Musika. Fiona Apple 'Fetch The Bolt Cutters'

Etxetik zorroztasunez

Diskoetxea: Epic Records.

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Bati baino gehiagori irakurri diot zortzi urteren ondoren Fiona Appleren disko berria guztiok etxetik atera ezinik gaudenean iritsi izanak ez dirudiela kasualitatea, guztiok libratuko gaituen lanaren itxura daukala, eta horregatik momentu egokian iritsi dela. Egia esan, gure errutinan sorpresaz azaldu zaigun etenaldi honetan, gure zentzumenak zorrozten eta pazientzia eta lasaitasuna lantzen ari gara, eta horrek Fetch The Bolt Cutters-en moduko harribitxiak dastatzeko parada perfektua eskaintzen digu.

Ibilbide musikala ia hamarkada oso batez gelditzea arriskutsua izan daiteke, batez ere muga oso goian jarrita utzi baduzu, eta publikoa inoiz baino zorrotzagoa bilakatzen badoa. Baina, zorionez, beti jakin izan du Fiona Applek bere pentsamendu eta printzipioak neurtu eta dagokien garrantzia ematen, inork esan diezaiokeenaz bereizirik. Izan ere, gaur egun, oro har musika zerrendetan goiko postuetan aurkitzen diren abestietatik urruti daude honakoak, inongo autotune, vocoder edo ad-lib bezalako efekturik gabe, ez baita ageri bi minutuko hit delakorik eta ez baitu inongo promoziorik egin. Baina horiek guztiek, kalte egin beharrean, lagundu egiten dute, jarraitzaile askoren ustetan, hamarrekoa merezi duen diskoa izaten, hasieratik bukaerara hamahiru abestitan entzulea adi mantentzea lortzen duelarik. Musikari newyorktarrak inoiz ez du beldurrik izan pentsatzen duena publikoki adierazteko, eta oraingoan ere For Her, Heavy Ballon edota Under The Table dira horren adibide; bere barne-pentsamendu gordin eta ilunenak azalduz, horietako lehenengoan Egun on, zure alaba jaio zen ohe berean bortxatu nauzu tonu alaian ere abestuz, kasik. Nahiz eta disko kontzeptuala ez izan, esan beharra dago emakumearen ahalduntzetik eta amorrutik sortuta dagoela, bizitzan jasan izan dituen erasoen emaitza nabarmena izanik, inongo konplexurik gabe konposatuz, bere musika entzuten duenaren garuna gezi batekin zeharkatuz bezala, eta, bide batez, inspirazio iturri izanez Angel Olsen eta Florence Welchen gisako hainbat musikarirentzat. Pop eta folk doinuak barnean daukan jazz ukituarekin nahastu ditu beste behin, eta lehen aipaturiko hitz zorrotz eta gordinak etxeko elementu ezberdinekin apaindu ditu; zakurren zaunkak ere ageri zaizkigu, poliki kozinaturiko diskoa dela erakutsiz. Pianoa instrumentu nagusia izan arren, perkusioa ere sartzen du noizbehinka, baina betiere Appleren ahotsari ematen zaion garrantzia itzaleratu gabe.

Zortzi urteko itxaronaldia luzea izan da, baina etxean poliki sortu eta ekoitzitako lan hau momentu ezin hobean iritsi zaigu, lehen aipatu bezala, gu ere etxetik ezin aterata gauden honetan zentzumen guztiak adi-adi izan baititzakegu lasaitasunez lan hau aztertu, preziatu eta gozatzeko, bat-batean azaldu baina nabarmenduen artean mantentzeko iritsi baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.