Iraupena. 54.50.
Pilotakadak. 245.
Sakez. Altuna III.ak batere ez; eta Bengoetxea VI.ak bi.
Markagailua.0-4, 1-4, 1-6, 2-6, 2-9, 10-9, 10-11, 12-11, 12-14, 19-14, 19-16 eta 22-16.
Bestelakoak. Bete egin zen Labrit: mila ikusle pasatxo izan ziren harmailetan. Apustuak Altuna III.aren alde atera ziren, baina oso alde txikiagatik. Parekotasun horren isla izan zen Bengoetxea VI.ak partidako lehen tantoa egin bezain laster haren alde jarri zela dirua.
Estatistikek zioten batek neurria hartua ziola besteari. Baina ez omen daude bi partida berdin. Jokatu egin behar dira guztiak. Bada, jokatu dute berriz ere Jokin Altunak eta Oinatz Bengoetxeak elkarren aurka lau eta erdian, eta aldatu egin da aurreko hiru aldietako joera: Altuna III.ak irabazi du oraingoan. Amezketarrak 22-16 hartu zuen mendean atzo Bengoetxea VI.a Labriten, txapelketako lehen finalerdian, eta, horri esker, finala jokatuko du hilaren 18an, Nafarroa Erresuman. Hirugarren finala du jarraian Aspeko aurrelariak lau eta erdikoan: 2016an, galdu egin zuen Bengoetxea VI.aren aurka (22-21), eta, iaz, emaitza beragatik nagusitu zitzaion Mikel Urrutikoetxeari. Beraz, txapelari eusteko aukera izango du. Bengoetxea VI.a, berriz, finalaren atarian geratu da bigarren urtez jarraian.
Oso behetik gora eginez iritsiko da finalera Altuna III.a, oso behetik, duela hilabete eskas ez baitzen gai pilota ezker eskuarekin jotzeko. Zuntz haustura bat zuen sufrikario. Baina behetik gora egin du txapelketak aurrera egin ahala, eta, horri esker, finalean da berriro.
Halaxe, behetik gora egin zuen ere atzo, behe-behean hasi baitzen Altuna III.a, eta goi-goian Bengoetxea VI.a. Leitzarrak egin zituen lehen lau tantoak. Amezketarrak lehen tantoa egin izanak ez zuen eten Asegarcekoaren oldarraldia. Sekulako erritmoa ezarri zion lehiari hasieran, eta Altuna III.a iritsi ezin aritu zen: 2-9.
2-10ekoa lortzekotan ere izan zen, baina haren pilotakadak txapa jo zuen. Ordurako beste bat emanda zuen, baina bigarren txapa horrek Altuna III.aren susperraldia eragin zuen. Aspekoak zortzi tanto egin zituen bata bestearen atzetik, eta buelta eman zion partidari: 10-9.
Berdinduta zegoen norgehiagoka. Ez batek ez besteak ez zuen lortzen aurrera egitea. Baten kolpeari besteak erantzuten zion jarraian. Itxuraz, Bengoetxea VI.a ari zen gusturago lehia horretan, eta bi tanto jarri zen aurretik: 12-14. Baina bere burua arriskuan ikusi zuenean egin zuen gora Altuna III.ak, eta aurretik eginikoa errepikatu: tanto sorta luzea egin, zazpi jarraian, eta 19-14 jarri. Ez zituen berak egin tanto guztiak, Bengoetxea VI.ak nahi baino huts gehiago egin zituen; adibidez, hirugarrenez bidali zuen pilota txapara, hamalauna zirela.
Baina leitzarra ez da borrokatu gabe amore ematen duten horietakoa. Ordurako akituta zegoen, Altuna III.a baino gehiago, baina gai izan zen bi tanto egin eta argi uzteko hor zegoela: 19-16. Baina berriro txapak kondenatu zuen. Bitan jo zuen jarraian txapa, eta Aspekoak ez zuen aukera alferrik galdu aurkariari errematea emateko. Partida amaierako estatistikek agerian uzten dute non egon zen aldea: irabazleak hamabi tanto egin zituen, eta hirutan besterik ez zuen huts egin; galtzaileak, aldiz, hamahiru tanto lortu zituen, baina hamar huts egin zituen, horietatik bost txapan jotakoak.
Pozez gainezka zen Altuna III.a partida amaitutakoan. «Ez dut hitzik sentitzen dudana azaltzeko. Oso txapelketa zaila izan da, duda askorekin aritu bainaiz, baina hirugarren aldiz jarraian jokatuko dut finala, eta hori ikaragarria da. Oso zaila da gora iristea, baina are zailagoa da goian eustea». Pena zuen, aldiz, Bengoetxea VI.ak: «Jokini beti da zaila irabaztea. Saiatu naiz, eta hasieran lortu dut nagusitzea, baina berak gehiago asmatu du azken tantoetan. Ez dut zorterik izan txaparekin».
Ezkurdia edo Urrutikoetxea
Altuna III.a Mikel Urrutikoetxearen edo Joseba Ezkurdiaren aurka ariko da finalean. Urrutikoetxeak eta Ezkurdiak gaur jokatuko dute bigarren finalerdia, Bilbon, Miribillan (17:00, ETB1). Bizkaitarrak azken lau urteetan hirugarren aldiz sailkatu nahi du finalerako. Nafarrak, aldiz, lehen aldia du finalerdietan.
Bi pilotariok behin besterik ez dute jokatu elkarren aurka lau eta erdiko txapelketan. Iaz izan zen, final-laurdenetako ligaxkan, Bilbon ere bai, eta Urrutikoetxeak 22-14 irabazi zuen. Hala ere, Ezkurdia da faborito gaur, sekulako aldea egon baita batek eta besteak ligaxkan egin dutenaren artean: bikain aritu da Arbizukoa, indarrez sobera. Zaratamokoa, aldiz, hainbestean aritu da, eta indarrez nahiko larri. Osatu egin da mononukleosiaz, baina oraindik falta zaio sasoi betean egoteko. Gaur-gaurkoz, Ezkurdia baino koska bat beherago dago. Baina partidak jokatu egin behar dira.
Altuna III.a 22-16 Bengoetxea VI.a
Bolada etenda, berriro finalean
Jokin Altunak aurreneko aldiz irabazi dio Oinatz Bengoetxeari lau eta erdian, eta hirugarrenez jarraian lehiatuko da txapela irabazteko. Behetik gora eginez nagusitu da, 2-9 hasi baita galtzen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu