Audiobooks 'Astro Tough'

Freak-pop bikotea

Argitalpena: Autoekoizpena.

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Musikari buruzko AEBetako Brooklyn Vegan webgune ezaguneko Indie Basement atalean 2021eko 40 indie disko onenen zerrenda argitaratu berri dute. Sailkapen luze horretan orriotan jasotako hainbat disko aipatu dira, tartean, Arlo Parks britainiarraren Collapsed in Sunbeams, Ducks Ltd kanadarren Modern Fiction, Quivers australiarren Golden Doubt edo Sleaford Mods bikotearen Spare Ribs. Ranking horren tontorrean, baina, niretzat erabat ezezaguna zen Audiobooks bikote britainiarra kokatu da, Astro Tough izenburuko lanarekin. Bada, nire jakin-mina asetzeko asmoz, eta, bidenabar, nire sentsazioak zuekin partekatzeko, taldearen bandcamp-era jo dut eta taldearen inguruko nondik norakoetan murgildu naiz.

David Wrench musikari eta ekoizle famatuak eta Evangeline Ling abeslariak osatzen dute Audiobooks, eta 2018an beren estreinako grabazio luzea argitaratu zuten, Now! (in a minute). Disko hori plazaratu zuen zigiluaren webguneak pop-freak jeniotzat jotzen du Wrench, eta, egia esan, bere eskuetatik igaro diren sortzaileen izenei erreparatuz gero, argi dago indie pop garaikideren soinuaren azti laudatuenetakoa dela, besteak beste, David Byrne, Caribou, The xx eta FKA Twigs. Halere, lehenengo grabazio horretan, zeinetan 1980ko hamarkadako sinth-pop eta disco erritmoak uztartzen ziren, ez zuten beren soinu propioa lortu, mimetikoegia baitzen.

Astro Tough hau, berriz, beste kontu bat da, batez ere, Lingek abesteko modua asko hobetu duelako, tarteka, The Fall-eko Mark E. Smithen estilora hurbilduz. Indie Basementek bikain deskribatzen du abeslariaren aparteko eta ezinbesteko lana, taldearen garapenaz jabetzeko: «Bera da kola, bihotz taupakaria, gremlin bihurria, neska goiztiarra eta abesti bakoitza elektrifikatzen duen Audiobooksen zaldi basatia».

Wrenchek, bere aldetik, post-punk giro itzaltsuagoak landu ditu erritmo dantzagarriei eta melodiei bizkarra eman gabe. Era berean, soinua dirdiratsuagoa eta bateratuagoa lortu du. Halaber, kantuak biribilagoak dira, pop doinuen egituretara egokituak.

Emaitza askotarikoa da, baina adiktiboa, eta konposatu kimiko horretan hamaika elementu kausituko ditu entzuleak: synthpop, postpunk, spoken word, kraut, disco, techno, dub eta reggae, glam... Bai eta The Fall bandaren itzal luzea ere, nola edo hala disko osoa estaltzen baitu, betiere, emakumezko ahotsetik eta ekoizlearen ahalmenetik iragazia.

Hala, The Doll eta Black Lipstick elektronika dantzagarrian iltzatu daitezke; First Move Japanese Breakfasten kalitatezko mainstreamera gerturatzen da; Driven By Beef post punk aldarri histerikoa da, eta The Farmer, azken abestia, pianoan oinarritutako pop balada da. Diskoaren gailurra baina, English Manipulator da, itzela: Lingek Mark E. Smithen manerak bereganatzen ditu, eta Wrench gai da tecnoa dub giroekin nahasteko.

Plisti-plata aritzeko lokatz zikin, lodi eta atsegina da Audiobooksena. Indie Basementen aburuz: «Bilatzen ari zaren benetako jenio xelebreak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.