Musika. Askoren artean 'Züberoako kantariak'

Ezinbestekoa bezain gozagarria

Diskoetxea: Elkar

Andoni Tolosa.
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Badira disko maitagarriak, aipagarriak, bikaintasunetik gertu dabiltzanak. Badira disko arinak, sakonak eta astunak, jakin-nahia, amorrua edo, besteak beste, tristura eragingo dizutenak. Badira, hitz batean laburtzeko, hainbat arrazoi direla medio, merezi duten eta merezi ez duten diskoak, eta horien gainetik leudeke, berriz, ezinbestekotzat jo beharrekoak. Kategoria horretan kokatu beharko genuke Elkar diskoetxearen eta Suhaziak elkartearen elkarlanetik sortutako Züberoako Kantariak izeneko bilduma bikoitz hau.

Ezinbestekoa da euskal musikagintzaren alor garrantzitsu eta behar baino ezezagunagoaren berri zuzena ematen digulako; ahots hutsez eta zuzenean grabatutako kantuak dira gehienak, eta oso estimatzekoa da hori. Badakigu zer erraztasun dugun hegoaldekook Zuberoako jende, paraje eta, batez ere, musika mitifikatzeko. Disko honek, alde horretatik, aditzera ematen duena zuzena, fidela (barkatu adjektiboa) eta, ustez, bitartekaririk gabea da, eta asko nabaritzen da. Gozamena, hasiera hasieratik, kantariak etxeko sukaldean kantari dituzula ematen baitu. Bazegoen emaitza gehiago dulzifikatzerik, baina badirudi bestelako hautua egin dutela diskoa ekoizterakoan, edo hori antzematen da. Eskertzekoa.

Ezinbestekoa da, bikaina delako kantarien eta kantuen selekzioa; 34 kantari daude, garai, genero eta kantaera ezberdinetakoak. Ezagunak egingo zaizkizun aireak eta ezezagunak gertatuko zaizkizunak uztartzen ditu, eta une benetan hunkigarriak uzten ditu bidean; Pier Paul Berzaitz Zelüko izarren bidean kantatzen zuzen-zuzenean, Etxahun Iruriren Domeq mariñelaren heriotzearen grabaketa historikoa, oilo larrua jarriko dizun JohaneBarkozeren Desertür baten kantorea, edo Mixel Arotzenaren Plañü niz, edo...Erraietatik harrapatzen zaituen disko bat da, bidean bestela entzun ezingo zenituen hainbat grabaketa historiko ezagutzeko aukera ematen dizuna; Ximun Haranen 60ko hamarkadako hainbat grabaketa, edo Suhazia elkarteko artxibategitik jasotako harribitxiak, besteak beste.

Bai, disko hau ezinbestekoa da, zaila izango delako Jean Mixel Bedaxagar baino gidari hobea topatzea denboran eta musikan zehar egindako bidaia honetarako, eta entzuten ari zarena kokatzen eta estimatzen lagunduko dizulako, azalpen sinple eta zuzenekin.

Azkenik, batez ere, ezinbestekoa da, edo beharko luke izan, dokumentu historikoaren mugak gainditu eta disfrutatzeko moduko lana delako, horretarako musikologoa izan beharrik gabe. Beraz, ez hartu Züberoako kantariak hau garai bateko lekukotasun nostalgikoa ematen duen dokumentu gisara, baizik eta bizirik dauden kantuak eta kantaera hobeto ezagutzeko eta, bide batez, euskal musikaren bilakaera pixka bat hobeto ulertzeko tresna gozagarri bezala. Benetan, merezi du, disfrutatu etatopikoren bat edo beste astindu bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.