Musika. Sons of Apollo 'MMXX'

Kronologikoa

Diskoetxea: InsideOut Music.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Talentua erakargarria delako sortu zen Sons of Apollo superbanda estatubatuarra. Musika progresiboaren mundu liluragarrian zaildutako bost musikarik osatzen dute: Mike Portnoy, Derek Sherinian, Ron Bumblefoot Thal, Billy Sheehan eta Jeff Scott Soto. Beldurgarria da bakoitzaren esperientzia eta diskografia. Besteak beste, Dream Theater, Mr. Big, Guns N' Roses, Asia, Talisman eta Rising Force taldeetan ibilitakoak dira. Beraz, bertute ugari dituzte zeresana emateko elkarrekin konposatu dutenarekin.

Urte hasierako ezustekoetako bat da argitaratu berri duten MMXX bigarren diskoa. Hamarraldi hasierakoa ere bihurtu daiteke. Izan ere, kronologikoa da izenburuaren esanahia. Portnoy bateria jotzaileak aukeratu zuen; berak azaldu duenez, lehen diskoarekin izan zuten sentsazioa mitologikoa bazen, bigarrenarekin izan dutena futurista da. Sormena findu eta proposamen berritzaileagoa bilatu dutela azpimarratu du. Baita lortu ere.

Zortzi kantu ditu, eta ordubeteko iraupena. Esperimentazioari mugarik jarri gabe sorturikoak dira, eta aberasgarria da musika tresna bakoitzaren ekarpena pieza guztietan. Goodbye Divinity da lehena, eta, azkenarekin batera, izaera epikoena duena. Portnoyk argi utzi du bere iragan progresiboaren freskotasuna berreskura dezakeela. Aldiz, Thal gitarra jotzailea luzitzeko hard rock kantua da Wither to Black. Bihurrikeriak ere ez dira falta. Asphyxiation abestiak zoramena eragin dezakeen riff errepikakor bezain bikain bat du. Eta Sotoren ahots erregistro zabalaz gozatzeko balio du Desolate July balada indartsuak.

Pianoak aurkeztu du King of Delusion. Sherinian jaunak hatzekin marrazten duena pixkanaka gogortu eta korapilatzen da. Gauza bera gertatzen da Fall to Ascend eta Resurrection Day gordinagoekin. Iraupen luzeena duen pieza bukaerarako utzi dute: New World Today. Hamabost minutu luze da, eta superbandaren une gorena. Pasartez pasarte entzun, dastatu etabizi beharrekoa da. Egia esan,gustura geratu dira bost munstroak.

Elkarrekin 80tik gora kontzertu eman ondoren askatu dute bigarren diskoa, eta nabari da oso serio jarri direla. Metal progresiboa salbatzeko beharrik ez badago ere, horrelako erakustaldiak estimatzekoak dira. Estiloak izan dezakeen konplexutasuna arintzeko gaitasuna dute, eta baliteke entzule orokorraren belarriak ere tentetzea. Nolanahi ere, entzumena ondoen goxatuko dutenak metal zein rock progresiboaren jarraitzaileak izango dira. Baliteke horiek martxoaren 13a agendan borobildu izana. Bilboko Santana 27 aretoan ariko dira zuzenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.