlea eta literatur kritikaria

«Arteak ez du uzten hain erraz dominatu dezaten»

Idazten ari denean, klasikoengandik iritsitako hariak hor jarraitzen duela sentitzea maite du Estankonak, eta horren froga da bere bosgarren poesia liburua: 'Moskito'.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko maiatzak 10

«Hil denak badaki/ baina zuk ez eta hala ere/ sumatzen duzu zerbait, ez da hala?». Poesiaren lanbro iheskor hori du jomuga Igor Estankonaren geziak (1977, Artea, Bizkaia). Narrazioaren eta anekdotaren makulurik gabeko lirikotasun bat da nagusi argitaratu berri duen Moskito bilduman (Susa). «Nire obsesioetako bat da ahoz gora irakurri eta ikustea ea poemak eusten dion, eta doan sakon baina arin». Bosgarren poesia liburua du oraingoa Estankonak, eta, aurreko lana argitaratu zuenetik 11 urte pasatu ondoren, ozta-ozta aurkeztu ahal izan zuen bilduma berria, koronabirusari erantzuteko ezarritako itxialdiak ekitaldi guztiak bertan behera utzi baino egun gutxi batzuk lehenago. «Egun arraroa izan zen», gogoratu du. «Ez zenekien bostekoa eman behar zenuen edo ez, baina pribilegio bat iruditzen zait orain aurkezpena eginda edukitzea. Okerrago daude aurkezpena egin ezinik gelditu direnak». Idazle izateaz gainera, bi hamarkada daramatza literatur kritikak ere idazten, eta, dioenez, egiteko hori lagungarri suertatu zaio sorkuntzarako. Ez du uste, gainera, hainbatetan esan ohi denez, Euskal Herrian kritika falta denik. «Egon badago».

Ematen du irakurlearenganako konfiantza handiz idatzi duzula Moskito.

Inoiz ez dut gutxietsi irakurlea, eta are gutxiago euskarazko poesia liburu batera gerturatzen den euskal irakurlea; haren mailan egoten ahalegindu baino ez dut egin. Gauza batzuk igual eskapatuko zaizkio, oso nireak direlako, eta, gero, denoi ez zaigu zertan gustatu musika bera edo poeta bera edo saskibaloi jokalari bera, baina nahiko mainstream dira erreferentziak.

Badirudi azken urteetan bide narratiboago eta gardenagoak nagusitu direla poesian, eta zure liburuan, berriz, lirikotasuna da nagusi. Hura aldarrikatzera behartuta sentitu zara?

Badago lirismoaren aldarrikapen bat, bai. Poemaren bozetoa izan daiteke narratiboagoa edo errealistagoa edo esplizituagoa, baina gero gustatzen zait, ez dakit nola esan, deseraikitzea, eta horren abstrakzio bat bilatzea eta esentziara jotzen ahalegintzea. Errealitatea difuminatu egiten da, eta, gero, nik atsegin ditudan irudiekin-eta, sortzen da beste errealitate bat, izan daitekeena bestearen ispilu. Iradoki egiten dut, azkenean, poemak atzean daukan bizipena.

Pounden antologia bati egindako kritikan hauxe idatzi zenuen duela ez asko: «Klasikoetatik edanez, garai berri baterako poesia asmatu zuen». Autorretratu ezkutu bat ere izan daiteke, zuk zeuk ere maiz jotzen baituzu tradiziora zeurea den zerbaiten bila.

Pound da haluzinatu bat, eta liburuak badauka hortik ere: argitasun zoro batetik edaten du. Pounden irakurketetara behin eta berriro bueltatu naiz azkenaldian. Noski, konparazioa gehiegizkoa izango litzateke , baina gustatzen zait hari bat egon dadila, eta poesiak ez diezaiola utzi klasiko izateari: naturarekin hasi eta gero sartzea mezua, esaterako, edo bertsolaritzaren tekniketara jo, eta amaieran jartzea poesiari bere kolpea. Behartu dezaket poemaren bat edo beste, baina gustatzen zait ez irtetea zenbait kanon klasikotatik.

Liburuan aipatzen dituzu Pound, Li Po eta Dylan Thomas, adibidez, eta, haiekin batera, baita Etxahun Lekue eta Jon Lopategi bertsolariak ere, adibidez.

Ni bertsolaritzatik nator. Lirikarekin izan dudan harremana jadanik utzia dudan bertsolari alderdi horretatik etorri zitzaidan: derrigor aipatu behar ditut maisuak. Eta bertsolaritzari egindako keinu bat da poema batean Etxahun Lekue aipatzea ere, nabarmentzeko berak daukan lirikarako gaitasuna. Lopategiren hiletan, Muxikan (Bizkaia), Lekuek kantatu zuen, «gutako askoren maisu izan zara/ maisu ta lagun aparta,/ zuk bota duzun bezainbat bertso/ ez du beste inork kanta./ Guk botatako bertso bakoitza/ zeurea ere bada ta». Lopategiri egokitu zizkion Lopategiren dizipulu guztiek botatako bertso guztiak. Eta hor dago lehen aipatu dugun hari horren zentzua, edo ibai horren zentzua; zelan garen denok ibai nagusi baten isurkideak, klasikoek osatu dezaketena.

Aitatasunarena da liburua alderik alde zeharkatzen duen gaietako bat. Erditze bat deskribatzen duen poema batean zera diozu: «Arraroa da aita izatea».

Norbera bigarren mailako paper batean egongo balitz bezala, zerbait artatzen, baina artatu hitzaren adiera osoan: behatzen eta ikusten nola gertatzen diren naturaren mirari horiek, eta kokatzen, jakiteko hor zer paper izan behar lukeen norberak. Egoera horretatik sortu dira poema asko. Liburuak utzi dezake aitatasunari buruzko sentsazio bat apur bat arraroa, baina aitatasuna bera, nire ustez, arraroa da. Gauza asko birplantearazten dizkizu.

Politika ere aipamen zuzenik gabe aipatzen den beste gai bat. Poema batean gogora ekartzen dituzu «guraso umiliatuak», adibidez, erreferentzia gehiago eman gabe. Esplizitu egin gabe, baina umiliazio sentsazio hori igartzen da liburuan.

Kolonia bat izatearen ajeak, ez? Iruditzen zait azkenaldian Euskal Herrian oso esajeratuak direla, alde batetik, erreibindikazioak, eta, beste aldetik, isiltasunak. Uste dut gatozela galtzaile historia batetik, baina, noski, gerra zibiletik hona, borrokatu diren galtzaile batzuk gara, eta, orduan, borrokatu direnen harrotasuna daukagu, batetik, eta galdu dutenen erresumin hori daukagu, bestetik. Uste dut liburuko poema sozial edo politikoenetan barrundatzen dela dikotomia hori; nahi duenarena baina ezin duenarena, badakienarena baina inpotente sentitzen denarena. Nik ez dut politika altua egin nahi, baina, Anemometroa liburutik hasi eta orain arte, liburu guztietan agertzen da. Hor dago. Ez igual modu poetikoki zuzenenean esanda, baina panfleto bat ere ezin duzu egin; gauzak ez baitira zuriak edo beltzak. Hobe da sentimenduak edo sentsazioak uztea, poesia sozial edo politikoa egiten duzunean ere.

Ez duzu bueltan igartzen literaturaren eragin sozial posibleari buruzko eztabaida?

Intelektualitateari beti eskatu zaio bustitzeko eta parte hartzeko, baina, era berean, arteak ez du uzten hain erraz domina dezaten; dudak eta kontraesanak sortzeko dago, kritikoa izateko eta gauzei buelta pare bat emateko, eta, horregatik, politika alderdikoiarekin beti dago txoke antzeko horretan. Soflamatik ihes egin behar da maitasun erromantikotik ere ihes egin behar den moduan, edo zuri eta beltzetatik, ze bizitzan gutxi-gutxitan aurkituko baititugu halakoak, eta poesiak bizitzaren ispilu izan behar du, nahiz eta ispilu estilizatu bat izan.

Badaramatzazu, gutxienez, bi hamarkada bete literatur kritikak egiten. Lan horrek izaten du eraginik zure idazle lanetan?

Azkenaldian poesiari emana nago. Gustatzen zait jakitea zer bidetatik doan poesia, eta esango nuke zuk esan duzun bidetik doala: poesia sano narratiboa egiten dugu, eta poesia erreibindikatzaile asko ere egin da azkenaldian. Eta, gero, Munduko Poesia Kaierak bildumak ireki du beste leiho bat. Nik poesiarekin disfrutatzen dut bere horretan, baina, kritikaren ikuspuntutik disekzionatu behar duzunean, beste begi batzuegaz begiratu behar duzu. Orduan hasten zara ikusten besteek nola eraikitzen duten poema, eta horrek norberari ere asko ematen dio. Gustatzen zaizkizun poemetatik ikasten duzu, eta gustatzen ez zaizkizunetatik ere bai. Kritika bat egin behar dudanean epe baten barruan agobiatu ere egiten naiz, baina normalean irakurketa ederra da.

Maiz aipatzen da euskal literaturan kritika falta dela. Hala da?

Eskala kontu bat ere izan daiteke. Aniztasuna egon dadin, kritika bolumen bat behar delako, hasteko, baina, gero, kontuan izan behar da gure egoera zer hizkuntzarekin edo kulturarekin konparatzen dugun ere. Norbaitek kontrastatuko balu inguruko hizkuntzetan gertatzen dena eta hemen gertatzen dena, eta orduan esango balit kritikarik ez dagoela, eta konbentzituko banindu, ba ederto, baina nire ustez kritikari buruz esaten dena gehienetan izaten da gure tamainarekin zerikusia daukan beste konplexu bat gehiago. Zeren eta kritika egon badago. Ni ez nau inork presionatzen; gustatzen zait komunikatzea nire poza liburu batekin disfrutatu dudanean eta nire kautela beste liburu batzuenganako. Hori denok egiten dugula uste dut. Eta joaten bazara beste hizkuntzetara ere, ez pentsa kritika oso purian dagoenik.

Eta zein da kritikaren egitekoa orduan? Erreskate lana egitea, agian?

Esatea «adi liburu honekin, urteko harribitxietako bat delako». Liburuak seinalatzea. Norbaitek esatea ze gustura ari den irakurtzen Mari Luz Estebanen poema liburua. Guk egiten duguna da hori, baina oinarri batekin. Entresaka lan bat egiteko dago kritika, apala eta pertsonala, baina entresaka lan bat, finean.

Norbaitek egin beharko dio kritikariaren liburuari kritika orain.

Badaude bi eginda! Javier Rojorena bata, eta Aiora Sampedrorena bestea. Nire medizinatik probatu dut oraingoan [barrez]. Oso eleganteak dira biak, eta ez dute egin epaiketarik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan, 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Errepidea blokeatuta Manilan, kasu kopuru handiaren ohartarazpena egiten duen kartel batekin. ©FRANCIS R. MALASIG / EFE

COVID-19ak munduan hemezortzi milioi kasuren langa gainditu du

Jone Bastida Alzuru

OMEk ohartarazi du kasuak bikoiztu egiten direla sei astetik behin. Erakundearen arabera, baliteke inoiz ez egotea sendabiderik. Uztailean inoiz baino kasu gehiago hauteman dituzte munduan

Karpak jarri dituzt basurto ospitalearen kanpoaldean, PCR probak egiteko. ©Javier Zorrilla/EFE

PCR proba egitera deitu ditu Jaurlaritzak Bilboko Fever diskotekan eta Erandiogoikoko batzokian egon zirenak

Berria

Bihar goizean hasiko dira testak egiten. Diskotekarekin lotutakoei, Basurtuko ospitalean, eta batzokian izandakoei, Urdulizkoan.

Hiru pertsona maskara jantzita ©Jon Urbe / FOKU

Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko

Aloña Beraza Peña

Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna