The Bamboos 'Hard Up'

Funk eta soulean dantzan

Diskoetxea: Pacific Theatre.

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Hobe berandu inoiz ez baino dioen esaera ezagunarekin guztiz identifikatuta sentitu naiz The Bamboos talde australiarra ezagutu berritan. Irratian aurrerapen gisa argitaratutako Black Boxen Ride on Time abestia entzun eta izugarri gustatu zitzaidanez, banda berri bat zenaren ustetan, informazio bila hasi eta oraintxe argitaratu duten Hard Up diskoa euren ibilbideko hamargarrena dela ikusi dut. Ordutik, aurrekoak ere pixka bat entzuten aritu arren, oraindik ibilbide luze eta oparo batek emandako asko gelditzen zait ezagutzeko.

Aipaturiko Ride on Time aurrerapen kantu hori euren estilora bikain ekartzea lortu dute, abestia berrasmatuz, organoarekin erritmoa gogortuz, baxua gorenean mantenduz, haizezko hiru instrumentuz entzulea harrapatuz, eta Kylie Auldisten ahots indartsuarekin lagunduz. 11 abestiz osatutako diskoa ildo beretik doa, lan borobil bat lortuz. Power Without Greed-en, esaterako, soinu sendo eta indartsua, wha-wha efektudun gitarrak, bateria irmoa, haize instrumentuekin sorturiko riff-ak, bere lekuan mantentzen den korua, eta Auldisten ahotsa nabarmenduz, hemen ere. Diskoari izena ematen dion abestian ere ageri zaigu Kylie, funk dantzagarri doinuei ahotsa jartzen. Orokorrean begiratuta, funka da nagusi lan osoan, Tomorrow, Nothing I Wanna Know About edota Upwey Funk instrumentala kasu, baina Hard Up honetan beste zapore batzuk ere aprezia daitezke. I Just Heard You Leaving-ek AEB hegoaldeko soul balada klasiko bat dirudi, eta The Thing About You itsaskorrak ere souletik gehiago du, iparralderagokoa badirudi ere. Abeslari nagusi den Kylie Auldistekin batera, beste gonbidatu batzuk izan dituzte honakoan: Durand Jones, Joey Dosik eta Ev Jones. The Indications taldeko lider den Durand-ek If Not Now (Then When) bikainean hartu du mikrofonoa, Los Angelesko Joey Doskek It's All Gonna Be OK gozoaren lidergotza darama, eta Ev Jones australiarrak While You Sleep zoragarrian jarri du ahots nagusia, hain emaitza aparta lortuz, zeinen hirurak soul bilduma batean nabarmenduriko kantuak izan zitezkeen.

Jada 21 urte pasatu dira Lance Ferguson gitarristak beste zortzi kiderekin taldea sortu zenetik, eta hastapenetan 1960ko eta 1970eko hamarkadetako raw funk instrumentala delakoarekin hasi baziren ere, taldea sendotzen joan zen heinean norabidea aldatu, eta Auldistek ahots nagusiaren lekua hartuz funk dantzagarri eta soul doinuen artean finkatu ziren. Zaila izaten da ildo bera mantenduz lan bakoitzean zerbait berria asmatu eta eboluzionatzen joatea, baina —oraindik entzuteko asko falta bazait ere— badirudi Melbourneko taldeak hori lortu duela; hamargarren lanean talde hasiberri baten freskura eta 21 urte eszenan daramanaren eskarmentu eta heldutasuna konbinatzen baitu, disko paregabe bat osatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.