'Herri txiki, infernu handi'-k Altzan amaituko du denboraldia, gaur

Ekainean %6,1eko ikusle kuota lortu du ETBko saioak; denboraldiarekin alderatuz, %24,5 hazi da

Donostiako Altza auzoko bizilagunak ezagutuko dituzte gaur Pagadizabalek eta Gurrutxagak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Herriz herri ibiltzen dira igandero Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Mendizabal, tarteka auzoetara ere joaten dira, eta gaur Donostiako Altza auzora joko dute. Bertan amaituko dute denboraldia. Udako atsedenaren ostean, ziurtzat jo daiteke saioak datorren ikasturtean ETB1eko programazioan jarraituko duela.

Altzara iritsi eta berehala, Eneko Razkin eta Potto txakurrarekin egingo du topo Pagadizabalek. Bertsozale amorratua da Razkin, eta harro kontatzen du Txirrita bertsolaria Hernanitik Altzara joan zela bizitzera. Argazki zaharrak ere erakutsiko dizkio aurkezleari, besteak beste, Altza Donostiarekin anexionatu zen egunekoa eta garai hartako paisaia nolakoa zen erakusten dituzten argazkiak. Hain justu, baserri mundukoa da saioan ezagutuko duten hurrengo altzatarra: Joxe Mari Arrieta.

Dietarekin gora eta behera dabilela kontatuko du Arrietak, eta bere etxeari Ipotxen baserria esaten diotela; izan ere, zazpi ipotxen figurak eta hainbat animalia ditu etxea inguratzen duen hesian jarrita. Bestalde, inauteri zale handia denez, mozorro lehiaketetan irabazitako sariak erakutsiko dizkio Pagadizabali.

Ondoren, Manuel Arrietarekin bilduko da, urte luzez Banesto taldean ibilitakoa eta Miguel Indurainen masajista izandakoa. Eguna borobiltzeko, Iñaki Aginagak bere etxearen historia berezia kontatuko dio: Artzaka baserriak Madril hiriko armarri bera du—hartza eta gurbitza—.

Zuhaitz Gurrutxagak ere baserri giroan hasiko du eguna, Irasune Goian. Han, atarian eserita, Asentxio Sarriegi topatuko du. Soldaduska garaiko abenturak eta Extremaduratik (Espainia) Altzara lan bila etorri zen garaiko kontuak kontatuko dizkio. Bolatokian, Antton Goenaga ezagutuko du: 87 urte ditu, eta bolotan aritzeko sekulako sasoia du. Ez da bere abilezia bakarra, ordea. Soldaduskan eskiatzaileen taldean hartu zuten, eta oraindik ere oso ondo gogoratzen du eski gainean biratzeko teknika.

Jesus Egido ere ezagutuko du Gurrutxagak, orain dela 50 urte Extremadurako Acebo herritik etorritako familietako bateko semea. Harekin mojeteoa probatuko du, garai batean Caceresko (Espainia) nekazariek hamaiketako gisa jaten zuten entsalada. Haurtzaroko oroitzapenez eta bere familiaz arituko dira solasean. Bukatzeko, Altzako alkate' esaten dioten Ibon ezagutuko du Gurrutxagak. Altzaren herri izaeraren defendatzaile sutsua da; beste goitizen berezi bat ere badu: Ikutu. Izenordearen historiaren berriemango dio.

ETB1eko saioak ikusle datu onak lortu ditu azkeneko asteetan: ekainean, %6,1eko batez besteko ikusle kuota lortu du —euskaldunen artean, %11,8koa—. Denboraldi osoarekin alderatuz, %24,5 hazi da ekainean. Oso indartsu amaitu du urtea, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.