Elezkano II.a 14-22 Altuna III.a

Oker jarri zaiona ondo zuzendu du

Altuna III.a lau eta erdiko txapelketako finalerdietarako sailkatu da, Elezkano II.ari 14-22 irabazi baitio Bilbon. 9-1 galtzen hasi, eta gero 5-21eko partziala egin du

Altuna III.a atzoko partidan, keinu betean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 227.
Iraupena. 47.16 minutu.
Sakez. Elezkanok 2; Altunak 2. Egindakoak. Elezkanok 12; Altunak 15.Galdutakoak. Elezkanok 7; Altunak 2.
Markagailua. 5-0; 9-1; 9-9; 11-13; 12-16; 14-22.
Bestelakoak. Ikuslerik ez Bilboko Bizkaia pilotalekuan, COVID-19ari aurre egiteko neurriak tarteko.

Jokin Altuna balekoa da. Oraindik ez du aurtengo lau eta erdiko txapelketa irabazi, eta irabaziko duen ere ikusteko dago, baina lorpen oso baliotsua eskuratu zuen atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan: presioaren eta tentsioaren zama jasanezina kendu zuen gainetik. Buruz buruko finala galtzea kolpe latza izan zen harentzat, eta atzoko garaipenak ez dio gozatuko disgustua, baina buelta ematen hasteko balioko dio. Lau eta erdikoan, finalerdietan da berriz, Danel Elezkanori 14-22 irabazi eta gero.

Amezketarrak esan zuen ondoren: «Hanketatik-eta makal hasi naiz, tentsio handia nuelako». Hitzok esatean, gogoan izango zuen, seguru, atzoko hasierako partziala: 9-1 aurreratu zitzaion Elezkano II.a. Aurrea hartu. Gainetik pasatu. Eman bailezake Altuna III.ak egin zuela dena hasiera horretan, baita bizkaitarraren hasiera on ikusgarria sustatu ere, bere burua lotuta ekin ziolako partidari. Bakoitzari berea: Elezkanok bereak eta bi egin zituen hasiera horretan, eta eman egin behar zaio meritua; kendu ez, aurkaria onenean ez zegoelako. Altunak berak ederki kontatu zuen gero: «Danelek izugarrizko tantoak egin ditu».

Katalogoa atera, eta banan bana erakutsi zizkion Altunari tantoa bukatzeko dauzkan moduak: airez sartu zion bigarrena, aurrenekoa sakez egin ondoren; dejadaz bukatu zion hirugarrena; seigarrena, zazpigarrena eta zortzigarrena bi paretarekin amaitu zituen; eta bederatzigarrena zabalera luze jo zuen.

Garrasi bat entzuna zen ordurako pilotalekuan. Altunak egindakoa aurkariak zortzigarren tantoa sartu zionean. Zabalean zela, lurrean, jaikitzen hastearekin batera barrenak hustu zituen. Ordura arteko tartean, txintik ere ez. Ez zen Altuna orduko hura. Garrasiarena, bai. Oihu bortitza, barruko korapiloak askatzeko, eta Elezkanoren oparia amezketarrak bigarren tantoa egin zezan. Erabakigarria Zaratamokoaren ustez: «Asko asmatu dut hasieran, eta bera zalantzekin zebilen. Baina ez dut bukatu. Zabalera kanpora batere zentzurik gabe bota dut bolea, eta oparitu egin dio bigarren tantoa. Gero, partidan sartu da, lasaitu egin da, eta oso ondo jokatu du hortik aurrera».

Bai ondo ere. 0-8ko takatekoa sartu zion Altunak istant batean. Ohikoa izaten da horrelakoak gertatzea buruz buruko partidetan, baina ohikotasunak ez dio zailtasuna kentzen, inola ere. Tantoak egitera heltzeko, lagungarri egin zitzaion estrategia aldatu izana, berezko abileziaz gain: luze jokatzen hasi zen, Elezkano aurreko koadroetatik atzerago bota nahian. Arriskuak, tamainan. Tantoa eskura zuenean bakarrik halako lizentziak. Bueltan egin zizkion bizkaitarrari hark lehentxeago egindako guztiak: dejadak, bi paretak, airez bukatutakoak...

Beste partida bat zen hura. Hala ere, Elezkano ez zegoen jolaserako. 9na berdindu eta berehala, 11-9 aurreratu zen. Arnasa, kontra etorri zitzaion haize bortitzaren zurrunbiloan. Baina itomena azkar bueltatu zion aurkariak. Hiru tanto gehiago bakarrik egiteko gai izan zen Elezkano partida amaitu bitartean. 14 jartzen zuen markagailuko kolore gorriak akaberan. 22 urdinak. 11-9 hartatik 14-22ra sekulako koska dago, eta are handiagoa 9-1ekotik: 5-21eko partziala sartu zion Altunak. Garrasi eta garrasi artean, bizi-bizi eta dena bizitzen egin zuen partidaren bigarren erdia Amezketakoak. Orain, finalerdian, datorren asteburuan, Oinatz Bengoetxea dauka zain.

Ezkurdia-Artola, gaur

Beste finalerdian Erik Jaka dago sartuta, ostiral gauean Peio Etxeberriari estu irabazi ondoren (22-21). Aurkaria zein izango duen gaur jakingo du: Artola edo Ezkurdia. Eibarren ipiniko dira elkarren parean, 17:00etan hasiko den jaialdian. Iazko txapelduna da nafarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.