Alcorcon 0-0 Osasuna

Gaur ez, baina laster

Osasunak puntu bat urratu du Alcorconen, partida oso deseroso batean. Ezinezkoa zaio jardunaldi honetan mailaz igotzea

Roberto Torres, atsekabe keinua egiten, atzoko partidako azken minutuan huts egindago aukeraren ondoren. R.J. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Alcorcon. Dani JImenez; Laure, E. Burgos (Rodas, 32. min.), David Fernandez, Bellvis, Marco Sangalli, R. Boateng, E. Israfilov, Borha Galan(Nono, 60. min.), Juan Muñoz eta Victor Casadesus (Pereira, 76. min.).

Osasuna. Ruben, Nacho Vidal, Unai Garcia (Aridane, 37. min.), David Garcia, C. Clerc, Roberto Torres, Luis Perea (Oier, 75. min.) Fran Merida, Rober Ibañez, Juan Villar (Barja, 65. min.) eta Brandon.

Epailea. Lopez Toca. Txartel horiak: Alcorconeko Bellvis, Pererira, Jimenez eta Boatengi; eta Osasunako Oier eta Vidali. Osasunako medikua egotzi zuen (63. min.).

Bestelakoak. 3.210 ikusle Santo Domingon.

Alcorconen zelaiak lizpapera zirudien atzokoan. Metaforikoki zein fisikoki. Fisikoki, belarra luze, lehor eta lakar zegoelako. Jokatzea zaila zen, eta min hartzea erraza. Eta, metaforikoki, Osasunak partida desatsegina izan zuelako. Alcorconek oso deseroso jokatzera behartu zuen, eta gorritxoek une bakar batez ere ez zuten gozatu eguzki biziaren azpian. Eta, hala ere, puntu bat lortu zuten, puntu baliotsua. Izan ere, gozatu ez arren, eta ostikaden eta oin zanpatuen mina albo batera utzita, Osasunak ez zuelako sufritu. Berdinketaren ondoren, ezinezkoa zaio Lehen Mailarako igoera gaur matematikoki ziurtatzea, baina eskura du, ez du ihes egingo, eta gaur ez, baina laster izango da. Hurrengo astean agian, jokatu gabe, edo bi aste barru, Cadizen.

Osasunak ez zuen ondo jokatu, baina, hala ere, irabazteko aukera izan zuen. Duela bi aste Elxen gertatu bezala, arauzko denbora bukatuta, Roberto Torresek gola sartzeko aukera garbia izan zuen (93. min.). Elxen, santuak, sartu egin zuen; atzo, aldiz, Jimenez atezainak gorputzarekin gelditu zuen jaurtiketa. Baloia ateko marraren gainean gelditu zen; zentimetro kontua. Sartu izan balitz, Iruñeko tabernariak hozkailuak betetzen hasiko ziren gaur egon zitekeen festarako. Baina ez, eta, bide batez, geldiketak justizia egin zion zelai gainean ikusi zenari.

Partida eskasa izan zen, baina saria ona; bai, behintzat, Jagoba Arrasateren ustez. «Jendea irrikan dago, baina hau puntu ona da, partida kaskarra egin dugulako. Helburua gertuago dago». Osasunari pragmatikoa izateko garaia iritsi zaio, eta horrek bihurtzen du on atzokoa. Lehen zatian, izan ere, ez zuen aukera on bakar bat ere izan. Alcorconek ere ez, baina etxekoak gehiago izan ziren grinari esker. Hori gutxi ez, eta, lehen zatian, talde bateko erdiko atzelari batek eta beste taldeko erdiko atzelari batek min hartu zuten. Biek ere belaunean, gehienbat zelaia lehor zegoelako. Unai Garcia herrenka joan zen aldageletara, ikusi behar bere lesioa larria den edo ez.

Alcorconek ezer gutxi zuen jokoan, 11. da, eta, hala ere, oso oldarkor jokatu zuen. Talde fisikoa da, eta jokoa lakartu zuen. Osasuna goian estutu zuen, baina ez zuen presioaren fruiturik baliatu. Gorritxoak itota egon ziren 75 minutuz, baina azken txanpan lortu zuten arnasa pixka bat hartzea, eta Alcorconen nekea baliatuz gola sartzeko bi aukera izan zituzten. Bietan garbiena, Torresena, baina atzo ez zen eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.