Valter Lobo. 'Primeira Parte De Um Assalto'

Gozotasun dramatikoa

Diskoetxea: Brandit digital media.

Andoni Tolosa.
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Kantautore portugaldarrez ari garenean, nahitaez kontuan hartu behar ditugu, alde batetik, bertako herri musikarekin lotutako ildoaren eragina —Jose Afonso eta enparauen itzala luzea da—, eta, bestetik MPB, edo, hobe esateko, Brasilgo pop musikarena (Caetano Veloso...). Horretaz gain, bada aipatu beharreko hirugarren hari bat; pop eta folk anglosaxoiarekiko zubi zuzena egiten duena eta, batez ere, azken urtetan Europan sortutako kantautore berrien folk-popetik edaten duena.

Modu batean edo bestean, kopuru batean edo bestean, hiru eragin horiek agertzen zaizkigu Portugalgo kantautore gehienen jardunean. Hiru erpin horien artean kokatu beharko bagenu Valter Loboren jarduna, esan beharko genuke modu nabarmenean nagusitzen dela hirugarrena, eta disko honetako kantuak ia erabat lerratzen direla azken bi hamarkadetan, batez ere Ingalaterran, baina baita Frantzian edota Eskandinavian sortutako kantautore berrien ildo musikalera ere.

Primeira Parte De Um Assalto du izena Valter Loboren disko berriak, hirugarrena haren ibilbidean, eta balada gozoz zein erritmo ertaineko kantu dramatikoagoez beteta dago. Dena giro akustiko gardenez eta moldaketa sotilez jantzita. Gitarra akustikoak eta pianoak dira protagonista, eta, noski, kantariaren ahots fina, lelo gehienetan epikotasunez jantzi arren, disko osoan erregistro gozo eta samurrean dabilena. Maila bikaina dute kantuek, eta alderik dramatikoenean, adibidez, The Walkaboutsen balada mingotsak etorriko zaizkizu burura; gozoenetan, berriz, Piers Facciniren kantuen magia intimista aipa dezakegu erreferentziatzat.

Diskoa O Que O Sol Guardou kantuarekin hasten da; gitarra akustikoak erritmo geldo baina etenik gabea markatzen du, slide gitarrak country berritzailearen oihartzunak esnatzen ditu, eta kantaria hasten da; ahots fina du eta leloa hurbiltzen den moduan ia kristalezkoa bihurtzen da. Bals geldo bat da. Antzeko dinamikari jarraituko diote hurrengo Privilégio-k, oraingo honetan soinua da gitarra laguntzen duena, eta gora eta gora egiten duen beste lelo bat.

Folk-pop konbentzionalagotik edaten du Uma Melodia-k, melodia argitsua duen kantuak; diskoko alaiena, ziurrenik. Balada estandarra da Para T, pianoa eta ahotsa, besterik gabe. Fizeste-me Sonhar da hurrengoa, eta diskoa irekitzen duen kantuaren ildo berekoa, berriro ere slideak eta Crish Eckmanen itzala. Brillha Na Vida eta Fado Novo izan daitezke diskoan kanturik portugaldarrenak edo,beste modu batera esateko, melodikoki herri musika portugaldarrera gehien hurbiltzen direnak. Menina-Mulher da azken-aurrekoa, eta horrek ere amerikanatik edaten du. Diskoa ixten duen Desencanto harribitxi bat da; gitarra akustikoak eta perkusio elektronikoak bide ematen diote beste melodia dirdiratsu bati. Modu ezinhobea disko hau amaitzeko. Kantari eta kantugile bikainez betetako herrialdea da Portugal, eta estu jarraitzekoa izango da Valter Loboren ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.